Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Gidoirik gabe

2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Gauza jakina da, baina gidoilariei gustatzen zaie gogoraraztea. Ez da filmik, ez telesailik, ez telebista saiorik gidoilaririk gabe. Adimen Artifiziala, ez da hain urrun iritsi. Egia da gidoia abiapuntua besterik ez dela; zuzendariak edo ekoizleak egokitu egiten duela askotan; grabatzean, montajean eta postprodukzioan hartzen diren erabakiek emaitza jatorrizko paper multzotik asko urrunarazten dutela. Berdin dio. Pertsonaiak, istorioaren garapena eta tonoa zehazten duen gidoi landurik gabe, nekez egingo dute beste denek ikusteko modukoa den ezer. Gidoilariak ezinbestekoak dira. Eta haien lana, esker txarrekoa oso. Film luze baten gidoia idazteak urte oso bateko lana eska dezake gehiago ere bai, eta idazten diren gidoien ehuneko oso txikia iristen da, bide luzearen ostean, gure pantailetara.

Baina badira, hala ere, pantailarako idaztea lanbide bilakatu dutenak. Telebistan gehienak, eta zinea egiten zorioneko bakan batzuk. Bai behintzat, Euskal Herrian. Amerikako Estatu Batuetan, gure iruditegi audiobisualaren epizentroan, pixka bat ohikoagoa da. Hamabi mila gidoilari profesional baino gehiago daude. Baina ez daude, itxura denez, euren baldintzekin konforme. 11.000 gidoilari ordezkatzen dituen Writers Guild of Americak elkarteak grebarako deia egin du, eta langileek ia aho batez erantzun dute. Lantalde handiagoak eskatzen dituzte, erritmo motelagoak, eta ekoizpen bat emisioan dagoen bitartean beste lan batzuk ere egiteko aukera. Besteak beste. Bien bitartean, telebista saioak eta telesailak kolokan daude.

Ez da kontu erabat berria. 2007an 100 eguneko greba egin zuten, eta hainbat telebista saio geratu ziren bertan behera. Breaking Bad-ek, dirudienez, behar zuena baino bi atal gutxiago ditu horrek eragindako gorabeherengatik. Denboraldi edo atal berrien zain dauden ikusleak kezkatuta egongo dira. Niri, aldiz, nolabaiteko poza eragin dit albisteak. Bertako langileen egoera sakonki ezagutzen ez badut ere, bada hor pantailan ikusten ditugun istorio gehienek ematen duten irakaspena baino sakonagoa den zerbait. Milaka gidoilari ados jarri dira euren eskubideak aldarrikatzeko, non eta Amerikako Estatu Batuetan; ausartu dira planto egitera eta munduko ekoiztetxe eta estudio handienei aurre egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.