Londres eta Parisko orkestrak ariko dira 2019an Musika Hamabostaldian

Pucciniren 'Madama Butterfly' opera ere taularatuko du musika jaialdiak hurrengo urtean

Erredakzioa
Donostia
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Donostiako 79. Musika Hamabostaldia bukatu berria dela, Patrick Alfaya buru duen antolatzaile taldea hasi da hurrengo ekitaldia prestatzen. Horren emaitza da 80. ekitaldian izango diren ekitaldietako batzuen berri eman duela dagoeneko. Besteak beste, hurrengo hamabostaldian ariko dira London Philharmonic Orchestra, Juanjo Menaren zuzendaritzapean eta Javier Perianes bakarlari dela; eta Parisko Orkestra eta Donostiako Orfeoia, Daniel Harding zuzendariaren agindupean. Bestalde, ekoizpen propioa lantzeko politikaren barruan, Giacomo Pucciniren Madama Butterfly opera eszenaratuko du Musika Hamabostaldiak San Lorenzo de El Escorialeko (Espainia) Udako Jaialdiarekin koprodukzioan. Datozen hilabeteetan osatuko dute antolatzaileek Musika Hamabostaldiaren 80. ekitaldiko egitaraua.

Aurtengo ekitaldiari dagokionez, Musika Hamabostaldiko ordezkariek arrakastatsutzat jo dute, eta, zehaztu dutenez, 37.000 pertsona izan dira hilabetez antolatutako 90 ekitaldietan. Guztira, 952.000 euro izan da leihatilan bildutako diru kopurua. Antolatzaileek ohar bidez egindako balorazioan, aurten izandako hainbat proposamen nabarmendu dituzte: Rossiniren Italiarra Aljerren, Buenos Aireko Colon antzokiarekin eta El Escorialeko jaialdiarekin ekoitzitakoa; euskal musikaren inguruan Labeque ahizpek osatutako Amoria ikuskizuna; Kukai dantza konpainiak Arantzazuko santutegian emandako Adio ikuskizuna...

Kursaaleko auditoriuma izan da hamabostaldiaren gunerikgarrantzitsuena. % 91ko betetzea lortu du, eta sei alditan guztiz bete da: Kreazioa (abuztuaren 2an eta 3an), Rotterdams Philharmonisch Orkest (24a), Budapest Festival Orchestra eta Donostiako Orfeoia (27a), Amoria (29a) eta Koloniako WDR Sinfonieorchester eta Donostiako Orfeoia (irailaren 1a).

Ekitaldi handiek eskuratzen dute askotan arreta, baina Musika Hamabostaldiko ziklo txikiagoek ere oso harrera ona izan dute. Hala, Organo zikloak 4.700etik gora ikusle bildu ditu hamahiru kontzertutan, eta Donostiako Santa Teresa komentuan egin den Antzinako musika zikloak edukieraren %98 bete du aurten. San Telmoko Musika Ostegunak ere arrakastatsuak izan dira, eta emanaldi guztietan aretoa bete egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.