Greba orokorra. Feministen analisia

Besoko morea du greba orokorrak

Zazpi urtean ez da greba orokorrik izan Euskal Herrian, baina azken bi urteetan Martxoaren 8an grebara deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak. Protesta horietatik ikasitakoa gogoan, osteguneko grebak beharko lituzkeen oinarrien inguruan aritu dira Berria FM podcast feministan.

Joan den urteko greba feministako manifestazio erraldoia, Bilbon, Martxoaren 8an.
Joan den urteko greba feministako manifestazio erraldoia, Bilbon, Martxoaren 8an. LUIS JAUREGIALTZO Tamaina handiagoan ikusi

Maider Galardi F. Agirre -

2020ko urtarrilak 28

«Argudio arrazional guztietatik harago, badago aldagai emozional hori ere: horrelako egun batean kalera irten, eta indar hori, gu hori, kolektibotasun hori sentitzea. Elkarrekin gauzak alda ditzakegula sentitzea». Maialen Aranburu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kidearen hitzak dira, osteguneko greba orokorraren inguruko urduritasunaren erakusgarri. Baina urduritasunarena soilik ez, grebaren zentzua eraldatu izanaren ikur ere badira hitz horiek: emozioei buruz ari dira grebaren antolatzaileak eta babesleak. Emozioez, sektore feminizatuetako borrokaldiez eta emakumeek andre izateagatik duten prekaritateaz, besteak beste. Greba orokorren gudu zelaia ere aldatu dute feministek: enplegu eta kontsumo arloetatik harago, zaintzaren esparrura eta etxeko lanen eremura ere zabaldu dute protestaren zentzua. Azken bi urteetako greba feministetan dago ernamuina, eta, osteguneko greban protesta horien ikaspenak isla daitezen, buru-belarri ari dira Ana Mezo Oneka emakume pentsiodunen plataformako kidea, Naia Torrealdai mugimendu feministako kidea eta Aranburu bera.

Joan den udazkenean iragarri zuen greba orokorra Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, eta orduan nabarmendu zuten «lan, pentsio eta bizitza duinen» aldeko protesta izango dela. Hortaz, ikuspegi feminista hasieratik egon da presente datorren osteguneko greba orokorraren lanketan. Hala dio Aranburuk, Eskubide Sozialen Gutuneko kideak: «Egungo egoera ekonomiko eta soziala ez da jasangarria. Lan, pentsio eta bizitza duinak eskatzen ditugu, eta azken urteetan hiru eremu horietan atzerakada izan da. Prekaritatearen gorakada, ordea, lan eremu formaletik haragokoa da: bizitzaren beraren iraunkortasuna jartzen du kolokan. Horregatik, gutuneko kide garen eragileok eta sindikatuok argi dugu bestelako sistema bat behar dugula: zaintzak eta bizitzak erdigunean jarriko dituena».

Abendu erdialdean egin zuen Euskal Herriko mugimendu feministak bilera bat, greba orokorraren inguruan zer jarrera hartu zehazteko, eta erabaki zuten mobilizazioak babestea eta greba orokorra egiteko deia zabaltzea. Greba orokorra feminista izango da leloarekin, dei egin dute Martxoaren 8ko ikaspenetatik grebaren zentzua eraldatzeko eta protesta egunaren prestaketan modu aktiboan parte hartzeko: «Azken bi urteetako Martxoaren 8ko greben ostean, ikusi genuen gutunaren deialdiari babesa eman behar geniola feminismotik. Azken finean, Gutunak egiten dituen eskaerak erabat zilegi dira. Gainera, emakume izanda, are arrazoi gehiago dugu greba orokor horretan parte hartzeko eta geure buruak grebalari gisa irudikatzeko. Horregatik, garrantzitsua da greba egunean geure aldarrikapenak kalean egotea, bai emakume gisa, bai langile moduan», azaldu du Torrealdaik.

Grebarako deialdia egin ez, baina protesta babestuko dutela adierazi du Oneka plataformako kide Mezok: «Grebarako arrazoi asko daude, eta argi dago gure plataformaren eskaerak grebako aldarrikapenen berdintsuak direla. Gainera, andre gisa, behar dugu. Bi urte daramatzagu pentsiodunok kalean, eta ostegunekoa jauzi kualitatibo bat izango da. Are gehiago andreontzat. 70 urtetik gorako emakumeak ikusezinak izan dira beren bizitza osoan, eta orain ere hala dira. Greba honek eragina izango du andre horien ikusgaitasunean».

Arazo eta arrazoi propioak

Izan ere, hiru ekintzaileek uste dute andreek desberdinkeria jasaten dutela bai enplegu arloan, bai pentsioetan, bai bizi kalitatean. Usteak ez ezik, datuak ere jarri dituzte mahai gainean: «Lau emakumetik batek lanaldi partziala du, baina, uste izaten denaren kontra, ez da aukera boluntarioa; soldata eta pentsio arrakala ere izugarria da; pobrezia egoeran daude emakume gehiago...», azpimarratu du Aranburuk. Mezok, berriz, emakume pentsiodunen egoera esplikatu du: «Euskal Autonomia Erkidegoan, bakarrik bizi dira 65 urtetik gorako 106.000 andre inguru. Eta bakardadeak arazo asko sor ditzake. Bestalde, bikotekidearekin bizi direnek ere sarri dute lotura ekonomikoa beren bikotekide gizonekin, eta, hortaz, ez dira autonomoak. Gainera, emakume alargunen laurdenak ez dira iristen 500 euroko soldatara. Hori indarkeria ekonomikoa da. Ezinezkoa da horrela negua pasatzea».

Eskubide Sozialen Gutunak aldarrikapen taula bat argitaratu du, greba orokorrarekin bat doazen eskaerak biltzen dituena, eta, beste hainbat aldarrikapenekin batera, emakumeei eragiten dieten arazoen inguruko zenbait neurri proposatu dituzte. Besteak beste, hauek: soldata eta pentsio arrakala ezabatzea, etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea, etxeko langileen erregimen berezia deuseztatzea, eta sexu, jatorri, ideologia, sexu identitate eta arazu kanpoko funtzionaltasunekin lotutako kontratazioetako «prekarizazio formulak» kentzea.

Izan ere, Torrealdaik oroitarazi du sistemak duen «erro heteropatriarkalari» erreparatu behar zaiola kapitalismoari aurre egiteko: «Sistemak behar ditu gizon eta emakumeen rolak, kapitala ekoizten segitzeko. Erreparatu beharko genieke, esaterako, ez soilik zaintza lan ordainduei, baizik eta dohainik egiten den lan horri guztiari ere».

Horregatik, eskaerak propioak ez ezik, grebaren eta langile borrokaren kontzeptuak berrasmatu behar direla iradoki dute Torrealdaik, Mezok eta Aranburuk.

Kontzeptuak birpentsatu

«Mugimendu feministak mahai gainean jarri du zer den bizitza duinak defendatzea», nabarmendu du Torrealdaik. Haren iritziz, grebaren eta langile klasearen esanahiei beste begirada bat eman beharko litzaieke: «Langilearena subjektu anizkoitza da. Lanaren ulerkera klasikoaz hitz egiten dugunean, lana eta enplegua parekatzen ditugu. Feminismoak ulerkera hori zabaldu du: lana ez da bakarrik diruz ordainduta dagoena; badaude esfera erreproduktiboan sartzen diren beste eginbehar batzuk ere».

Ez hori bakarrik: grebaren borroka eremua zabaldu dela ere oroitarazi du Aranburuk. «Lehen aldiz, Euskal Herrian enplegu arlotik kanpoko beste espazio batzuetara ere zabaldu dugu greba». Izan ere, soldatapeko lanen esparruan lanuzteak antolatzeaz gain, zaintza eta kontsumo arloan ere egin dute grebarako deia, eta, gainera, ikasleek eta pentsiodunek ere dei egin dute osteguneko protestara. Eraldaketa hori ulertzeko, azken urteetan herri mugimenduek hartu duten garrantziari erreparatu behar zaiola ohartarazi du Mezok.

Bestalde, aldarrikapenen jo-puntuan, patronalaz gain, bestelako instituzio publikoak eta gizarte egiturak ere badaudela azaldu du Torrealdaik: «Patronalaz hitz egiten dugu, baina zer da patronala? Oso garrantzitsua da planteatzea familiak kontrol instituzio gisa nola jokatzen duen». Bat egin du Aranburuk ere: «Aldarriak patronalari egiten dizkiogu, baina baita erakunde publikoei ere: Espainiakoei, eta euskal erakundeei ere bai». Haren ustez, Euskal Herrian ez ezik, munduko hainbat herrialdetan badago «sistemari erantzun global bat» emateko gogoa.

Sistema berri horrek, ordea, «zaintza eta bizitza erdigunean» jarri beharko lituzke, hiru ekintzaileen ustez, eta aitortu dute horrek beren eguneroko jardunean eragina duela, esparru guztiak blaitzen dituela. Hala dio Aranburuk: « Eragile guztiok gaude interpelatuta, genero ikuspegitik berrikuspen bat egiteko. Baita sindikatuak ere».

Hiru ekintzaileek uste dute bide hori urratzeko aurrerapausoak eman dituztela azken urteetan, nork bere arloan .

Ikaspenak eta erronkak

Izan ere, azken urteetan plaza hartu dute mugimendu feministak eta pentsiodunek, eta, Aranbururen arabera, borroka sindikaletan ere gora egin dute esparru feminizatuetako protestek: «Lan gatazka indartsu eta garrantzitsuenak sektore feminizatuetan izan dira. Indartsuak zentzu askotan: ahalduntze prozesu ikaragarriak bizi izan ditugu, eta azken bi greba feministak mugarria izan dira».

Mezok, Aranburuk eta Torrealdaik, hirurek parte hartu dute aurreko greba feministetan, eta orain buru-belarri ari dira osteguneko greba orokorra prestatzen. Besteak beste, Mezok uste du protesta horietatik ikaspenak hartu eta urratsak egin behar direla: «Azken urteetan borroka bakoitza bere aldetik joan da, atomizatuta egon dira borrokak. Orain, horiek bateratzeko ordua da. Eraldaketa sozialerako pauso oso garrantzitsua izan daiteke hau. Hori da bidea».

Horregatik deia egin dute grebalari andreek besoko morea jartzeko, norberak bere esparrutik eragiteko, eta grebari feminismotik heltzeko. Aranburu: «Ez dago feminismorik klase ikuspegirik gabe, ezta klase borrokarik ere feminismorik gabe».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

PCR proba bat, Indian. Bigarren herrialde kaltetuena da hura. ©SANJEEV GUPTA / EFE

Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak

Iosu Alberdi

AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.

Konfinamendua ezarri zuten Azkoienen. ©Idoia Zabaleta / Foku

Hegoaldeko kasuen erdiak baino gehiago, Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 603 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian; Nafarroan atzeman dituzte horietatik 318. Halaber, bi pertsona zendu dira birusaren ondorioz.

Maria Txibite, agerraldi batean. ©Jesus Diges / Efe

Txibitek esan du egoera «kontrolatuta» dagoela Nafarroan

Arantxa Iraola

Positibo «asko» izan arren konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna