Ez du inor epel utzi

Aspek Binakako Txapelketatik kanpo utzi du Iker Irribarria. Ostiralean hasiko da lehiaketa, eta maiatzaren 9an jokatuko da finala, Bilbon

Binakako Txapelketan parte hartuko duten pilotariak, atzo, Bizkaia pilotalekuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Bilbo
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Igandean amaitu zen pilotako urteko azken lehiaketa: Lau eta Erdiko Txapelketa. Eta atseden hartzeko apenas tarterik gabe, atzo aurkeztu zuten datorren sasoiko Binakako Txapelketa, Bilbon, Bizkaia frontoian. Urtea hastearekin batera abiatuko da lehiaketa, ostiralean, Eibarren (Gipuzkoa): Jaka-Martija, Altuna III.a-Mariezkurrena II.aren aurka arituko dira. Finala, berriz, maiatzaren 9an jokatuko da, Bizkaia pilotalekuan.

Bi dira hutsune nagusiak: Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarria. Hala, kanpoan geratu dira buruz burukoan txapeldun izandako bi pilotari. Zalantza zen ea zein izango zen Aspek aukeratuko zuen laugarren aurrelaria, Altuna III.a, Erik Jaka eta Joseba Ezkurdia ziurtzat jotzen baitziren, eta Danel Elezkanoren alde egin du enpresak. Alderantziz izan zen iaz: Elezkano II.a kanpoan geratu zen orduan, Irribarriaren mesedetan. Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak atzo aitortu zuen Irribarria kanpoan uztea «zaila» izan dela, eta badakitela «ez dela erabaki justua». «Maila handiko aurrelariak ditugu, eta laurentzat baino ez dago lekurik. Iaz, txapelduna izanda, Danel geratu zen kanpoan. Aurten, Ikerri tokatu zaio. Asko pentsatu ondoren, erabaki hori hartu dugu». Elezkano II.ak esan zuen beretzat «pozgarria» izan dela bere aldeko apustua egitea, eta txapelketa on bat osatzeko «gogotsu» agertu zen. «Pilotari asko gaude, aurrelari asko. Enpresarentzat ona da horrenbeste egotea hor lehian, baina kanpoan gelditzea beti izaten da gogorra. Kanpoan geratu direnei animoak bidaltzen dizkiet; niri aurreko urtean ere tokatu zitzaidan». Jose Javier Zabaleta izango du bikotekide. «Atzelari onenetakoa da. Oso gustura jokatuko dut. Ea hari laguntzeko gai naizen».

Unai Iglesias Baikoko ordezkariaren arabera, berriz, Bengoetxea VI.a ez hautatzeko erabakiaren atzean«kirol ikuspegia soilik» hartu dute kontuan. «Erabaki zaila izan da. Azkenera arte zalantzak izan ditugu, baina, lehenago edo beranduago, gazteei aukera eman behar zaie». Bestalde, estreinakoz arituko dira titular gisa Jon Ander Peña eta Aitor Aranguren. Bengoetxearen ordez sartu da zerrendan, hain zuzen, Peña II.a. «Txiki-txikitatik txapelketa honetan egotea amesten dute pilotan aritzen diren ume guztiek, eta ilusio handia dut. Atzelari oso ona tokatu zait [Jon Ander Albisu]. Ea bikote ona osatzen dugun». «Konfiantzarekin» dago, eta txapelketa on bat egiteko gogoz. Arangurenek, berriz, aitortu zuen «ilusio berezia» egiten diola binakakoa jokatzeak.

Badago bestelako berritasunik hurrengo txapelketan. Jakinarazi zen bezala, bi enpresen arteko desoreka murrizteko asmoz —Aspe nagusitu da azken urteetan—, Beñat Rezusta Baikorekin arituko da, Aspek utzita. Aimar Olaizola izango du kide, txapelketan eskarmenturik handiena duen pilotaria, eta txapela irabazteko asmoz lehiatuko diren bikote indartsuenetako bat izango da. Gustura zen Rezusta: «Aldaketa dago. Niretzat gauza berria izango da, baina nahiko normal hartzeko kontua da. Ea bikote moduan ondo funtzionatzen dugun. Asko ez dut jokatu harekin, torneoren bat edo. Orain arte uste dut nahiko ondo moldatu garela. Pilotari handia da». Adierazi zuen azkenaldian «gorabehera» batzuk izan dituela, baina ahalik eta ondoen iritsi nahi duela lehiara.

Jon Mariezkurrenak, berriz, Asperekin jokatuko du. «Oso pozik nago. Ez nuen espero dei hau hain goiz». Jokin Altuna izango da haren bikotekidea, lau eta erdikoan nagusitu berri den aurrelaria. Ez du kexarik. «Jokinekin jokatzea ikaragarria da niretzat. Badakigu nolakoa den. Orain dagoen hoberena edo hoberenetarikoa da. Espero dut biok lan ona egitea». Kantxetatik kanpo denbora bat eman duen arren, fisikoki «ondo» dagoela adierazi zuen, baita eskuetatik ere.

Azken aldian, Ezkurdiak eta Julen Martijak jantzi zuten txapela. Eta bolada gozoan dagoen aurrelaria egokitu zaio oraingoan ere Martijari: Erik Jaka. Buruz burukoa irabazi zuen duela gutxi, eta lau eta erdikoan txapeldunorde izan zen, Altunaren kontra galduta. Zalantzarik gabe, adi erreparatu beharreko bikotea izango da.

Ezkurdia, berriz, Ladis Galarzarekin arituko da. Pozik zegoen arbizuarra: «Ea lortzen dugun erregularrak izatea. Badakigu txapelketa zaila dugula aurrean, bikote on asko baitaude. Gu gurea egitean saiatuko gara, eta ea finalerdietan sartzen garen».

Sistemari eutsi diote

Txapelketari dagokionez, iazko sistema berari eutsiko diote. Zazpi jardunaldiko bi itzuli jokatuko dituzte hasieran. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkarako, eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatutakoek kanporaketak jokatuko dituzte. Gero, finalerdietako ligaxka bat izango da, eta bi onenak finalean ariko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.