Iñaki Artola. Baikoko pilotaria

«Gutxi jokatzen ari naiz, baina inoiz ez bezala gozatzen»

Artolak aitortu du aurreko udekin alderatuta «gutxi samar» jokatzen ari dela. Baina ez du kexatu nahi: «Ni ere egon naiz beste aldean». Erronka gisa hartu du: «Saiatzen ari naiz partidetan nire onena ematen, berriro postua irabazteko».

JULEN ETXEBERRIA.
Julen Etxeberria.
Alegia
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994) gutxi ari da jokatzen udan, baina horrek ez du esan nahi ez denik ari bete-betean eguneroko lanean. Elkarrizketa bukatu bezain pronto hauspoa berotzera joan da prestatzailearengana, Axier Arteaga pilotari ohiarengana. «Gogotsu nago», aitortu du.

Zer moduz doa uda?

Ohiko udekin alderatuta, lasai doa niretzat. Ondo egonez gero, uztailean, abuztuan eta irailean, hilabeteko zortzi-hamar edo partida gehiago jokatu izan ohi ditugu. Baina, aurten, Mastersa jokatzen ari direnentzat ez beste guztiontzat nahiko lasaia izaten ari da uda. Nik uztailean lauzpabost partida jokatu nituen, eta abuztuan bost jokatuko ditut; bada zerbait, baina uda izateko gutxi samar da. Partida horiek ahalik eta ondoena prestatzen ari naiz.

Uztailaren 14tik abuztuaren 8ra egon zinen jokatu gabe; ia hilabete da. Inoiz egon zinen horrenbeste denbora jokatu gabe udan min hartuta egon gabe?

Datuak begiratu beharko nituzke, baina ezetz esango nuke. Hamar urte daramatzat profesionaletan, eta gogoan dut hastapenetan partida gehiago jokatzen genituela udan. Ez zuten bakarrik jokatzen pilotari onenek. Nire irudipena da gutxi jokatzen ari naizela, eta beste pilotariei ere entzuten ari naiz haiek ere ohi baino gutxiago ari direla jokatzen. Uda arraro samarra izaten ari da.

Zure kasuan, zein izan daiteke arrazoia horren gutxi jokatzeko?

Ufa! Ez dakit. Batetik, jaialdi gutxiago daude; eta, bestetik, Mastersak bere gain hartzen ditu; txapelketa horretan ari diren pilotariek ziurtatua dute astero partida bat jokatzea, eta zailagoa da guri partida gehiago jartzea. Enpresak erabakitzen du nork jokatzen duen Mastersa, eta niri kanpoan geratzea tokatu zait. Ez dut uste ezkutuko arrazoirik dagoenik. Nire kasua bakarra balitz, gaizki pentsatuko nuke, baina gehiago daude nire egoera berean, ohi baino gutxiago jokatzen; adibidez, Arangurenek ere hiru bat aste egin ditu jokatu gabe.

Mastersetik kanpo geratu zinen, baina ez zara jokatzen ari udako torneo nagusiak ere.

Hala da, eta horregatik ari da izaten uda berezi samarra. Ohituta nengoen urtero torneo garrantzitsu horietakoren bat jokatzera. Mastersetik kanpo geratu ondoren, banuen itxaropena torneo horietakoren bat jokatzeko, baina ni horietatik ere kanpo uzten ari da enpresa. Hala ere, eta gezurra badirudi ere, gero eta garrantzi txikiagoa ematen diot horri. Niizugarri motibatzen nau Elezkanoren edo Peio Etxeberriaren aurka jokatzeak, nahiz eta jaialdiko aurreneko partida izan. Nire esku dagoen gauzetan dut arreta; oso motibatuta nago. Gainera, oso barneratua dut hau boladaka doala. Adibidez, izan dira garaiak partida handiak eta estelarrak jokatu ditudanak, eta erreta sentitu naizenak. Orain, aldiz, oso gogotsu irteten naiz kantxara. Oso motibatuta nago entrenatzeko eta jokatzeko. Gutxi ari naiz jokatzen, baina inoiz ez bezala gozatzen.

Ez diozu esan enpresari gehiago jokatu nahi duzula?

Bakoitzaren araberakoa da hori. Ni ez naiz asko kexatzekoa; ez dut uste ezertarako balio duenik. Enpresak beste batzuen alde egin du apustu orain, eta hori onartu beharra dut. Gainera, nik hamar urte daramatzat profesionaletan, eta beste aldean egon naiz ere bai: niri ere eman dizkidate aukerak, eta, horretarako, beste batzuk geratu dira kanpoan. Alde horretatik, zintzoa izan behar dut. Azkenaldian, kontrakoa egokitzen ari zait, baina erronka gisa hartu dut. Saiatzen ari naiz partidetan nire onena ematen, berriro postua irabazteko.

Unai Lasok min hartu eta gero, pentsatu zenuen aukera gehiago izango zenituela? Iaz, hura ordezkatu zenuen sanferminetan, eta txapeldun izan zinen Jon Mariezkurrenarekin.

Noski, pentsatu nuen. Baikon, antzeko maila dugun pilotari batzuk gaude, eta denok izan genezakeen aukera jokatzeko. Baina enpresak beste batzuen alde egin du apustu. Ez diot buelta gehiegi eman nahi. Nik gogotsu jarraituko dut lanean eta entrenatzen, eta ilusio berarekin irtengo naiz kantxara.

Ez zaude haserre horren gutxi jokatzeagatik?

Ez. Noski, eragiten dizu txapelketa batetik kanpo geratzeak. Gezurra litzateke berdin zaidala esatea. Oraindik badut esperantza uda honetan torneoren bat jokatzeko. Ez bada suertatzen, ez naiz umore txarrez joango frontoira. Ez, pilotari profesionalak garelako, eta edozein herritara edozein partida jokatzera joatea pribilegio bat dugulako. Gero eta gehiago pentsatzen dut hori.

Udaz ari gara, baina ez dituzu jokatu azken bi binakakoak ere. Nola daramazu?

Tira, hasi nintzenetik egon naiz beti mugan: bi urtez jarraian jokatu izan dut binakakoa, eta hirugarrenean ez. Beti egon naiz hari batetik zintzilik. Batzuetan, pixka bat nekagarri egin zait beti erakutsi behar hori. Badaude pilotariak haien merituei esker ziurtatua dutenak txapelketak jokatzea; badakite nahikoa dutela txapelketa prestatzea, eta ez dutela bi hilabete lehenagoko partida guztietan erakusten aritu behar maila dutela. Nik beti sentitu izan dut txapelketa guztien aurretik maila dudala erakusteko beharra eta, horretarako, urte osoan piztuta egon beharra. Baina, hain zuzen, hori ere izan da niretzat motibazioari eusteko arrazoia.

Motibazioari eusten diozu, beraz?

Bai. Baina egia da guk onenekin lehiatu nahi dugula, eta torneo edo txapelketa handi bat jokatu behar duzunean motibazioak gora egiten duela. Baina denborarekin zerbait ikasten eta barneratzen ari banaiz, hori da estelarrak jokatu edo ez pilotari bizitza ez dela luzea izango, eta gozatu egin behar dudala. Are, barruan askoz laburragoa da: hamar urte daramatzat, eta bi egun izan diren sentipena dut! Gero eta barneratuagoa dut denbora hau aprobetxatu behar dudala; gero, izango dut denbora beste gauza batzuk egiteko, baina ez pilotan jokatzeko. Adibidez, niretzat gauza handia da Bilboko edo Donostiako aste nagusietan jokatzea, izan estelarra, edo lehen edo hirugarren partida. Zergatik? Laster ez dudalako izango aukerarik halakoak bizitzeko. Horregatik, pilotan dudan helburu nagusia da uzten dudanean ez izatea damurik, ez behar bezainbeste ez saiatu izanaz, ezta bizitzaren aldi eder hau behar bezala gozatu ez izanaz ere.

Duela bi urte sorbaldan lesio larria izan aurretik beti zenioen gutxiago edo gehiago baina urtero «goraka» ari zinela. Lesio hark garapen hori eten du?

Ez dut uste. Oraindik gauza asko ditut ikasteko, eta sinetsita nago oraindik asko hobetu dezakedala, teknikoki eta psikologikoki. Sasoiko ikusten dut neure burua, eta uste dut pilotari oraindik urte onak eman diezazkiokedala. Ondo ari naizela uste dut. Azken bi banakako txapelketak, lau eta erdikoa eta buruz burukoa ziren nire aukera berriz postua irabazteko, baina partida txarrik egin gabe ezin izan nituen irabazi. Horrek geldiarazi nau postua berreskuratzeko bidean. Baina urte osoa kontuan hartuta, nahiko konforme nago egiten ari naizenarekin: nahiko erregular ari naiz, eta, orokorrean, maila nahiko handia ematen.

Urtean zehar gutxiago jokatzeak eragin dizu banakako txapelketetako partida horiek presiopean jokatzeak?

Ez luke hala izan behar, baina, bai, eragina du. Benetako garaia iritsi zaidanean sentitu dut hori. Hastapenetan, aukera bat galdu eta gero, segituan duzu beste bat, baina urteek aurrera egin ahala, tutua gero eta estuagoa da, eta nahi gabe presio handiagoa sentitzen duzu halako partida erabakigarrietan; sentitzen duzu asko duzula jokoan. Eta ez da erraza horrela jokatzea.

Lesio horrek garapena eten edo ez, eragotzi egin zizun lehen aldiz buruz buruko finala jokatzea. Oraindik bueltak ematen dizkiozu gertatu zitzaizunari?

Ez. Ahaztua dut. Baina kostatu zait. Azkenaldian oso gertu sentitu dut Tolosari gertatu zaiona [min hartu zuen, hura etaJokin Altuna binakakoaren finalerdietako partida erabakigarria irabazten ari zirela]. Esan nion Tolosari oso luzea dela gertatutakoari buelta emateko prozesua, lesio bat ez delako bakarrik geldi egoten zaren denbora, baita itzulitakoan berriro sasoia hartzeko behar duzun denbora ere. Kolpe handia izan zen gertatu zitzaidana, baina buelta eman diot. Finalerako sailkatu izanaren harrotasunari eusten diot oraindik ere. Zauria itxita dago, baina horrek ez du esan nahi batzuetan ez dudanik pentsatzen finala jokatzeak mesede egingo zidala ondorengo txapelketetan aritzeko orduan. Agian, gauzak ezberdin izango ziren. Pentsa txapela irabazi izan banu! Oso ondo nengoen, pentsatzen nuen edonori irabaz niezaiokeela. Txapela irabazi ez, baina final ona jokatu izan banu, horrek ere erakusleihoan jarriko nindukeen, eta estatus bat lortuko nukeen enpresan. Baina ez nuen jokatu, eta aukera hori galdu nuen. Ordutik ez dut jokatu binakakorik. Ez du logikarik buruz buruko finalera iritsi eta gero, inoiz baino aukera gutxiago izateak. Argi dago finala ez jokatu izanaren ondorioa dela.

Urte bukaeran bukatuko zaizu kontratua Baikorekin. Hasi zarete hitz egiten?

Oraindik ez gara hasi hizketan. Normalean, azken unean hitz egiten ditugu halako kontuak.

Zer itxura hartzen diozu? Kontuan hartuta, gero eta gutxiago ari zarela jokatzen.

Ez dakit. Nik uste dut enpresak nirekin kontatzen duela. Nik sentitzen dudana da urte onak ditudala emateko. Nik jarraitu nahi dut, dudarik gabe. Gogotsu eta motibatuta nago goi mailan jokatzen jarraitzeko.

Izarrak, batetik, eta gazteak, bestetik. Enpresek horrela antolatzeko joera dute gaur egun. Tartean zaude zu.

Hala da, joera hori da: goian, izarrak, txapelak irabazten ari diren pilotariak daude, eta horien azpian enpresek nahiago dituzte pilotari berriak, gazteak. Baina kirol bati ospea ematen diona da maila handien dutenak aritzea.

Torneo garrantzitsuren bat jokatzeko itxaropena duzula esan duzu. Hilaren 22an, Bizkaia torneoko finala jokatuko duzu Bilbon. Jon Ander Albisurekin ariko zara, Jokin Altunaren eta Julen Martijaren kontra. Partida ederra da.

Hala da, eta ilusio handia egiten dit. Taldeak egiten duena hartzen da kontuan [lau eta erdiko, binakako eta buruz buruko partida bana jokatuko dute], baina binakako lehiak du beti ospe handien. Beste aukera bat da nire balioa erakusteko. Oso motibatuta nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.