Koronabirusa. Mundua

Portugalek espero du hilabete barru joko duela koronabirusak gailurra

Italian ia 800 pertsona hil dira egun bakarrean: 4.825 guztira. Espainian 1.100 gaixo baino gehiago zendu dira, eta Frantzian, 562; AEBetan, 200

mikel p ansa
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Mundu osoan 260.000 pertsona kutsatu, eta 11.000 hildako. Etengabe gora doaz COVID-19ak kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak, 182 herrialdetan atzeman dute, eta etengabe aldatuz eta gogortuz doaz munduko gobernuak ezartzen ari diren alarma eta larrialdi neurriak. Txinak berretsi du gaitza kontrolpean hartzeko bide onetik doala: atzo, hirugarren egunez jarraian, ez zen herrialdean bertan inor kutsatu. Orain kanpotik datorkio arriskua Txinari: beste herrialde batzuetatik hara sartu nahi zuten 41 gaixo atzeman zituzten atzo.

Europa eta Amerika, bitartean, kontrako bidetik doaz. Italian, Espainian, Frantzian, Portugalen, Erresuma Batuan... Datuak okertuz doaz, eta, leku askotan konfinamendu aginduak ematen ari diren arren —leku bakoitzean bere gisakoak—, inork ezin du seguru ziurtatu gailurra noiz iritsiko den. Portugalgo Gobernuak egin zuen, atzo, aurreikuspen bat: espero du apirilaren 14aren bueltan iritsiko direla gaixo gehien izango duten puntura.

Italiako datuak egunez egun larriagoak dira; herenegun 627 gaixo hil ziren, eta atzo, 793. Guztira 4.825 pertsona hil ditu koronabirusak han. Gobernuak agindu du neurriak zorrozteko: bigarren etxeetara joatea debekatu eta parkeak ixteko agindu zuen atzo.

Espainiak ere joera txarrean jarraitzen du: kutsatutakoen kopuruak %25 egin zuen gora atzo. 18.700 gaixo eta 1.136 hildako izan dituzte han. Madrilen dute arazo gehien: 804 pertsona hil dira han, herrialdekoen %70. Ospitaleak gainezka dituzte, eta hotelak, azokak egiteko pabiloiak eta kalean atondutako ospitale militarrak ari dira erabiltzen gaixoak artatzeko.

Frantziak ere, bide beretik: 14.459 gaixo atzeman dituzte, eta 562 hil dira. Azken 24 orduetan 122 gaixo hil dira. Herri batzuetan gauetan etxeratzeko agindua ezarriko dute, nahiz eta astearteaz geroztik konfinamendua agindua dagoen. Nizak eta Beziersek erabaki dute agindu hori ematea.

Erresuma Batuan, berriz, 117 hildako metatu ditu gaitzak. Boris Johnson lehen ministroak neurri zorrotzak hartzeari uko egin zion joan den astean, baina, praktikan, egunez egun gogortuz joan da. Ostiral gauean pub, jatetxe, kafetegi, zinema areto, antzoki eta gisakoak itxi zituzten, eta eskolak ere zarratu dituzte aste honetan.

Ameriketan, berriz, Bolivia gehitu zaio konfinamendua ezarri duten herrialdeei. Bitartean, Mexikok eta Brasilek oraindik uko egiten diote neurriak zorrozteari. Enpresen jarduna ez eteteko eskatu du Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak. AEBetan, berriz, 15.219 kutsatu eta 200 hildako zenbatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.