Aizkorak zorrozteko garaia dute

Sei aizkolarik Sherpa. Ai Txapelketa Nagusiko finala jokatuko dute bihar, Miribillan. Beren aldetik antolatutako lehia da. Orain arteko lan berberak egingo dituzte, hamabi enborrekin

Lehiarako prest. Sei aizkolariak finalaren aurkezpenean. SHERPA AI.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Ez nahi zuten egunean, ezta nahi zuten baldintzetan ere, baina heldu da. Bihar jokatuko da Sherpa.Ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala, Bilbao Arenan. Miribillak hartuko du aizkolariek beren kabuz antolatutako lehendabiziko txapelketaren hitzordu erabakigarria (12:00, ETB1). Sei lagun ariko dira federazioaren abarotik kanpo antolatutako lehiaketaren garaikur bila. Iker Vicentek, Mikel Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Aitzol Atutxa Atutxa II.ak, Jon Irazuk eta Eneko Otañok hartuko dute parte. Guztiek ere «urteko saiorik garrantzitsuena» dela adierazi dute bezperako egunetan, eta hura prestatzen eman dituzte azken asteak. Aurretiazkolanketez enpo eginda, aizkorak zorroztu eta beren onena emateko garaia iritsi zaie.

Irailean Euskadiko Herri Kirol Federazioaren txapelketan aritzeari uko egin, eta beren bide propioari ekin zioten aizkolariek. Orduko haizeek ekarri dute oraingo lehia. Aurrez, joan zen urriaren 24an jokatu zen finalerako sailkatzeko kanporaketa, Zestoan (Gipuzkoa). Orduko hartan Mikel Larrañagak egin zuen denborarik onena (18.46), Iker Vicenteren aurretik. Azken horrek eskuratu zuen iaz federazioak antolatutako Euskal Herriko Txapelketa.

Aldaketak aldaketa, kirol arloan lehengoari eutsi zaio Sherpa.Ai Txapelketa Nagusian. Lehen mailako hamabi aizkolariek egin zuten molde berrian parte hartzeko hautua, eta kanporaketako sei onenek egin dute finalerako jauzia. Ezagunak dituzte egin beharreko lanak: launa kana-erdiko [54 ontzako enborra], 60 ontzako eta oinbiko [72 ontzakoa] ebakitzea. Azkarrenak irabaziko du; 40 minutu inguruko lana izan ohi da, eta aurrez halakoak egindakoak dira guztiak.

Jardun hori ondo baino hobeto ezagutzen dute Iñaki Azurmendik (Beasain, Gipuzkoa, 1972) eta Joseba Otaegik (Zizurkil, Gipuzkoa, 1983) ere. Orain gutxira arte aizkoraren gorengo mailan aritutakoak dira biak. Azurmendik halakoxe lanak eginda irabazi zuen Euskadiko Txapelketa, birritan [2011, 2013]; Otaegik, berriz, bigarren postua lortu zuen 2016ean.

«Lan serioak dira», esan du Azurmendik. Arriarango aizkolariak nabarmendu du «gustukoen» dituen lanak direla, baina «errespetua» sortzen dutela aldi berean: «Luzea da. Lehen bi kana-erdikoak eta 60 ontzakoak ebaki ondoren, lau oinbikoek bere lekuan jartzen dute aizkolari bakoitza». Izan ere, sailka antolatuta egoten dira egurrak; saioaren erdi-erdian ebakitzen dituzte enborrik mardulenak, eta horrek alde batera edo bestera bota dezake lehiaren balantza.

Otaegik ere «exijentzia handiko» dema dela uste du. Buruz asko eskatzen duen proba da biharkoa haren iritziz: «Aizkolaria bakarrik egoten da, eta egur ilara luzea da». Alde horretatik, seikote «esperientziaduna» izatea abantaila dela dio zizurkildarrak: «Lehen finala duen aizkolariak, normalean, kaskarrekoa jasotzen du. Momentu gogorrak kudeatzen ikasi egiten da, eta alde horretatik ez dut uste halakorik gertatuko zaienik».

Biek gakotzat jo dituzte oinbiko egurrak: «Bereziki, lehen biek markatzen dute aldea», esan du Azurmendik, eta azpimarratu du oinbikoak ebakitzetik aurretik irteten denak asko duela irabazia. Antzera pentsatzen du Otaegik ere: «Zortzi-bederatzi minutu epel igarota heltzen da oinbikoetara, eta horri neurria hartu eta lanean asmatzen dago gakoa. Txapelketa hor erabakitzen da, beti. Hortik aurrera mirari handirik ezin da egin, eta bakoitza dagokion lekua jarri ohi da».

Hautagaien multzo zabala

Sei aizkolari, eta hautagai argirik ez. Ez haren alde hatzen bat jokatzeko adina, bederen. Gutxiago edo gehiago, gehienek izan dezakete txapela janzteko aukeraren bat, baina kiniela askok Vicente jotzen dute faborito. Baita Azurmendik ere: «Aurten inoiz baino hobeto prestatzeko astia izan du. Bere lana egiten badu, irabazlea izango da, baina beste hiruzpalau prest daude ezustekoa emateko».

Horren adibide, Urrezko Aizkolarien finalean jazotakoa ekarri du hizpidera; ordukoan Txikia IV.a izan zen garaile, Vicenteri eta Larrañagari aurrea hartuta.Bi horiek ere faboritoen multzoan sartu ditu Azurmendik: «Atutxa ere hor dago, eta Otaño ere gertu ibiltzeko moduan ikusten dut».

Otaegik lau jo ditu garaipenerako hautagai nagusi gisa: Vicente, Larrañaga, Txikia IV.a eta Atutxa. «Ezjakintasunez betea ikusten dut finala, aurreikusteko zaila. Lehen begiratuan inoiz baino hautagai gehiago ikusten ditut: oso irekia dago».

Irrikaz ikusten du finala orain lau urte Euskal Herriko txapeldunorde izan zenak: «Besteak gutxietsi gabe, lau horietakoren batek irabazteak ez ninduke harrituko, nahiz eta agian Vicente hautagaiago izan». Otaegik zehaztu du «guztiek» egin dituztela hautagai izateko adina meritu.

Gizartea nola, ziurgabetasunak erasan ditu herri kirolak ere, eta aizkolariak nahi baino plaza gutxiago eginda helduko dira Miribillara. Horrek finalean eragina izan dezakeen galdetuta, baiezkoan da Azurmendi: «Bai onerako, bai txarrerako. Ez dago jakiterik; entrenamenduak etxean eginda, erreferentzia falta izaten da. Prestatzeko, berriz, egoera hobea da; erakustaldietan alde batetik bestera ibilita ez zara ondo suspertzen. Berezia da».

Otaegik ere plazen faltari jarri dio arreta. Zizurkildarraren esanetan, «lehiak ematen duen erritmoa ez da lortzen etxean. Lan ona eginda ere, uste dut puntutxo bat faltako dela; prestakuntza osoagoa egiteko aukera izan dute, baina puntu hori, eta aurkarianola dagoen jakitea faltako dute. Hori bai, maila ona egongo da».

«Molde berritzaile bat»

Kalitatea, eta ikuskizuna. Horixe dute xede txapelketa prestatu dutenek. Aizkoran «orain artean ikusi gabeko zerbait» osatu dute biharko, antolatzaileek adierazi dutenez. Hain justu, garai berrietara «egokitzea» izan da aizkolariek txapelketa beren kabuz antolatu izanaren arrazoietako bat, eta horretan jarriko dute puntua, finalaren aurkezpen ekitaldian azpimarratu zutenez. Atutxaren esanetan, kirolaren ezagutza hedatzen lagun dezake horrek: «Gure helburua [aizkora] zabaltzea da, ezagutzea, modernizatzea. Lortzen ari gara. Txapelketa hau horren lehen adibide bat da».

Antzera mintzatu zen Vicente ere. Otsagabikoak (Nafarroa) garrantzitsu jo du bide horretan aizkolariek izan duten «batasuna», eta nabarmendu zuen ezinbestekoa dela hari horri segitzea: «Aizkolari guztientzat hain zaila den urte honetan, gure kirola etorkizunera eramateko bidea irekitzeko erabakia hartu dugu. Txapelketa honek frogatzen du gure batasuna fruituak ematen ari dela. Ilusio handia dugu final honekin. Kirolari dagokionez, erronka handia dugu aurrean, eta gutako bakoitzak gure onena emateko konpromisoa hartzen du. Baina, gainera, aizkora gorenera eramateko helburua egi bihurtzen ari gara».

Hasieran asmo zutenaren kontrara, koronabirusaren egoerak sortutako murrizketen ondotik ez da zalerik izango Miribillan, baina telebista bidezeskainiko dituzte hasiera batean pantaila erraldoi baten bidez ere ematekoak ziren berritasunak: «Orain artean ikusi ez diren kamera planoak ikusi ahal izango dira». Kirolarien uneko bihotz maiztasuna ere agerikoa izango da, aizkolarietako batzuk eramango dituzten pultsometroek bildutako datuei esker.

Gorengo mailako aizkolariek baliabide tekniko guzti horiekin kirolari jauzi bat eginarazi nahi diote. Sherpa. Ai enpresaren eskutik egindako bideak finalaren atarian utzi ditu, zenbait ataka gainditu eta gero. Kirolaren ordua da orain, ordea; lehiaren gordinarena. Aizkorak zorroztu eta epaitik epaira hamabi enborrak mozteko tenorea da. Sei lagun ariko dira horretan, eta bakarra izango da garaile. Lehia bizia izango da aizkora bizitzeko modurik eraginkorrena. Bide horretan prestatu duten txapelketa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.