HUTSIK BAINA BIZIRIK

Arte galerien jabeak kexu dira, inaugurazioetan ez bada apenas biltzen delako jenderik haienera. Galeriek, baina, 'beren' artistaren obraren komertzialtasuna errazten dute, eta oraindik zabalik diraute, nazioarteko bildumagile handiek eta instituzioek erosten dutenari esker, batez ere.

Igor Susaeta.
2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Haietara joatea ez da ez merkea, ez garestia. Izan ere, sarrerarik ere ez da ordaindu behar arte galerietara sartzeagatik. Baina eskaintzen dutena eskaintzen dutela, hutsik egoten dira gehien-gehienetan, Euskal Herrikoak behintzat. Galeristek etsipenez onartzen dute jendeak erakusketen inaugurazioetan baino ez duela jotzen galerietara. Egun horietan biltzen dira artista, haren lagun eta senideak, ezagunak, galerista, zaleren bat edo beste, eta despistatu bakanen batzuk. «Arazo handia da hori. Bilbon, esaterako, ez dago erakusketatara joateko kulturarik», dio Ignacio Mujikak, Carreras Mugica galeriaren jabeetako batek —Pedro Carreras da bestea—. Haizea Barcenilla arte kritikari eta komisarioaren esanetan, artearen historiako ikasleei berei lotsa ematen die sartzeak. «Gizartean oso barneratuta dago galeriak saltzeko direla, eta, ondorioz, obra erosi behar ez duen jendeari ez zaio burutik pasatu ere egiten joatea». Saltzeko daude, ordea; hori dute finantzabidea. «Nazioarteko bokazioa daukan galeria profesional batek, ba, ordezkatzen dituen artisten lanak salduta finantzatu beharra dauka», nabarmendu du Mujikak. Beraz, eta kontraesana dirudien arren, gehien-gehienetan hutsik egonda ere irekita jarraitzen dute, salerosketak egiten diren seinale.

Erosleen sailkapen nahiko argia egin daiteke. Batetik, bildumagile txikiak daude, lokalak, Abigail Lazkoz artistak «erromantikoak» deitutakoak. «Obrak erosten dituzte horietan sinesten dutelako, ilusioa egiten dielako». Bestetik, bildumagile handiak daude, artelanak inbertsio, salerosgai moduan hartzen dituztenak. «Espekulazioa ere buruan dutenak. Horiek, normalean, sona handiko izenak nahi izaten dituzte, eta krisi garaian hori muga bat ere izan daiteke galeria txikiagoentzat», zehaztu du Barcenillak. Eta, azkenik, instituzioak, museoak-eta.

Azken bi multzoetako erosleek harreman zuzen-zuzena edukitzen dute galeristekin. Artisten eta erosleen artean «zubi lana» egiten dute, Mujikaren iritzian. «Gainera, artistak bere lanetik bizi nahi du, eta, horretarako, saldu beharra dauka. Baina ezin du, edo ez du nahi bere denbora zeregin horretara bideratu», gehitu du. Galerien egitekoa laburtzeaz arduratu da Juanma Arriaga, Donostiako Kur galeriaren jabea. «Talentu berriak bilatzea, haiek sustatzea, haien obrak bilduma onetan kokatzea eta hori komertzializatzea». Galeriek artistak bezain beharrezkoak dituzte-eta bildumagileak. Horiek aipatuz, bere kidearen azalpena osatu du Mujikak: «Bildumagileak ingurune egoki bat behar du, non hainbat artistaren lanak ikus ditzakeen, aholkularitza jaso dezakeen eta iritziak truka ditzakeen. Toki hori da galeria bat».

Ikuslea erakarri ez arren, harrigarriak ere gerta daitezke galerien zenbakiak. Mujikak eman ditu, esaterako, berearenak. Urtean 150.000 euroko kostua dauka, gutxi gorabehera, zabalik mantentzeak: gunearen alokairua, hornikuntza, langileen soldatak, gizarte segurantza, zerbitzu informatikoak, lege eta zerga aholkularitza, materialen garraioa, argitalpenak... Gainera, nazioarteko azokaren batera joaten baldin badira —eta joaten dira—, beste 40.000 eta 60.000 euro bitartean gastatzen dituzte —Etxepare Institutuak 8.000 eta 10.000 euro arteko diru laguntza bat ematen die—. «Beraz, gastuak estaltzeko, salmentetan 750.000 euro atera behar ditugu [kontuan hartuta erdia, gutxi gorabehera, artistentzako dela]». Azken urteetan balantzeak «ahal bezala» berdindu dituztela dio. «Egoera ez da joria, baina gastuak ordainduz goaz».

Salmentak, erdi eta erdi

Nazioarteko azoketara maiz jotzen dute: Mexiko Hiriko Zona Macora, Sao Pauloko SP-Artera (Brasil)... «Han nahiko bizi dago merkatua, eta ondo saltzen da». Carreras Mugicak, gainera, sona handiko artista garaikideak dauzka: Txomin Badiola, Jon Mikel Euba, Erlea Maneros Zabala, Asier Mendizabal, Juan Perez Agirregoikoa, Richard Serra, Itziar Okariz, Azucena Vieites... Azoketan, bildumagileek ez ezik —«beste garai batzuetan, beharbada, ez ziren hain beharrezkoak, baina gaur egun funtsezko bihurtu dira azokak», Barcenillaren ustez—, instituzioek ere bereganatzen dituzte artelanak. «Aurrekontuak murriztuta dauzkate, baina, kasu batzuetan, erosten jarraitzen dute», azaldu du Mujikak. Iaz, esaterako, Bilboko Guggenheim museoak Xabier Salaberriaren eta Maneros Zabalaren zenbait obra erosi zituen. «Iberdrola euskal artearen bilduma inportante bat osatzen ari da, eta erosi dizkigu Mendizabal, Badiola, Perez Agirregoikoa eta Maneros Zabalaren lan batzuk». 1995ean ireki zituen ateak Carreras Mugicak. Kolon Larreategi kalean ipini zen 2002 arte; Henaon egon da aurten arte, eta Herosen orain, lokal berri batean. «Gure lehiakideak nazioarteko galeriak dira, eta, beraz, Berlingo edo Londresko galerien mailan dagoen erakusleku bat behar duzu», arrazoitu du jabeetako batek.

Instituzioek, ordea, ez dute hain sarri jotzen Kur galeriara—2001ean ireki zuten—. Koldobika Jauregi, Barbara Stammel, Jose Luis Zumeta, Iñaki Olazabal eta Jose Antonio Sistiagak lan egiten dute, esaterako, Arriagarekin. «Baina, zoritxarrez, instituzioek ez dute obra askorik erosten; eta pausoa ematen dutenean, gainera, artistari erosten diote zuzenean». Kur ez da joaten Euskal Herritik gertuen egiten den nazioarteko azoka inportanteenera ere, Madrilgo Arcora —Carreras Mugica eta Donostiako Altxerri dira azken urteetan hara joan diren Euskal Herriko galeria bakarrak—. «Hemengo bezeroak badauzkagu, baina baita atzerrikoak ere. Hirira etortzen dira, egiten duten beren ibilia galeriak bisitatzen, eta, azkenean, obrak erosten dituzte».

Horiek artistaren galeristarekin jartzen dira harremanetan. «Beste diziplina artistiko batzuetan, managerra dago; gurean, galerista. Antzekoak dira», definitu du Lazkozek. Haren esanetan, artistak nahi eta komeni zaion harremana eduki dezake galeristarekin, «baina badira mundu mailan adostutako konbentzionalismo batzuk». Adibidez, obra saldu ondoren, erdi eta erdi egiten dute: %50 galeriarentzat, eta gainerakoa artistarentzat. Barcenillaren ustez, ordea, «aldagarria» izan daiteke kopurua. Arriagaren arabera, %20 eta %50 artean mugi daiteke. «Kontuan hartu behar da artistaren inplikazioa, ea katalogoa egiten den, sustapena...». Mujikaren hitzetan, «konfiantzazkoak» izaten dira harremanak. «Gutun-kontratu bat sinatzen dugu, normalean, artistarekin. Horretan baldintza orokorrak ezartzen dira, baina ez oso modu formalean».

Lazkozen aburuz, ezin da artista-galerista harremanaz era absolutu batean hitz egin. «Pertsonen arteko edozein harremanen modukoa da: unearen eta pertsonaren araberakoa». Vigoko (Galizia) eta Madrilgo Bacelos galeriarekin lan egiten du, eta ondotxo daki «AEBetako, Alemaniako, Brasilgo, Portugalgo eta Suitzako» galeriek nola funtzionatzen duten. «Harreman ez oso konbentzionala eduki izan dut haiekin. Nire kasuan, hitzezkoa izan da beti kontratua, eta hasieran argi dago zer nahi den: bi aldeen onura hauspotu». Maitasun istorio batekin konparatu du artista-galerista harremana: «Hasiera gozoa dauka, baretasun une bat, gorabeherak, eta, maiz, iraungitze data bat ere bai, hainbat arrazoirengatik». Baina iruditzen zaio galeriekin edukitako esperientzietako bakoitzak asko irakatsi diola. Barcenillarentzat ere «kasuz kasu» begiratu beharko litzateke nolakoak diren hartu-emanak. «Normalean, merkatuan sartu nahi duten artistentzat, inportantea da galeriaren lana, eta prezatzen dute» Halere, badago kexatzen denik. «Kontsideratzen dute galeriek eramaten duten portzentajea handiegia dela».

Egun, artista batek bere lana Interneten erakuts dezake—obraren prezioa ere zehazten da zenbaitetan—, eta balizko eroslearekin harreman zuzena izan dezake. Sareak iraultza ekarriko zuela zirudien, baina oraindik ez da halakorik gertatu, Barcenillaren esanetan. «Galeriek beren denbora osoa eskaintzen diote artistaren lana ezagutarazteari, kontaktuak dituzte, azoketara doaz, eta horrek denbora asko aurrezten dio artistari». Pentsatzen du, gainera, Interneten itsasoan hainbeste informazio dagoenez zaila dela lanak artistek berek nahi duten tokian ezagutaraztea, nahi duten lekuetara iristea. «Gainera, pentsa dezagun galeriek ere cachet bat daukatela. Galeria batean erosteak, normalean, ziurtatzen dizu artista horren lanak baduela prezio bat eta merkatu batean sartuta dagoela».

Mujikarentzat, artista profesional gehienak beren lanaren alderdi artistikoaz soilik arduratzen dira. «Langintza komertzialarekin harremana duen oro desatsegina egiten zaie, eta nahiago dute galeriaren esku utzi». Hortaz, galeriak hau ahalbidetzen die artistei, Mujikaren iritzian: hasteko, erakusketak baldintza egokienetan egiteko modua ematen die; bigarrenik, galeriak prestigioa dakar, eta artistaren legitimazio prozesuan laguntzen du; hirugarrenik, galerian artista kolektibo bat ezagut dezake, zeinetara artista ez zatekeen iritsiko bere estudiotik; eta, azkenik, nazioarteko azoketan egotea ahalbidetzen dio.

«Ubide paregabea» delakoan dago Lazkoz, baina artistak ere berea egin behar duela hausnartu du: «Beti esaten dut artista eskema eskizofreniko batean bizi dela. Haren lana nolabaiteko deserosotasun sozial baten emaitza izaten da. Baina ikusgarritasuna lortu nahi badu, bere proposamena entzuna izatea nahi badu, kanpoan dagoenarekin harremanak eduki behar ditu. Artista bakoitzak bere gaitasunak ekartzen ditu ekuazio horretan». Dena dela, honetaz ohartarazi du: «Ezagutzen ditut ikuspegi komertzial ezohikoa daukaten misantropoak».

Interneten artea erosten duenak beste arrazoi batzuengatik erosten duela iruditzen zaio Barcenillari. «Etxea apaintzeko, adibidez». Horrek esan nahi du, haren ustez, oro har diru gutxiago gastatuko duela, eta beste arte mota baten alde egingo duela. «Salmenta txikietarako balio dezake: 100, 200 euro. Baina oso zaila da bildumagile batek Internet bidez lan inportante eta garesti bat erostea». Arriagarentzat, Internet lagungarria izan da galeriarik ez daukaten artistentzat. «Izan ere, galeriaren batean daudenak galeriari fidel izaten zaizkio». Areago joan da Barcenilla, Arriagaren azalpena zehaztean: «Galeria batekin kontratua daukanak ezin du bere kabuz saldu, galeriaren bitartekaritzarik gabe».

Eta galeria horietako bakoitzak filosofia jakin bat eduki beharra daukala pentsatzen du Mujikak, hala komeni dela. «Nabarmentzeko modu bakarra nortasuna oso definituta edukitzea da. Galerien baso horretan zeinekin identifikatu bilatzen dute-eta bildumagileek». Normalean lerro jakin bati jarraitzen diotela diote Barcenilla eta Lazkozek. «Dena den, ez da ezohikoa denborarekin filosofia hori aldatzea. Ekonomiak agintzen du, joerak aldatu egiten dira, eta negozioaren iraunkortasuna lortzea ezinbestekoa da», gehitu du artistak. Arriagak, esaterako, Kur «eklektikoa» dela pentsatzen du. «Ahalegintzen gara hainbat korronte artistiko barneratzen».

'Beste' galeriak

Badira galeria hibridoak. Horietako bat da, adibidez, La Taller, Bilbokoa. «Alde batetik, klaseak ematen dira. Bestetik, artistei proiektuak garatzeko gonbita egiten zaie, erakusketa proiektu bat eskainiz. Zenbait edizio saltzen dira, baina ez dut uste salmenta denik diru sarrera nagusia», argitu du Barcenillak. Arriagarentzat, gehienetan artistak izaten dira halakoak irekitzen dituztenak. «Gastuak pagatzeko, eskolak ere ematen dituzte, eta, era berean, beste artista batzuei laguntzen diete obrak erakutsiz». Kurrek ere topatu du bereari ikusgarritasuna emateko bide bat. Izan ere, Sautrela ETB1eko literatur saioa han grabatzen da orain zortzi-bederatzi urtetik: «Musikaeta dantzako gauzak ere egiten dira. Dena da ona publikoa erakartzen saiatzeko». Horren gabezia dago-eta galerietan. Hezkuntzagatik gertatzen da hori, Lazkozen arabera: «Arte garaikidearekiko interes falta, are mesfidantza, hezkuntza curriculumetan sortzen da,eta, sarri, komunikabideek arteaz egiten duten erabilera sentsazionalistarekin elikatzen da». Hutsik daudela galeriak, baietz, baina, bien bitartean, bizirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.