TXERRIEN EUSKAL ABIZENAK

Euskal txerria arrazako 4.500 bat abelburu hazten dituzte urtean Euskal Herrian. Desagertzeko zorian egon da, baina orain kalitatezko produktu bihurtu da. Sor-marka dauka Iparraldean 2016tik: Kintoa. Hegoaldean ez dago, baina elkarlanerako aukera ikusten dute mugaren bi aldeetan.

Euskal txerria arrazako txerriak Lorentzo Sarratearen Elizondoko baserrian, Ernauteneko bordan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Mirari bat da euskal txerriaren historia. Ustekabeko bidea egin du euskal txerria deituriko arrazak: ia erabat desagertzeko zorian zegoena, delicatessen produktu bihurtu da. Patu beltzagoa izan dute bertoko beste bi txerri arrazek, desagertu egin baitziren joan den mendean: Gasteizko muturmotza eta Baztango txerria. 1929an, 158.000 euskal txerri zeuden erroldatuta, baina 1980ko hamarkadan, 25 baino ez ziren geratzen. Ez zen arraza produktiboa, haztegi erraldoietan gizentzen dituzten txerri industrialekin konparatuta: kume gutxiko umealdiak izaten ditu, eta gantz eduki handia dauka. Gaur egun, aldiz, 4.500 inguru euskal txerri ari dira gizentzen Euskal Herrian.

Kasualitatez salbatu zen arraza, Ipar Euskal Herrian. Pierre Oteiza laborari baxenabartarrak Parisko azoka batean aurkitu zituen bizirik zeuden aleak, 1980ko hamarkadan: Aldudera ekarri, hazi eta ugaldu egin zituen.

2016an, hamabost urteko lana egin eta gero, Iparraldean lortu zuten Parisek onartzea euskal txerriaren sor-marka, Kintoa izenekoa. Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko mugako mendialdearen izenak eman dio deitura.

Kintoak 231 udalerri biltzen ditu: Ipar Euskal Herrikoak dira 157, Biarnokoak 69 eta Landetakoak bost. Soilik euskal txerri arraza lantzen dute, eta hektarea bakoitzean ezin dira 35 txerritik gora egon landan eta 25etik gora basoan. Txerriak tokiko zereal pentsuz elikatzen dituzte, eta gehienez urtebetera hiltzen dituzte, kanalean gutxienez 100 kilo eta 25 milimetroko gantz lodiera dutenean. Xingarra, gutxienez, hamasei hilez ontzen dute.

Guztira, 3.000 inguru txerri hazten dituzte jatorri izenarekin, eta 600 bat zerrama dauzkate kumeak egiten. «3.000 txerri mozkin txikia da», esplikatu du Mixel Ozafrainek, Bankako auzapez eta Euskal Txerria elkarteko kideak. «Baina sor-markarekin ezagutza eta omena emendatu da. Gehiena Ipar Euskal Herrian saltzen dugu, baina baditugu saltokiak ere Parisen eta Bordelen».

Ondo zaindu nahi dituzte produktua eta merkatua. «Asmoa da, ahal bezainbat, saltoki handietan ez saltzea, baizik eta zuzenean saltzea. Harakin txikien sare bat izan nahi dugu, haientzat kalitate handiko produktua garelako», azaldu du Ozafrainek.

Laborari berriak hurbiltzen

Bi urte dauzka jatorri izenak, eta dagoeneko ari dira igartzen onurak. «80 inguru laborari dabiltza txerriak hazten Iparraldean. Emeki-emeki ari dira goiti, sor-marka sortu zenetik hamabost bat laborari berri sartu dira».

Euskal txerriaren negozioak dirua ematen duela dio Ozafrainek, nahiz eta laborari gehienek badituzten bestelako negozio osagarriak beraien etxaldeetan: «Orainere pixka bat irabazten da, baina negozioa errentagarriagoa eta seriosagoa izanen da luzaroan».

Sor-markan bi produktu dauzkate: txerriaren haragi freskoa eta xingarra edo urdaiazpikoa. Bada, elkarteak erabaki du xingarraren prezioa garestitzea, laborariei gehiago pagatzeko. Bost urtez igoko dute prezioa, urtez urte, 2020ra arte. Gaur egun, batez beste, kiloko 3,71 euro da prezioa, eta urtero zazpi zentimo garestituko dute.

«Sor-markari esker erosleak badu ezagutza, eta pixka bat kariotu dugu xingarra, eta horrekin entseatzen gara ordaintzera parte bat laborariei. Hori da helburua epe laburrean». Epe luzerako, halaber, badituzte beste helmuga batzuk ere: euskal txerria arraza bakar gisa liburu genealogiko bakar batean biltzea Hego eta Ipar Euskal Herrian, eta sor-marka bateratu bat izatea.

Liburua eta izena, gakoak

Hego Euskal Herrian arrazako 1.300-1.400 abelburu inguru eta 200 bat zerrama daude, gehienak Nafarroan. Alabaina, Hegoaldean ez dago jatorri izenik euskal txerriarentzat, eta ez daude liburu genealogiko batean sartuta, nahiz eta Espainiako Nekazaritza Ministerioak aitortu euskal txerriaren arraza: desagertzeko arriskuan dagoen arraza autoktonotzat dauka katalogatuta.

Mugaren bi aldeetako laborarien elkarteek egin dituzte bilera batzuk, eta elkarlanerako borondatea badagoela dio Ozafrainek. Hegoaldeko bi gobernuek ere ikusten dute aukera bide bateratu bat egiteko euskal txerriarekin.

«Arraza bat izanik, liburu genealogiko bakarra egitea litzateke egokiena, eta badago borondatea, baina bi buruhauste nagusi daude», esplikatu du Imanol Errekondok, Intia Nafarroako nekazaritzako elikagaien teknologia eta azpiegituren institutuko albaitariak. Honako hauek dira bi zailtasunak: batetik, liburu genealogiko bateratua egitea, eta, bestetik, arrazaren izena.

Liburu genealogikoa funtsezkoa da animaliak sistematikoki erregistratzeko, haien arraza eta genetika ziurtatzeko. Kontua da Iparraldean eginda daukatela liburua, eta Hegoaldean ez. Iparraldeko txerrien jatorria ziurtatuta dago, baina Hegoaldeko zerrama askorena ez, eta aketzena ere ez. Badakite euskal txerri arrazakoak direla, baina liburuan sartzeko haien aurreko bi belaunaldiak ezagutu behar dira. «Iparraldetik ekarri beharko lirateke onartutako aketzak, eta Hegoaldeko zerramekin gurutzatu, eta hirugarren belaunaldi batean ja arrazakotzat onartuko lirateke zerrama horiek», dio Errekondok.

Zehaztu du oraingo zerramak liburu genealogiko osagarri batean sartuko liratekeela, baina apoteak edo aketzak ez. Ohikoa dela dio Errekondok: «Arraza guztietan gertatzen da».

Izenari dagokionez, Kintoa sor-markako txerriaren arraza, ofizialki, pie noir du Pays Basque da, frantsesez. Aldiz, Hegoaldeko deitura ofiziala, Espainiako Gobernuak onartutakoa, euskal txerria da, euskaraz.

Beraz, izenak ez datoz bat. Frantsesezko deiturak animaliaren azaleko orban beltzei egiten die erreferentzia; hain zuzen, euskaraz nabar beltza ere deitzen zaio euskal txerriari. «Arazoa da, Hegoaldeko baserritar batzuen ustez, euskal txerri izena galtzeko arriskua legokeela», azaldu du Errekondok.

Sor-markaren beharra

Bi arazoak, bai liburu genealogikoarena bai izenarena, konpontzeko modukoak dira, sektoreko eragileen iritziz. Gainera, Europako legedia ere alde daukatela gogora ekarri du Errekondok. «Orain dela gutxi etorri da legedi bat Europatik: arraza bat bi estatutan badago, liburu bakarrean joan behar da, eta are gehiago desagertzeko arriskuan badago».

Badabil Kintoa elkarteko teknikari bat Hegoaldeko etxaldeetan euskal txerriak katalogatzen: Nafarroakoak egin ditu, eta Gipuzkoatik pasatzekoa da laster. Kintoak 14.000 euroko diru laguntza eskatuta dauka Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdean lan horretarako. Teknikaria ez dabil liburu genealogiko bateratua egiten, baizik eta Hegoaldeko aziendak katalogatzen: aztertzeko ea zer baldintza leudekeen gerora liburuan sartzeko.

Bide luzea dago egiteko. «Nahikeria handia behar da, seriostasuna», dio Ozafrainek. «Baina egiten bada, lortzen ahal dugu. Eta badira Hegoaldean biziki motibatuak horrela hartzeko. Esperantzarekin goaz».

Lorentzo Sarratea da motibatu horietako bat. Zazpi urte daramatza euskal txerriak hazten Elizondoko bere baserrian, Ernauteko bordan. Hamar zerrama dauzka, eta aketz bat, eta 80 txerri gizentzen.

Kintoa elkarteko kidea da, baina ezin du erabili sor-marka, mugaz beste aldekoa delako. Iparraldekoen eran hazten du txerria, han jaso duelako formakuntza. Horren falta sumatzen du Hegoaldean: «Ez badauzkazu arau batzuk, edozeinek ahal du egin edozer euskal txerriaren izenean. Araudi bat behar dugu, eta formakuntza». Badu itxaropena.«Iparraldekoak gai dira poliki-poliki urrutira iristeko. Hegoaldean, aldiz, kolektiboki ez dugu ezer, hemen garelako indibidualistak. Baina, orain, badago jendea konturatu dena kolektiboki joan gaitezkeela urrunago».

Nafarroan, bere kabuz eta sor-marka baten aterkirik gabe, urrutien joan dena Maskarada da, Lekunberriko Jose Ignacio Jauregiren proiektua. Euskal txerriaren arraza biziberritzeari ekin zion 2001ean, «haren haragiaren esklusibotasun eta kalitatearen aldeko apustua eginda». Gaur egun, 110 zerrama dauzka, eta hamabi apote, eta urtean 1.000 txerri gizentzen ditu. Lekunberriko fabrikan prozesatzen ditu txerrikiak, freskoak eta onduak, eta Salamancan (Espainia) ondutako urdaiazpikoak ere bertan gordetzen ditu. Fabrikaren behealdean jantokia dauka, erabat txerrian oinarritutako menuarekin.

Jauregik begi onez ikusiko luke euskal txerriaren sor-marka bat osatzea, baina errealista dela dio: «Arbitraje bat behar da, denok ados jartzeko». Bestalde, azpimarratu du arraza bera hainbat eratan landu daitekeela: «Iparraldean ez dute sustatzen koipea; Maskaradan, aldiz, bai. Haien urdaiazpikoa eta gurea ezberdinak dira, nahiz eta arraza bera izan. Guk haiek baino urtebete gehiago edukitzen dugu urdaiazpikoa ontzen».

Bestelako txerriak

Izan badira Euskal Herrian beste txerri izendapen batzuk, industrialki hazitako abererik ez darabiltenak: Baserriko Txerri Eusko Labelduna eta Basatxerri. Basatxerri markarekin 34 ekoizle dabiltza, eta horiek dira labelduna ere egiten dutenak, Iker AlberdiBasatxerriko kide elorriarrak kontatu duenez. Kanpoan eta pentsu naturalez hazten dute txerria, baina ez da bertako arrazakoa: aketzak Dudoc kanadarrak dira, eta zerramak, Landrace eta Large White arrazen nahasketa. Urtean 10.000 txerri hiltzen dituzte Basatxerrikoek, eta produktuak nagusiki Hegoaldeko denda txikietan saltzen dituzte.

Alberdiren esanetan, euskal txerriaren sor-marka Euskal Herri osora hedatzea ez litzateke mehatxu bat Basatxerrirentzat. «Gure txerria, kalitatez, txerri iberikoaren eta industrialaren artean dago. Eta euskal txerria iberikoaren lehiakide zuzena da: gantz gehiago dauka, eta askoz gehiago kostatzen da hazten. Ez daukagu merkatu bera, ez gara lehiakideak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.