Mundura zabaldutako leihoa, ixtear

Internet Explorer desagertu egingo da datorren urtean; 2003an, berriz, merkatuaren %95 bereganatzen zuen. Erabiltzaileei nabigazioaren bidea erraztu zien tresna izan zen. 1995. urtean sortu zuen Microsoftek.

BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Explorer nabigatzailea ez zen bereziki azkarra, baina, beste aukerarik ez zegoenez, asko erabiltzen zen», azaldu du Oier Ruiz de Loizaga Oreka It informatika enpresako langileak. «Explorer instalatuta etortzen zen Windows ordenagailuetan, eta, besterik nahi izanez gero, ordaindu egin behar zen». Hain zuzen, abantaila hori izan zuen Explorerrek merkatua bereganatzerakoan. «Erabiltzaileak ez du lan asko egin nahi izaten nabigatzeko, eta momentu horretan eta berez datorren nabigatzailea erabiltzen du», dio Ruiz de Loizagak. Etxe askotan, Explorer nabigatzaileari esker egin zen ezagun Internet. Ordenagailuko pantailan eraztun batez inguraturik ageri zen E hizkian klikatuz, mundu osorako leihoa irekitzen zitzaion erabiltzaileari. Askorentzat, lehen tresna izan zen. Microsoften helburua Explorer Interneterako sarbide nagusi bilakatzea zen. 25 urteren ostean, baina, atzean gelditu da 1990eko hamarkadan nagusi izandako nabigatzailea: garai berrietara egokitu ez izanak, segurtasunerako ahuleziak eta nabigatzaile berrien indarrak atzean utzi dute.

2003. urte inguruan, mundu guztiak erabiltzen zuen Explorer. Bere garaian oso nabigatzaile garrantzitsua izan zen: ia mundua jan zuen, erabiltzaileen %95 lortuta. Gero hasi ziren kode libreko nabigatzaileak sortzen, eta beste batzuk agertu ziren, indartsuagoak. Bi gabezia nabarmen zituen Explorerrek: alde batetik, bateragarritasuna, eta, bestetik, ahultasuna. Beste nabigatzaileak azkarragoak ziren, eta Explorer atzean gelditzen hasi zen: datorren urtean kendu nahi dute.

Guztira 11 bertsio izan ditu Internet Explorer nabigatzaileak, eta, egun, soilik azkena mantentzen da. Amaiera data datorren urtean jarri arren, duela asko utzi zitzaion Explorer erabiltzaileari. Etxeetan, behintzat. Enpresetan, gutxiago, berez zetorren nabigatzailea zelako. Etxeetan, azken urteotan, beste nabigatzaile batzuk deskargatzeko soilik erabili da. Enpresetan, intraneteko aplikazioak erabiltzeko, eguneratu gabeko aplikazioetan, banketxeetan... Juanan Pereira EHUko Informatika Fakultateko irakaslearen arabera, «bere garaian esfortzu bat egin zuten, dirua inbertitu zuten aplikazio horietan, eta soilik Explorerren funtzionatzen dute. Baina, orokorrean, jendeak beste nabigatzaile bat instalatzen du nahita; Explorerrekin oso jende gutxi ikusten da gaur egun nabigatzen». Hain zuzen, nabigatzaileen estatistiketan Chrome da nagusi, erabiltzaileen %70 ingururekin.

Merkatua ezin handitu

Microsoftek, bere merkatua gero eta txikiagoa zela ikustean, Explorer erabat berritzea erabaki zuen. Hala, 2016. urtean, Microsoft Edge nabigatzaile berria kaleratu zuen, eta erabiltzaileak horretara bideratu zituen. Explorer baino azkarragoa zen, seguruagoa. Merkatua berriro bereganatzeko saiakera bat izan zen, baina ez zituen esperotako fruituak eman. Hala ere, Explorer oraindik gauza jakin batzuetarako nabigatzaile bakarra delako mantentzen da. Ziurtagiriak eskatzeko, esaterako. Bestalde, enpresa handietan egiten dituzten informatika programek estandar bat izaten dute, eta askotan Explorer izan dute berariazko nabigatzailea. «Zerbait ez bazebilen Explorerren, ezin zen produkzioan jarri; ezin zen aurrera eraman», aipatu du Ruiz de Loizagak. Enpresa horiek, hortaz, laster lan egiteko modua aldatu beharko dute.

Software libreko aplikazioek, hau da, edonork molda ditzakeen kodeak dituzten nabigatzaileek, indarra hartu dute azken urteetan. Microsoften softwareak, berriz, pribatiboak izan dira: «Soilik Microsoftek dauka kodea; hark erabakitzen du zer egin», azaldu du Ruiz de Loizagak. «Hori jendeari ez zaio batere gustatzen». Bestalde, Chrome eta Firefox, kaleratutako azken nabigatzaileetako bi, askoz azkarragoak dira. Are gehiago, segurtasun aldetik ere hobeak dira. «Explorerrek segurtasunerako ahulezia pila bat izan ditu denboran zehar, eta jendeari horrek beldurra ematen dio», aipatu du Pereirak.

Bestalde, Apple enpresak sakelako telefonoetarako duen indarrak bere nabigatzaile propioa, Safari, indartzea ekarri du. Nabigazioa, hein handi batean, egun telefonoetan dago, eta Googlek eta Applek, telefonoetarako bertsioekin, goranzko joera lortu dute; hala jan diote merkatua Explorerri. Alde horretatik, Microsoftek lehia galdu zuela uste du Pereirak. «Egun, %50 baino gehiago telefonoetatik sartzen da nabigatzaileetara, eta Microsoftek ez du aplikaziorik».

Nabigatzaileen gerra

«Internet Explorer nabigatzaileen gerra bat sortuta eratu zen duela 25 urte, eta, nabigatzaileen gerra horren jarraipenaren jokalekuan, galtzaile gisa desagertuko da», esan du Luistxo Fernandez Codesyntax elkarteko kideak. Hain zuzen, duela 25 urte, Explorer sortu zenean, beste nabigatzaile bat zen nagusi ordenagailuetan: Netscape. Explorer, berriz, Microsoften produktu gisa sortu zen. Etxeko ordenagailuen jabe zen Microsoft. Interneten egindako lehen urratsak traketsak izanik ere, enpresarentzat garrantzitsuena Explorer Windowsen integratzea izan zen.

Explorerrek monopolioa izatea lortu nahi zuten, baina ez zuten lortu. «Egun, beste duopolio baten erdian gaude: Safariren eta Chromeren artean», azaldu du Fernandezek. Firefox oraindik bizi da: XXI. mende hasieran gorantz joan zen, eta hurbildu zitzaion erabileran Explorerri. Baina irabazteko zela sortu zen Chrome, eta Firefoxek beherakada izan zuen. «Egun, gutxiengo baten aukera da, baina oraindik badu garrantzia. Googlek diruz laguntzen du Firefox, azken finean interesatzen baitzaio lehia bat egotea», dio Fernandezek. Erabiltzailearen segurtasunean oinarritzen dela eta euskarazko bertsioak berritzen dituen nabigatzailerik txukunena dela ohartarazi du. «Horregatik jarraitu behar dugu Firefox bultzatzen».

Gaur egun, nolabait Googlek betetzen du Microsoftek 1990eko hamarkadan zuen funtzioa. «Nabigatzaileen indarrean bai, behintzat; orain beste konpetentzia batzuk daude», azpimarratu du Pereirak. Hain zuzen, adituek diotenez, Chrome nabigatzailea da egun menperatzailea, eta funtzio batzuk Googleren mesedetan daude diseinatuta. Chrome erabiltzen duenak Googleri laguntzen dio. «Posizio menperatzaile hori Microsoft saiatu zen garai hartan betetzen, Explorerren bidez. Netscaperi tokia jan zion urte haietan; eta dominatzaile bihurtuko zen, ez balitz tartean sortu Mozilla Firefox», dio Fernandezek. Hain zuzen, Netscape enpresa gisa desagertu zenean, software libreko egitasmo horrek eragotzi zuen Explorerrek posizio menperatzailea izatea. «Horrez gain, Firefox izan zen euskaldunentzat euskaratutako lehen nabigatzailea», azpimarratu du Fernandezek.

Zulo handiak

Fernandezen arabera, ez dira hainbesterako izan Explorerren lorpenak. «Askotan, Explorer traba izan da gurearen gisako garatzaileentzat», aipatu du Codesyntaxeko kideak. «Explorerren bertsioren bat erako edo besterako gauzak egitea beti izan da lan gehigarri bat. Ezaugarri batzuek soilik Explorerren funtzionatzen zuten», azaldu du.

Horregatik, Explorer nabigazioaren alorrean ekarpena baino gehiago traba izan dela uste dute informatikari batzuek. Aitzitik, esan dute nabigatzaileari kosta egin zaiola garai berrietako teknologietara ohitzea, eta, neurri batean, Microsoftek nahita hartutako erabakia izan dela Explorer garai berrietara ez egokitzea. «Martxan mantendu dute bateragarritasun arazoengatik», gaineratu du Ruiz de Loizagak. Hala ere, Microsoftek izan du bilakaera; orain askoz irekiagoak dira Software librearekiko. Ikusi dute nabigatzaileen gerran galtzen ari zirela, eta produktua desagertzean ez zutela gehiegi galtzen. Ados dago Pereira ere: Explorer atzean gelditu da. Hala ere, uste du Explorerrek sartu zituen funtzionalitate berri batzuk baliagarri egin zaizkiela gerora estandarrak sortzen zituztenei. «Pluginek nabigatzailea hobetzen dute, eta hor aitzindaria izan zen Explorer».

Chromeri Microsofti gertatutakoa gertatzeko, baina, nabigatzaile indartsuago bat atera beharko litzatekeela uste du Ruiz de Loizagak: «Etorkizun hurbilean ez dut halakorik aurreikusten». Chromeren teknologia erabilita eta hobekuntza batzuk sartuz jarri daiteke buruan beste nabigatzaile bat.

Pereirak azpimarratu du 2021. urtean Internet Explorer desagertuko bada ere, ez dela kenduko. «Esan nahi du ez dutela egingo berrikuntzarik». Hain zuzen, Explorer gelditu egin da, eta ez dute bertsio berri bat aterako. Hala ere, Microsoftek ohartarazi du 2029. urtera arte euskarria existituko dela. Enpresa batek soilik Explorerren funtzionatzen duen aplikazioren bat baldin badu, ez du egun batetik bestera galduko.

Explorerri bukatu zaio bere garaia: ixtera doa mundura irekitako leihoa, baina, nabigazioaren alorrean dabiltzanek aitortu dutenez, ez dute haren falta bereziki igarriko. Hala ere, argi dute «erraldoien» menpe jarraituko dutela. Duela 25 urte bezala. Etorkizunean software libreen alde egin behar dela uste dute hirurek. «Euskaldunok Firefox erabiltzeko keinua politikoki interesatzen zaigu», aipatu du Fernandezek. Are gehiago, azpimarratu du, nabigatzailea bat edo beste izan, garrantzitsuena dela norberak euskaraz konfiguratua izatea .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.