Albistea entzun

Izen ez diren izenak

Ezizenak gizarte baten isla izan dira, eta hizkuntzaren bizigarri ere izan daitezke. Umorez eta ironiaz heldu zaie askotan, baina adituak ohartuta daude ukitzen dituztela jazarpenaren mugak eta generoaren arrakalak ere. Diotenez, gutxiago erabiltzen dira orain.
BERRIA

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko azaroak 27

Baserriarengatik da Aitorrena Mendarte. Arbasoen ofizioagatik Igorrena Argiñe. Aitarena jaso zuen herentzian Imanolek Trinkete. 1,90 metrotik gorako mutila da Jon, baina denentzat Juantxo da. Michael Jacksonen Thriller diskoa ahoskatzen ez zekiten umemoko haiek jarri zioten Mikeli Tiley. Badira izen ez diren izenak, baina izana ematen dutenak. Zirenak, eta ez direnak. Errepikatzen zirelako orduan patroi jakin batzuk, joera eta oinordetza jakin batzuk, baina gutxiago erabiltzen direlako orain, oso gutxi alor eta talde jakin batzuetan ere lehen, eta batere ez gero, ohartuta batzuk gainditu egiten dituztela isekaren eta jazarpenaren mugak.

Mundu bat da goitizenena, aski aztertu ez dena eta sekulako informazioa gordetzen duena. Horretan bat datoz Koldo Colomo Izengoititegia. Izarbe eta Mañeru ibarretako euskal izengoitiak liburuaren idazlea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta soziolinguista, eta Mikel Haranburu Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako doktore eta EHUko ILCLI Logikaren, Kognizioaren, Lengoaiaren eta Informazioaren Institutuko kidea. Azken horrek jarri du testuingurua: «Goitizenak garai, toki eta gizarte mota guztietan erabili izan dira. Izen propioen aitzindariak izan dira, eta izen propioak eta deiturak asmatuta gero ere iraun egin dute. Baina goitizenak ohikoagoak ziren pertsonek deiturarik —abizenik— ez zutenean eta izenen kopurua mugatuagoa zenean».

Haranburuk dio landa eremuetan erabili izan direla gehiago, baina ez bakarrik. Erabili baitira ikastetxeetan, auzoetan, kirol elkarteetan eta artista taldeetan ere: «Gehien erabiltzen diren diskurtsoak jendeari funtzionarazten dioten diskurtso sintetikoak dira, eta diskurtso mota horren adibide dira goitizenak. Pertsonaren karikatura bat ematen dute soinu gutxitan: 'Mekaguen' askotan esaten duenari Me jartzen zaio».

Badira goitizenak belaunaldi batetik bestera pasatzen direnak, badira barregarriak, badira ironikoak... «Zentzu semantikoan baino areago erabiltzen dira zentzu figuratuan», azaldu du Haranburuk. Eta hainbat funtzio betetzen dituztela ere bai: izen bereko pertsonak bereizi, elkartasun soziala sustatu, distantzia soziala txikitu, adiskidetasuna eta etsaitasuna adierazi... Haranburuk dio balio izan dutela komunitatean integratzeko ere: «Lagun minen artean sarritan goitizenak erabiltzen dituzte komunitatean edo taldean integratzeko. Oso lagun direnek sarritan goitizenez izendatzen dute elkar. Horrelakoetan intimitatearen adierazle da goitizena erabiltzea».

Haranburuk aipatu du beste funtzio bat ere: kontrol soziala. «Goitizenen sortzaileak taldearen gaineko kontrola izan nahi du». Nabarmendu du «kontuz» ibili behar dela goitizenekin, badirela «positiboak» eta «negatiboak», badirela «deskalifikatzaileak» ere, eta baztertu egin behar direla horiek: «Baina, batzuetan goitizen bat baztertu nahi denean, orduan eta gehiago irauten du».

«Amableak» eta «zitalak»

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari eta soziolinguistak ere izengoiti «amableak» eta izengoiti «zitalak» bereizi ditu. Bai baitira batzuk erabiltzen direnak pertsona horri erabiltzea gustatzen ez zaiola jakinda ere. «Gaur egungo begietatik begiratuta, zer aztertu asko egongo litzateke, bai genero ikuspegitik, bai jazarpenaren ikuspegitik», azaldu du Amonarrizek.

Koldo Colomoren Izengoititegia. Izarbe eta Mañeru ibarretako euskal izengoitiak liburuaren hitzaurrea idatzi du Amonarrizek, eta izengoitiek euskararentzat duten «erabilgarritasuna» aldarrikatu du. «Irakurtzen dituzu ezizenak, eta zure baitan diozu: hau nondik ote dator? Edo zergatik deitu ote zioten horrela? Nolakoak ote dira Txatxorrio eta Ozpin? Edo Miguelicok eta Marimokordok zer sufritu ote zuten ezizen horiek zituztelako? Jazarpena sufritu zuten? Edo gustura bizi ziren?». Amonarrizek dio ezizen horien irakurketa «etnografiko-filosofiko bat» egin litekeela: «Hori guztia ematen dute ezizenek, liburuan jasota daude, eta bizi giro baten berri ematen dute. Eta ikusten dituzu ezizen horien atzean hezur-haragizko hiztunak. Entzuten dituzu horiek bertako euskaraz oihukatuak, entzuten dituzu kalean hizketan... hizkuntza etereo bat haragizko bihurtzen dute».

Izan ere, hori zen liburuaren helburua, Colomok berak argitu duenez: «Tituluagatik, jendeak ulertuko du tokiko gai bat dela, baina nik beti defendatzen dut liburuan agertzen diren izengoitiak ziur aski Euskal Herri osoan erabili direla modu batean edo bestean». Izarbe eta Mañeru ibarretan jasotakoak dira (Nafarroa), XIII. mendetik XX.era artekoak. Berrehun asko izango zirelakoan abiatu zen Colomo, eta 425 bildu ditu. Baina ez da bilketa lan hutsa. Ikerketa lan bat da, eta dibulgazioa du helburu. Nafarroako Gobernuaren saria jaso du, eta Pamiela argitaletxeak argitaratu. «Ondasun baliagarria da gaur egun ere euskara eraikitzeko. Gu hemen eraikitzaile hutsak gara. Hemen transmisioa eten egin zen XIX. mendeko bigarren erdialdean, eta ordutik hona egin duguna izan da euskaltegian ikasi duguna... baina sortu ere egin behar duzu. Hori da apur bat liburuaren atzean dagoen benetako helburua: erregaia ematea sormenaren motorra martxan jartzeko. Iruditu zitzaidan liburu dibertigarri bat gure ondarearekin egina eta baliagarria izan daitekeena gure euskara biziagoa eta adierazkorragoa egiteko».

Liburuak «balio handia» duela azpimarratu du Amonarrizek. Aztertu baitaitezke ezizenak alderdi historiko-geografikoa aintzat hartuta, alderdi etnografiko-soziologikoari erreparatuta, eta, nola ez, alderdi linguistikoari helduta. «Gaurko euskaratik oso ongi ulertzen dugun euskara da. Eskualde horretan euskara biziberritzen ari diren honetan, lanketa jolasti eta positibo batekin, bertako euskararen ezaugarri bilakatu daitezkeenak».

Baina erabiltzen dira ezizenak gaur egun? Amonarrizek «inpresioa» dauka «askoz gutxiago» erabiltzen direla. Badu neurgailu bat: «Niri Chopo jarri zidaten bere garaian, Jose Angel Iribar atezainarengatik. Kalean norbaitek Chopo deitzen badit, badakit gutxienez 60 urte dituela. Galtzen ari da hori. Gure aurreko belaunaldiek asko erabiltzen zituzten izengoitiak, guk apur bat gutxiago, eta oraingoek nabarmen gutxiago».

Colomok ere «desagertzen» ari direla dio, landa eremuetan «biziago» daudela, baina «ez horrenbeste»hirietan: «Eskolan ere moztu egin da izengoitien erabilera, ez delako egokia, edo ez delako modu egokian erabili». Horregatik argitu du Colomok bere liburuaren proposamena ez dela orain denak «izengoitiak paratzen» hastea: «Batzuk oso gogorrak dira, eta gaur egun paratzeko ezinezkoak. Horrek mentalitate aldaketa bat agertzen du; bortitzagoak ziren orduan. Nire proposamena da pertsona, momentu eta joera jakinak deskribatzea. Baliabide linguistiko bat izatea edonork erabiltzeko. Baina bakoitzak erabaki behar du nola erabiltzen duen».

Gizonezkoek jarritakoak

Emakumezkoen izengoitiak ere «bistaratu» nahi izan ditu Colomok, eta badu liburuan atal bat «ezberdindua». Ez du ondorio argirik atera. Gutxiago direla bakarrik. «Ez dago aukerarik gogorragoak ote ziren jakiteko. Baina arlo publikoaz ari gara, eta garai hartan baztertuta eta etxean egon ziren emakumezkoak». Amonarriz apur bat harago doa: «Nik ezagutu izan ditut izengoiti batzuk oso gogorrak, oso gordinak, oso gaiztoak, iseka gisa erabiltzen zirenak. Eta gizonezkoek emakumezkoei buruz jarritakoak normalean horrelakoak izan dira». Hortxe dago gakoa, Haranbururen ustez: gizonek jartzen dituztela izengoitiak. «Goitizenak batzuetan norberaren etxetik bertatik baldin badatoz ere, gizarteko eta familia arteko komunikazio harremanetako gertaera moduan hartu behar dira nagusiki. Eta, harreman horietan, gizonek eraman dute gidaritza. Uste dugu gizonak izan direla nagusiki goitizen asmatzaileak eta goitizenak eraman dituztenak. Baina badakigu hori aukera eta baldintzapen kontua izan dela. Emakumeek beren intrahistoria idatzi ahala eta emakumeak ahalduntzen joan ahala, agertuko dira egun ezagutzen ez ditugun hainbat alderdi».

Mikel Haranburuk badu artikulu bat Eusko Ikaskuntzaren Euskonews atarian argitaratua, Luis Mari Sainz de Murietarekin batera: Goitizenen araberako pertsonen kategorizazioa. Haranburuk dio ohitura «nahiko zabaldua» dela «kultura tradizionalean» goitizenen arabera «jendea kategorizatzea». Irizpide jakin batzuk ematen ditu horretarako, eta adibide zerrenda luzearekin aberastu. Jaioterri, jaiotetxe, jaiotauzo eta bizitokiaren araberakoak daude: Bidegoikokoak eta Bidebehekoak, Zizurkilen (Gipuzkoa); Zubiaurre, Goierrin (Gipuzkoa); eta Bixkai, Getarian (Gipuzkoa). Familiaren edo norberaren ogibidea aintzat hartuta jarritakoak: Exekiel, lan egiten duen itsasontziaren izenetik hartuta, Getarian (Gipuzkoa); Tapatxulos iturginari, Hernanin (Gipuzkoa); Pinttorea margolariari, Goizuetan (Nafarroa); Apretone, alpargatagileari, Asteasun (Gipuzkoa); Pastelaneku gozogilearen familiakoari, Ondarroan (Bizkaia); Tantandarrak kanpaiak jotzen zituzten familiakoei, Zizkurkilen (Gipuzkoa); eta Mitxubisi telebista konpontzaileari, Ondarroan (Bizkaia).

Izaera, hizkera, janzkera...

Izaerak, ohiturak eta jokaerak ere informazio iturri «ezin hobeak» direla dio Haranburuk: Zartakos begietan tik bat zuelako zartadazko keinuak egiten zituenari, Arantzan (Nafarroa); Taison txikitan beti eta denekin borrokan ibiltzen zenari, Zegaman (Gipuzkoa); Submarino bere buruaz beste egin nahian errekara bere burua bota eta gehiago aguantatu ezin zuenean burua atera zuenari, Oiartzunen (Gipuzkoa); Ozpin pertsona haserrekor bati, Beran (Nafarroa); Lady Di emakume oso-oso finari, Zegaman (Gipuzkoa); eta Sandiosenekoa beti elizan zegoenari, Zumaian (Gipuzkoa).

Hizkera bera ere bada beste iturri «oparo» bat. Hiztotelek zerrenda propioa eta makurra dute: Tarta Adunan (Gipuzkoa), Barandandandandilla San Martin Unxen (Nafarroa), eta Telele Gaztelun (Gipuzkoa). Asko hitz egiten duenari, berriz, Mingañas deitu zioten Zizurkilen (Gipuzkoa). Janzkerek eta orrazkerek ere eman duten zeresana: Sotanas apaizari, Arantzan (Nafarroa); Moises ilea orraztean erdian izugarrizko arrastoa egiten zuenari, Moisesek itsasoa bitan banatzean bezala, Zegaman (Gipuzkoa). Eta funtzio eta disfuntzio fisiologikoek ere badute euren zerrenda: Imedio kola jaten zuenari, Zizurkilen (Gipuzkoa); Tufus puzkerlari sutsua zenari, Goierrin (Gipuzkoa); eta Mokoplaust muki asko jaten zituenari, Ondarroan (Bizkaia).

Gorputzaren handitasuna edo txikitasuna eta gorputzaren formen egokitasuna edo desegokitasuna goitizenak asmatzeko iturri gisa izendatzen ditu Haranburuk: Sinlepo lepo motza zuenari, eta Kurrillo lepo luzea zuenari, Zegaman (Gipuzkoa); Burus buru oso handia zuenari, Goizuetan (Nafarroa); Txatu sudurra motza zuenari, eta Tuertu begibakarrari, Ondarroan (Bizkaia); Taugres oso garaia zenari, eta Txopinko marrazki bizidunetako pertsonaiak bezala arrautza formako burua zuenari, Azpeitian (Gipuzkoa).

Bai, badira izen ez diren izenak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MAIALEN ANDRES  / @FOKU

Atzera egin dezaketen karbono piezak

Jakes Goikoetxea

Karbono konposite birprozesagarria, birziklagarria eta konpondu daitekeena garatu du Cidetec zentro teknologikoak, erretxinaren lotura kimiko dinamikoetan oinarrituta. Hegazkinetan, autoetan, trenetan eta haize errotetan erabili ahal izateko ikerketak egiten ari da erakundeekin eta enpresekin.
Atzoko osoko bilkuran onartu zuten EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Eusko Legebiltzarrak Madrili eskatu dio ekoizlearen definizioa aldatzeko

Urtzi Urkizu

Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege berriaren definizioak mesede egiten die telebista talde handiei

ETB1ek <em>Beste egun bat bizirik</em> filma (2017) eman zuen atzo, euskarara bikoiztuta, 23:30ean. ©ETB

EITBk esan du euskarazko zinema «erreserban» dutela, «aldi batez»

Urtzi Urkizu

EITBko zuzendari nagusiak EH Bilduri erantzun dio emisio leiho digitala lehenesten duela

Berdearen tonu ezberdinak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...