Erik Jaka. Pilotaria

«Bizitzako gauza onetatik eta txarretatik ikasten saiatzen ari naiz»

Zer galdu ez balu bezala jokatzen du pilotan aurtengo buruz buruko txapeldunak. Nahikoa galarazi dio azkenean bizitzak berak, amaren heriotza dela eta. Pilotaz eta bizitzaz, berdin hitz egiten du, erraz eta aise. Jokatu ere horrela egiten du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Astelehen gozoa eta lasaia izan behar zuen Erik Jakarentzat (Lizartza, Gipuzkoa, 1994) herenegungoak. Bezperan, lau eta erdiko txapelketaren finalerako sailkatu zen aurreneko aldiz. Bigarrena izango du denbora gutxian, azaroaren 29an buruz burukoa jokatu eta irabazi ondoren. Berriz aurkari bera parean orain ere: Jokin Altuna. Egun osoa pasatu du hedabideen aurrean, argazkiak eta elkarrizketak tarteko. «Ez da seinale txarra», dio.

Finalean sartu eta hurrengo egunean, elkarrizketak eman beharra bata bestearen atzetik. Nekagarria al da??

Ez, baina errepikakorra egiten da. Bakoitzak geure iritziak dauzkagu, eta ni gaur [astelehena] neureak behin eta berriz esaten ari naiz. Seinale ona izaten da horrelako elkarrizketa mordoa egitea, hala ere.

Elkarrizketak eman eta eman: ez zenuen nahi bezala etengo finalerdietako tentsioa, agian.

Eguneroko bizimodua egiten saiatzen naiz, azkenean. Iruditzen zait egunerokoa eta ingurua oso onak direla atsedena behar dudan egunetarako, baita bizitzen ari naizen errealitatean bizitzeko ere. Neska lagunarekin eta txakurrarekin ibiltzen naiz paseoan, eta gaur ere egin dut; asko laguntzen dit horrek. Gainerakoan ere ohikoa egin ahal izan dut: entrenamendua osatu dut.

Denbora gutxian hainbesteko arrakasta lortu izanak badu arriskurik zure egunerokoa aldarazteko?

Gerta daiteke. Buruz burukoa irabazi eta hurrengo astea, adibidez, erabat egunerokotik aldendutakoa izan nuen: dei pila bat, lekuetara joan beharra, ekitaldietan kunplitu beharra... Nahi ezta ere, sentitu nuen neure egunerokotik kanpo nenbilela. Aztoratuta ibili nintzen pixka bat. Gero, berriz neurera bueltatzea kostatu egin zitzaidan, eta lau eta erdiko txapelketan burua jartzea ez zitzaidan erraza egin. Baina tira: oso ondo nago orain, eroso, burua egon behar duen lekuan daukat, eta gustura nabil. Lehenengo finaleko momentuak askoz emozionalagoak izan ziren oraingo honen aldean, indartsuagoak. Beste tenple batekin nabil bigarren finalera begira. Ea balio didan igandean partida ona egiteko.

Hartuko zenuen gustura, ziurrenik, buruz buruko txapelaz gozatzeko denbora gehiago.

Bai, dudarik gabe. Buruz burukoa jokatu izan balitz zegokion garaian, ondorena uda izango zen, eta oso garai ona izaten da uda pilotariontzat. Are gehiago, banakakoa irabazi duenarentzat. Partida eskea handia izaten da, eta udako torneo ia guztiak jokatzen ditu buruz buruko txapeldunak. Ederra izango zen hori bizitzea, baina egoera den bezalakoa da, eta lau eta erdikoarekin gaude orain. Finalean egonda, ez nago ezertaz kexatzeko, hala ere.

Irabazita, errazago moldatzen da jendea ezohiko egoeretara, ezta?

Errazago den edo ez, auskalo. Txarretik ere baduelako irabazteak.Tentuz jokatu beharra izaten da: gehitxo lasaitzeko arriskua egoten da. Neure buruari gogor egin diot, lehenagoko motibazioa eta tentsioa berreskuratzeko.

Altunari berriki final batean irabazi izana ere arriskutsua izan daiteke igandean komeni baino lasaixeago ateratzeko?

Ez dago arriskurik ni lasaitzeko, ezta harentzat ere belarriak jaisteko. Biok gaude partida ireki baten aurrean, biok dauzkagulako irabazteko aukerak, eta hori barneratzen saiatzen ari naiz, ahalik eta sasorik onenean heltzen ahalegintzearekin batera. Jakitun nago oso lan ona egin beharko dudala irabazteko.

Altuna arriskutsuago izango da igandean zuk buruz buruko finala irabazi zeniolako?

Ez arriskutsuago, ezta errazago ere. Altuna beti da faboritoa, jokatzen duen edozein partida jokatuta ere. Arriskua ez da handitzen edo txikitzen partida bat edo bestea izan. Garbi dago hura gogotsu aterako dela, ni aterako naizen bezalaxe, eta biok lan ona egin beharko dugu irabazteko.

Zu ez al zara faboritoa orain?

Ez zait iruditzen. Faboritotzat hartu nahi banauzue, ez daukat batere arazorik onartzeko, aurreko finalean Altuna faboritotzat jotzeko izan ez nuen bezalaxe. Buruz buruko finala irekia ikusten nuen, eta hau ere bai.

Altunak eta zuk ondo baino hobeto ezagutzen duzue elkar. Aukerarik baduzu ezustean harrapatzeko jokoari dagokionez?

Nirean zentratu behar dut. Ezin dut hasi nahi berak zer egingo ote didan pentsatzen. Nire lanak ahalik eta ondoena egiten saiatu behar dut, ez besterik. Hori eginez gero, badakit gauzak zail jarriko dizkiodala.

Zein dira lan horiek?

Nire jokoa ahalik eta ondoen egitea: pilotari abiadura eman, erritmoa sartu, eta hori egindakoan, aukerak baliatzen jakitea. Bestelakoan, Jokini [Altuna] ezin diot pilota frankoa utzi erdi pare horretan, tantoa azkar bukatzen baitu edota azkar pasatzen baita dominatzera. Nire aukerek hortik joan behar dute: joko azkarra eta oldarkorra egiten saiatu behar dut, bera deseroso senti dadin kantxan.

Zer duzu hobetzeko final-laurdenetako eta finalerdietako partidetatik?

Ez dut uste bi partida horiek erreferentziatzat hartu behar ditudanik iganderako. Pasatu dira bi horiek. Peioren [Etxeberria] aurka irabaztea lortu nuen, partida osoan deseroso jokatu eta gero. Josebaren [Ezkurdia] kontra, berriz, guztiz egoera ezberdina izan zen, oso partida ona jokatu nuelako. Hark tanto takateko luzea egin zidanean, ondo sakatu eta ondo jokatu zuelako izan zen. Niretzat garrantzitsuena hau da: bi partida ezberdin jokatuta, bi garaipen lortzeko gai izan naizela.

Buruz indartsua izatearen garrantzia funtsezkoa da banakako partidetan, ezta? Alde edo kontra tanto segida luzeak egiten dira.

Dudarik gabe. Partidak ez dira bukatzen 22ra heldu arte. Badakit betiko esaldi bat dela, baina egia da. Buruz burukoan, gehiago. Sakeak garrantzi handia dauka gaur egun. Gero, pilotarien maila ona denez, kontu txikiak erabakigarriak izaten dira, eta sakea da horietako bat. Ondo sakatuz gero, tantoa egin daiteke, edo bestela, bigarren pilotakadan min egiteko aukera etortzen da. Kontu txiki horiek ondo menderatzea oso garrantzitsua izaten da.

Buruz indartsu egotea partida guztian errazagoa ala zailagoa da ikusleak daudenean baino?

Ikusleak daudenean, nirean arreta jartzen saiatzen naiz, harmailetako zaratatik ihes eginez. Eta ikuslerik gabe ere, jarrera bera daukat, nire eginbeharretan izaten dut burua, partidako dinamikan, beste gauzetatik ospa egin nahian.

Noren falta sentitzen duzu harmailan?

Ikusle guztiena. Bestelakoan, lau eta erdiko honetan, behintzat, uzten ari zaizkigu gertuko bat eramaten partidetara, eta neskalagunarekin joaten naiz. Oso ondo ari zait etortzen. Ez bakarrik partidan zehar; baita bidaian ere, joatean eta etortzean. Bestela, buruz burukoa izanda, bakarrik egonez gero, nork bere buruarekin aritu beharko genuke, beti gauza berei bueltaka.

Zazpi urte dira debuta egin zenuela profesionaletan. Ikusten al dituzu berriz garai hartakozure partidak?

Ez ordukoak, ezta oraingoak ere. Normalean, partidan izandako sentsazioak aipatzea gustatzen zait, eta ia beti Jokin Etxanizi eta ingurukoei esaten dizkiet. Haien iritziak eta nireak bat ez datozenean, partidak aztertzen ditut, pixka bat ikusiz telebistan. Bestela, uste dut nahiko autokritikoa naizela, autoexijentea, eta nahiko ondo jakiten dut zer egin dudan ondo, zer gaizki, eta zer egin dezakedan hobetzeko.

Asko zigortzen duzu zeure burua autoexijentzia horretan?

Ez, zigortu ez. Ez da hitz egokia nire kasuan. Barruan eramaten dugun zerbait da geure buruari eskatzea, berezkoa. Entrenamendu batean, hamar pilotakada on jo behar baditut eta bakarrik zazpi jo, hurrengoan hamarrak onak izaten saiatuko naiz. Ez bakarrik horretan, etxeko gauzetan ere badut pentsaketa hori.

Zertan aldatu zara duela zazpi urtetik?

Denean. 19 urte edo 26 urte eduki alde dezentekoa dago. Pertsona eta pilotari bezala heltzen ari naiz, helduago naiz orain. Azkenean, zazpi urte hauetan gauza asko bizi izan behar ditut, batzuk oso txarrak, amaren heriotza tarteko. Azkenean, bizitzak gauza asko erakusten dizkigu, batzuk era onean, eta besteak txarrean. Denetatik ikasten saiatzen ari naiz.

Esperientzia horiek guztiak baliagarriak zaizkizu pilotarako ere?

Bai, dudarik gabe. Kontuan eduki behar da pilota bizitzaren parte bat dela, eta une honetan, oso-oso garrantzitsua. Baina garbi daukat pilotaz haratago, bizitzak aurrera segitzen duela, eta badaudela gauza garrantzitsuagoak, zorionez eta zoritxarrez. Bizitzak hori erakutsi dit. Pilotan nabilen bitartean, saiatuko naiz nire lana eta maila ahalik eta onena izaten, eta horrekin kontzientzia oso lasai izango dut betirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.