Etxean uso, kanpoan otso

Ultzamako Buruzgainek eta Azpeitiko Ilunpek irabazi egin dute Berria txapelketan, eta elkarren kontra jokatuko dute final-laurdenetan

Ilunpe Azpeitiko taldeko pilotariak. BERRIA.
jon eskudero
2022ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Berria txapelketako final-zortzirenetako orain arteko kanporaketa guztietan gertatu bezala, zerrendaburuek ez dute hutsik egin. Hiru partidetatik bi irabazita sailkatu dira final-laurdenetarako Ultzamako (Nafarroa) Buruzgain eta Azpeitiko Ilunpe (Gipuzkoa). Elkarren kontra ariko dira. Buruzgainek aski izan zituen jaialdiko lehen bi partidak Burlatako Zugarralde menderatzeko (Nafarroa). Beste horrenbeste egin zuten azpeitiarrek Iurretako Olaburu kanporatzeko (Bizkaia).

BURLATAN
Buruzgain (Ultzama) 2
Zugarralde (Burlata) 1


Etxean jokatzeari ez zion inolako etekinik atera Burlatako Zugarraldek, igande goizez, Askatasuna pilotalekuan. Izan ere, lehen bi partidetan galdu zuen kanporaketa. Kadeteen mailan, Buruzgaineko Barberenak eta Gaskuek 22-10 irabazi zieten Zugarraldeko Urmenetari eta Hualderi. Partida estua aurreikus zitekeen, eta lehiaren hasierak ez zuen bestelakorik adierazi. Bosnakora arte estu joan ziren kontuak, baina, hortik aurrera, Gaskueren sendotasunak agindu zuen. Barberenak ongi lagunduta, garaipen erosoa lortu zuten bisitariek.

Gazteen arteko partidan ez zen kolorerik egon, Ultzamako Mikelarenak eta Garañok 22-2 menderatu baitzituzten Zugarraldeko Rebole eta Salcedo. Maila horretan dagoen atzelaririk onenetakoa da Garaño, eta haren joari aurre egin ezinda aritu ziren etxekoak. Mikelarenak ere min handia egin zuen sakearen bidez. Horiek hala, guztia erabakita zegoen nagusien partida jokatzerako, eta, akaso horren ondorioz, ez zen partida ona izan. Oso maila oneko lau pilotari kantxaratu ziren, baina Zugarraldeko Elizaldek eta Alduntzinek oso erraz irabazi zieten Ultzamako Iriarteri eta Sarasari: 22-10. Sarasa kantxari neurria hartu ezinda ibili zen, eta Elizaldek hori baliatu zuen mota guztietako tantoak egiteko.

IURRETAN
Ilunpe (Azpeitia) 2
Olaburu (Iurreta) 1


Buruzgainek egin bezala, Ilunpek ere garaipen bikaina lortu zuen etxetik urrun, igande arratsaldez. Triste samar joan zen kanporaketa, hiru partidetan ezer handirik ikusi gabe geratu baitziren pilotazaleak. Lehen bi partidetan oso nagusi izan ziren azpeitiarrak, eta azkenekoan ohorezko puntua lortu zuten etxekoek. Hain zuzen, kadeteen mailan 22-10 irabazi zieten Ilunpeko Otaegik eta Larrañagak Olaburuko Zarateri eta Aldeari. Hasiera berdindua izan zuen lehiak, zortzinakora arte behintzat, baina, hortik aurrera, Otaegiren joak agindu zuen neurketan. Haren eskuin indartsuak abantaila eman zien.

Askoz errazago nagusitu ziren gipuzkoarrak gazteen arteko partidan: Labakak eta Egigurenek 22-2 hartu zituzten mendean Olaburuko Rementeria eta Romero. Aurrean zein atzean askoz gehiago izan ziren irabazleak. Kontuak hala, ez zegoen ezer jokoan nagusien partidan, baina, gutxienez, puntu bat eskuratzeko baliatu zuten aukera bizkaitarrek. 22-6 irabazi zuten Bereikuak eta Diezek Elosegiren eta Larrañagaren kontra. Hutsune garrantzitsuak zituen Ilunpek maila horretan, baina bizkaitarren garaipena ez dago ezbaian jartzerik, maila dotorean jokatu baitzuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.