Bat finalean izango da

Osasunak eta Athleticek elkarren aurka jokatuko dituzte Espainiako Kopako finalerdiak. Hortaz, euskal talde bat finalean arituko da

Oscar de Marcos eta Moi Gomez, lehian Athleticek eta Osasunak San Mamesen jokatutako derbian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Real Madril eta Bartzelona ekiditea zen Osasunaren eta Athleticen helburua, eta zortea alde izan dutela esan daiteke. Euskal derbia izango da Espainiako Kopako finalerdietan, eta, hortaz, euskal talde bat izango da finalean. Orain arte ez bezala, bi partidatan erabakiko da kanporaketako irabazlea; hau da, bi taldeek etxean eta etxetik kanpora jokatuko dute, zozketak erabaki duen hurrenkeran. Sadarren jokatuko da joaneko partida, otsailaren 28an, edo martxoaren 1ean edo 2an; eta itzulikoa, apirilaren 4an, 5ean edo 6an, San Mamesen. Duela hilabete eskas jokatu zuten bi taldeek ligako partida, Bilbon, eta 0-0 amaitu zen. Kanporaketa irabazten duenak Sevillako La Cartujan jokatuko du finala, maiatzaren 6an, eta Real Madril edo Bartzelona izango du aurkari.

Hemezortzi urteren ostean itzuli da Osasuna Kopako finalerdietara, eta Sadarrek beste gau eder batekin gozatzeko aukera izango du. Tartean bigarren mailako gaziaz sufritu ostean, final batean egoteagatik lehiatzearen gozoa dastatuko du orain. Sevilla menderatu zuten iragan astean Sadarren (2-1), Ez Abdek luzapenean sartutako gol bati esker, eta aurretik Fuentes (1-4), Arnedo (1-3), Tarragonako Nastic (1-2), eta Betis (penaltietan) kanporatu ditu Jagoba Arrasateren taldeak.

Arrasatek honela baloratu zuen neurketa: «Ilusio handia dugu, eta amaierara arte borrokatuko gara kanporaketa honetan ditugun aukerak baliatzeko. Kanporaketa ederra da, derbia; badakigu haiek ohituta daudela partida eta kanporaketa hauek jokatzera eta final askotan egon direla». Hala ere, argi dauka etxeko lehenengo partida aprobetxatu beharko dutela: «Sevillaren aurkako giro bera espero dut. Badakigu etxean jokatuko dugula, gainezka dagoen Sadar batean, eta giro bikain hori baliatu behar dugu».

Athletic, berriz, final-laurdenetan Mestallan 1-3 irabazita sailkatu da finalerdietarako, eta, aurrez, Alzira (0-2), Sestao River (0-1) eta Espanyol (1-0) utzi ditu bidean. Zuri-gorriek laugarren urtea dute jarraian Kopako finalerdietan. Lehiaketa kuttuna dute Kopa, bertan eman baitute mailarik onena azken urteetan. Gaizka Garitanorekin eta Marcelino Garcia Toralekin finalera iristea lortu zuten, nahiz eta bi finaletan Marcelino izan zen aulkian eseri zena.

Berezia izango da kanporaketa Valverderentzat. Athleticeko prestatzaileak 2015ean jokatu zituen Athleticekin Kopako finalerdiak. Orduan Espanyoli irabazi zion Athleticek, eta Bartzelona izan zuten aurkari Camp Noun. 3-1 irabazi zuten Kataluniakoek.

Valverdek ere bi partida gogor espero ditu, baina bigarren partida etxean jokatzen duenak «abantaila bat» eduki dezakeela dio: «Luzapena izanez gero, 30 minutu gehiago joka ditzakezu zure ikusleekin». Hala ere, bi partidak ondo prestatu behar dituztela ohartarazi du: «Final batera pasatzeko, bi partida handi egin behar dira, eta ez du balio partida on bakarra egiteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.