Auzolana arau bihurtuko duten bozkatuko dute gaur Bakaikun

Udalak bi auzolan eredu ezarri nahi ditu: deialdi orokorra eta deialdi zehatza. Batzuetan, betekizun izanen da 18 eta 55 urte bitartekoentzat

Iruñea
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
«Proposatutako auzolan eredua martxan jartzearekin ados zaude?». Hori da Bakaikuko Udalak (Nafarroa) auzolanaren erregulazio berriaren inguruan gaurko antolatu duen kontsultaren galdera. Maiatzean egindako hainbat bilera irekitan adostu zuten itauna. Bi deialdi mota ezarri nahi dituzte. Lehenak, deialdi irekiak: udalak bandoen bidez egingo ditu, eta parte hartze irekia izango dute. Bigarrenak, gutun bidezkoak: pertsona zehatzei bidaliko zaizkie zuzenean.

Erroldatutako herritarrak lanera agertu ez, edo ordezkatuko dituen inor topatzen ez badute, udalak 60 euroko isuna ezartzen ahal die. Herritar bakoitzak gehienez auzolan bakarra egin ahalko du urtean, baina betebehar horretatik kanpo geratuko dira adingabeak, 55 urtetik gorakoak, eta lanarekin bateraezinak diren gaixotasunak dituztenak.

Udalak 2028. urtera begira bultzatu duen plan estrategikoanbiltzen da auzolana garatzeko ideia; iaz eztabaidatu ziren horren edukiak. Hainbat bilera ireki egin ziren, eta 90 herritarrek baino gehiagok parte hartu zuten; prozesuaren kudeatzaileak izan ziren Bakaikuko Udala, Sakana Garapen Agentzia eta Emun, parte hartze zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa.

Plan estrategikoan, auzolana da ardatz nagusietako bat, eta hori izan da landu duten lehen puntua. Maiatzean bilera gehiago antolatu zituzten, auzolanaren eredu berri bat sortzeko helburu zehatzarekin; horietatik ateratako proposamena bozkatuko da gaurko galdeketan.

Eztabaida piztu da

«Udalak ez du herriko behar guztiei aurre egiteko baliabiderik; horregatik da beharrezkoa auzolana», azaldu du Lander Urritzak. Plan estrategikoaren jarraipen taldeko kidea da, eta baita gaurko galdeketaren antolatzaileetako bat ere. Urritzaren ustez, herritarrek beraiek auzolanean herriko baliabideak eratzeaz gain, auzolana hedatzeak «herri eredu berri bat sortzeko» ere balioko du. Baina derrigorrezko lanek kontrako iritziak sortu dituzte, batez ere isunen harira.

Galdeketan baietza ateratzen bada, udalak baimena izango du auzolanaren proiektua martxan jartzeko. Udaleko osoko bilkurara eramango litzateke maiatzeko bileretan ateratako akordioa; 297 pertsona daude deituta auzolanaren inguruko galdeketara: 18 eta 55 urte bitarteko bakaikuar erroldatuak. Udaletxean jarriko da bozkatzeko mahaia, 09:00etatik 20:00etara. Epea amaitu eta «ordu erdi eskasean» jakingo da emaitza. Auzolana udalak kudeatuko duen argituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.