Tronuagatiko azken hatsak

Astelehenean amaituko da betirako 'Game of Thrones' telesaila, zortzigarren denboraldiko seigarren atalarekin batera. Aspaldi sailkatu dute fenomenotzat, besteak beste, ikusle kopurua, telesailaren kalitate bisuala zein narratiboa eta sortu dituen turismoa eta fan fenomenoa kontuan hartuta.

Atal oso bat hartu zuen hildakoen aurkako batailak. HBO.
Maialen Unanue Irureta.
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun

Hater-ak, edo gorrotatzaileak, lasai egoteko moduan dira: igandean behin betiko bukatuko da Game of Thrones telesaila, eta ez dute beharrik izango telesail hori ikusten ez duten bakarrak ote diren galdetzeko mezuak haizatzen segitzeko. Bestelakoa da panorama, ordea, Jon Snow, Daenerys Targaryen, Sansa eta Arya Stark eta enparauen bizitzagatik zortzi denboraldietan sufritu duten zaleentzat: zortzi urte oso pertsonaiarik kutunenak hilko ote diren edo ez jakiteko, tronuan eseriko den inor egongo den edo ez jakiteko, boterea lortzeko edo mantentzeko zer egiteko kapaz diren ikusteko... Tronuagatiko borrokaren azken hatsak botako dituzte igandeko azken atalean, eta zortzi denboraldi iraun duten kontu ezezagun horiek guztiak nola ebatziko diren jakingo da, azkenean.

Haatik, beste gauza bat jakina da dagoeneko: pantailatik harago izan duen eragina begi bistakoa da, ziurrenik, mundu osoan lortu duen ikusminagatik —ehundik gora herrialdetan ikusi ahal izan baita—. Fenomeno horren arduraren zati handi bat telesailaren gidoiarena da, Adriana Izquierdo gidoi aztertzailearen ustez: «Ikusleak telesailera lotzeko bi gako egon dira, biak gidoiari lotuak: lehenengo denboraldian, Ned Stark hil izana, eta hirugarrengoan, Red Wedding esaten dioten atalean are Stark gehiago hiltzen dituztenean».


Stark familia. Azken denboraldian elkartu dituzte Stark guztiak. / HBO

Ez dute erreparorik izan protagonista nagusiak akabatzeko, besteak beste, istorioak beste hainbat protagonista dituelako: bakoitzak bere historia propioa du, eta elkarren artean gurutzatu eta katramilatzen dira. «Hain ondo idatzi dituzte pertsonaiak, haien jarrerak, pertsonaien arteko dinamikak... Ezagutzen dituzula sinetsarazten dizute, zer egingo duten aurreikusten saiatzen zara: beti uzten zaituzte jakin-minez, eta beti ematen dizute ezustekoren bat». Izquierdoren ustez, pertsonaia interesgarri «pila bat» eraiki dute: Arya Stark du gustukoenetako bat: «Primeran eraiki dute, oso modu koherentean: esaterako, Gendryk ezkontzeko eskatzen dionean, ezetz esaten dio, bere izaerari fidel izanez».

Horrez gain, istorioa kontatzeko izan duten moduak egin du berezi telesaila, Izquierdoren ustez: «Gauzak koherentzia handiz kontatzen jakin dute, gertaeren ondorioak oso kontuan hartuz». Kritika ugari egiten ari zaizkie zortzigarren denboraldiagatik, eta Izquierdo harritu samar dago: «Asko gustatzen zaidan arren, ni neu oso kritikoa naiz, baina ez dut ulertzen zenbait atalek jendeari eragin dion atzerakoa». Izan ere, aspaldi esan zuten azken denboraldiak sei atal baino ez zituela izango, eta, zenbait gauza «presaka» egiteaz gain, atalak «alferrik galtzea» ere leporatu diete. «Jendeak esan zuen ez zela ezer pasatu, adibidez, bigarren atalean, eta, nire ustez, asko mimatu zuten: hil edo biziko bataila bat zetorren, denbora askoren ostean elkartu ziren pertsonaia asko, elkarri esan gabeko gauza asko zeuzkaten esateko, eta 70 minutu oso eman zizkiguten horretarako: nire ustez, horrelako gauzak dira, hain justu, telesail hau hain handi egiten dutenak».

Zortzigarrenari egin zaion beste kritika bat izan da eduki guztia sei ataletara mugatzeak gidoiari eragin diola, eta zenbait gauza modu «zabarrean» kontatu izana leporatu diete. «Pena ematen dit ideia hain onak edukita, eta bukaera, izatez, hain onak emanda, tarteko lanketa zabarragoa izateak».


Daenerys Targaryen. Tronua eskuratzeko lehia betean da Daenerys. / HBO

Kritikak kritika, ordea, zortzigarren denboraldian ere badira «oso ondo» egin dituzten gauza asko, Izquierdoren ustez. «Esaterako, ispilu moduko bat egin dute lehenengo denboraldiarekin, keinu pila bat eginez: oso ona iruditu zait, ez polita delako bakarrik, baizik eta hainbeste denboran jarraitu duten ikusleentzako keinuak izan direlako». Halako gehiago ere izan dira, pertsonaiei eskainiak: Brienne of Tarth zaldun bihurtuz egin dioten omenaldia, edo Arya eta Sansa Stark ahizpen harremanaren garapena. «Bi bide oso desberdin egin dituzte telesail osoan, baina elkarren osagarriak direla iruditzen zait, eta, nola hasi ziren kontuan hartuta, oso polita iruditzen zait nola bukatu duten».

Uztartze «bikaina»

Antonio Lasala ere ados dago Izquierdorekin: azken denboraldian ez dute besteetan bezainbeste zaindu gidoia. Efektu berezietan aditua da Lasala: Zaragozako (Espainia) Mad Mouse Studioko zuzendari teknikoa da. Haatik, azken denboraldiko gidoiari akatsak ikusten dizkion arren, teknikoki bikain eginda dagoela uste du. «Esango nuke atentzio handiena eman didana izan dela zer gaitasun erakutsi duten erreala den guztia ordenagailuz sortua izan den guztiarekin uztartzeko. Oso zaila da hori egitea, eta erraz asko sinets dezakezu Daenerys dragoi gainera igotzen ari dela, dragoiaren sua eraikin oso bat suntsitzen ari dela, eta abar».

Lasalaren ustez, zailtasun handiko lana egin dute, kontuan hartuta telebistarako ekoitzitako telesail bat dela: «Profesionalen armada bat behar da egin dutena egiteko, efektuak hain errealak izateko». Agerikoa da zenbait gauza ordenagailuz eginak direla: izotzezko zonbiak, basati erraldoiak edo dragoiak. Baina hortik haragokoa da efektu berezien erabilera Game of Thrones-en: «Badaude antzeman ere egiten ez diren elementuak, efektu ikusezinak. Gauza oso txikiak izan daitezke: eraikinen erreplikak egitea, jende oldea biderkatzea, edo Starbuckseko ontzi bat ezabatzea, adibidez», dio, barrez.


Dragoiak. Telesaileko protagonista handiak dira dragoiak. / HBO

Hain justu, efektu berezietan aitzindari bihurtu da telesailen munduan, Lasalaren ustez. «Oso kontuan hartzeko bide bat urratu dute: telesailek ere efektu berezi oso indartsuak izan ditzaketela, eta hori ikusleak lotzeko gakoa izan daitekeela». Beste arrasto bat ere utzi du, haren esanetan, ekoizteko moduari lotuta: «Ikus-entzunezko enpresek, lehen, bere langileekin baino ez zituzten egiten telesailak; HBOk, berriz, hainbat enpresari eskatu die telesailaren zatitxoak lantzeko, eta emaitza oso duinak lortu dituzte».

Naiara Gonzalez zinema eta telesailzalea ekoizpenarekiko interesak eraman zuen Game of Thrones ikustera, eta politika eta botere kontuek lotu zuten: «Batailak eta dragoiak oso ondo daude, baina benetan interesgarriak direnak pertsonaien arteko traizioak dira: bakoitzak bere interesei baino ez die begiratzen, dena gezurra da... Hor dago mamia».

Astelehenetan, komeriak izaten ditu Gonzalezek: atal berriak lanetik atera ostean ikusten ditu, eta egun osoa pasatzen du sare sozialak saihestu nahian, spoiler-ik ez irensteko: «Nire Twitter kontuan mundua guztiak hitz egiten du Game of Thrones-i buruz atal bat estreinatzen duten aldiro; memeak asko zabaltzen dira, eta, ezer esan gabe, zer gertatu den kontatzen dizute».

Dipandas blogean idazten du Gonzalezek, beste bi lagunekin: aparteko orri bat dute Game of Thrones-i eskainia, eta atal bakoitzari buruzko iruzkinak egiten dituzte. Fan fenomenoaren elementuetako bat izan dira sarean zabaldu diren kinielak, denboraldia hasi aurretik zer gertatuko zen asmatzeko joko gisa: Gonzalezek eta haren lagunek ere eurena egin zuten.


Kings Landing. Tyrion Lannister, bataila batean, Kings Landingen. / HBO

Turismoarentzako hauspo

Telesailaren jarraitzaile andanaren beste erakusgarri bat dira Youtuben ikusgai dauden erreakzio bideoak. Ezagunenak AEBetako taberna batekoak dira, Chicagoko Burlingtonekoak: igandero elkartzen dira han atal berria ikusteko, eta pasarterik garrantzitsuenetan zer erreakzio duten erakusten dute astero. Telesailaren ekoizleak ere oso abilak izan dira zaleen ikusmina puzteko garaian; zortzigarren denboraldia estreinatzeko hilabete eskas falta zela, tronuaren sei erreplika «gorde» zituzten munduan, jarraitzaileek bila zitzaten.

Horri lotuta, Game of Thrones-ek eragin duen beste fenomeno bat turismoarena izan da: munduko hainbat lekutan grabatu dituzte atalak, eta jendetzak bisitatu ditu leku horiek, gero. Euskal Herrian ere izan du eragina: kasurik argiena, ziurrenik, Gaztelugatxekoa izango da. «Beti izan da Euskal Herriko baliabide turistikorik inportanteenetariko bat, baina argi dago izugarrizko eragina izan duela», azaldu du Eider Ormaetxeak, Urremendi landa garapeneko turismo teknikariak.

Horrek dakartzan arriskuak ere oso kontuan izan dituzte, ordea: «Zerbait egin ezean, Gaztelugatxen kalitatezko bisitak egitea ezinezko bihurtuko zen, eta doako tiketen sistema jarri du martxan Bizkaiko Aldundiak». Horrez gain, Jataondo eta Urremendi garapen agentziek informazio guneak jartzen dituzte han, opor garaietan, handik gertu dauden lekuak ere ezagut ditzaten bisitariek. «Espero baino jende gehiago erakarri du, eta ondo dago, baina asmatu behar dugu nola kudeatu, lekuaren kalitatea ez galtzeko eta tokiko bertako jendea gustura egoteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.