Zortzi bikote eta bi txapel

Aspek binakako txapelketatik kanpo utzi du Etxeberria; Baikok, Artola. Iazko bi bikote arituko dira aurten ere: Elezkano II.a-Zabaleta eta Peña II.a-Albisu. Ostiralean hasi, eta apirilaren 3an amaituko da

Binakako txapelketan ariko diren hamasei pilotariak, atzoko aurkezpenean, Bilboko Bizkaia frontoiko harmailetan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar - Paulo Ostolaza
Bilbo
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Oreka eta gaztetasuna: Aspeko eta Baikoko ordezkariek bi hitz horiek nabarmendu zituzten beste guztien gainetik atzo egin zuten binakako txapelketako aurkezpenean, Bizkaia frontoian. Izenei dagokienez, ordea, badira pare bat bikote beste bikoteen gainetik nabarmendu daitezkeenak. Edonola ere, bakoitzaren sasoiak eta jokoak markatuko dituzte aldeak. Lau eta erdikoa amaitu berritan, ate joka dator pilotalekuetara pilotazale gehien erakartzen duen txapelketa. Ostiralean hasiko da, Berriozarren (Nafarroa), eta apirilaren 3an emango zaio amaiera, Bizkaia pilotalekuan.

Berritasunak bikoteen osaketan daude. Aspen, ezusteko nagusia zera izan da, Iker Irribarria txapelketan sartzea, iaz kanpoan geratu baitzen. Aramarrak badaki zer den binaka txapela janztea; zehazki, 2017ko final hura irabazi zueneko bikote bera izango du aurten ere: Beñat Rezusta. Halere, lesio larri bat eta Peio Etxeberriak lau eta erdian izan duen joko ona tarteko, bere parte hartzea «zalantzan» egon da azken ordura arte. Zalantzak zalantza, zaku horretan da Irribarria. «Urtebete neraman txapelketa nagusirik jokatu gabe. Enpresak konfiantza jarri du niregan, eta, alde horretatik, lasaitasuna hartu dut. Oso gustura eta jokatzen hasteko desiratzen nago. Gozatzea dut helburu». Halere, Irribarriak argi du ez duela erlaxatzeko astirik: «Badakit urtero txapelketa jokatzeko lekua ez dudala bermatuta; beraz, aukera dagoenean, dudan guztia eman beharko dut».

Xabier Tolosa estreinakoz titular arituko da. Anoetarrak Joseba Ezkurdia izango du bikote. «Gustura» da atzelaria. «Oso eskertuta nago Aspek eman didan aukeragatik. Joseba sekulako pilotaria da, izar bat. Pozik nago, baina badakit ardura handia dudala. Ea mailarik ona ematen dudan».

Eibarko enpresak, berriz, egungo bikote txapeldunaren aldeko apustua egin du: Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak elkarrekin jokatuko dute. Zaratamarrak hirugarren txapela irabazi nahi du; etxarrendarrak, laugarrena. «Joan den urtean eman genuen maila berresten badugu, txapela irabazteko aukera izango dugu. Halere, bikote gogorrak daude, eta lan handia egin beharko dugu», azaldu zuen atzelari nafarrak. Hain justu, gehienek Elezkano II.a-Zabaleta jotzen dute faborito lehiaketako txapeldun izateko. Azkenik, Altuna III.a lau eta erdiko txapeldunak Julen Martija izango du bidelagun; orain dela hiru urte aritu ziren bikote gisa.

Baikori dagokionez, Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu egungo txapeldunordeek elkarrekin jokatuko dute aurten ere. Helburua, argia: azken urratsa egitea. «Iaz, txapeletik oso gertu ibili ginen; ea aurten irabazten dugun. Horretarako, partidaz partida joan beharko dugu». Bilboko enpresak egun duen pilotaririk onentsuen Unai Lasori Ander Imaz jarri diote atzeko koadroetan. Baikok daraman lehortearen harira, Bizkarreta-Gerendiaingoak beste konbinazio baten alde egingo zukeen txapela irabazteko. Aho bizarrik gabe mintzatu da: «Uste dut enpresak Jonen [Mariezkurrena] eta bion aldeko apustua egin behar zuela, biok maila handia ematen ari baikara. Gainera, pilotalekuetara jende asko erakartzen dugu, eta hori oso garrantzitsua da enpresarentzat».

Hain zuzen, iaz, Erik Jakak eta Mariezkurrena II.ak Asperekin jokatu zuten; aurten Baikorekin jokatuko dute biek, eta bikote moduan gainera. Joan den urtean Martija eta Altuna III.a izan zituzten bikote, hurrenez hurren. Berriozartarrak uste du hark eta Jakak bikote «indartsua» osatu dutela. Baikoren laugarren bikotean, berriz, Mikel Urrutikoetxeak eta Aitor Arangurenek eskarmentua eta gaztetasuna uztartuko dituzte. Iñaki Artola izan da izen nagusienen artean zerrendatik kanpo geratu den pilotaria.

Aurtengo lehiaketak iazko egitura bera izango du. Bikote denak denen aurka ariko dira, eta lehen fasean hamalau partidako ligax- ka jokatuko dute. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligaxkarako, eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatutakoek kanporaketak jokatuko dituzte. Ondoren, finalerdietako ligaxka bat izango da, eta lehen bi bikoteak finalean ariko dira. Finala atzeratzeko aukerarik ez da egongo; zehazki, jokatu ezin duen pilotariaren lekua ondoen sailkatu den enpresa bereko pilotariak beteko du.

Ongi hastea, gako

Pilotari guztiek nabarmendu zuten oso garrantzitsua izango dela lehen partidatik ongi hastea. Hauek izango dira lehen jardunaldiko lau norgehiagokak: lehen neurketa Jaka-Mariezkurrena II.ak eta Peña II.a-Albisuk jokatuko dute, ostiralean (22:00, ETB 1), Berriozarren (Nafarroa); larunbatean, bi partida jokatuko dira: Altuna III.a-Martijaren eta Irribarria-Rezustaren artekoa, Bartzelonan (16:30), eta Urrutikoetxea-Arangurenen eta Laso-Imazen artekoa, Iruñeko Labriten (17:15). Azkenik, Ezkurdia-Tolosak eta Elezkano II.a-Zabaletak itxiko dute jardunaldia, igandean (17:00, ETB 1), Mungian (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.