Aukerak zabalduz

Aspek Binakako Txapelketatik kanpo utzi du Danel Elezkano. Lehen bi sailkatuak zuzenean izango dira finalerdietako ligaxkan, eta beste biak kanporaketa bidez sailkatuko dira

Binakako Txapelketan parte hartuko duten pilotariak, atzo, Bizkaia pilotalekuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Bilbo
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Aurkezpenean baieztatu zen zurrumurrua. Aspek Binakako Txapelketatik kanpo utzi du iazko bikote txapeldunaren aurrelaria: Danel Elezkano. Beñat Rezustarekin jantzi zuen txapela Zaratamoko (Bizkaia) pilotariak, baina aurten ez da ariko. Baikok zuen beste zalantza: Oinatz Bengoetxearekin. Baina Leitzakoak (Nafarroa) txapelketa jokatuko du, Jon Mariezkurrenarekin batera. Hala, Andoni Aretxabaleta kanpoan geratuko da oraingoan.

Txapelketa atzo aurkeztu zuten Bizkaia frontoian. Guztira zortzi bikote izango dira nor baino nor gehiago. Ostiralean jokatuko dute lehen neurketa, Azkoitian (Gipuzkoa). Bertan, Ezkurdiak eta Martijak Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren aurka jokatuko dute. Finala apirilaren 5ean izango da, Bizkaia pilotalekuan. Lau hilabete iraungo du, beraz, txapelketak.

Oraingo honetan ere ligaxka moduan jokatuko da. Baina bada aldaketa bat. Aurreko ligaxkako lehen bi sailkatuak zuzenean izango dira finalerdietako ligaxkan. Beste bi bikoteak kanporaketa bidez sailkatuko dira. Hirugarren eta seigarren postu artean sailkatutako bikoteek jokatuko dituzte kanporaketa horiek. Hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta laugarrenak bosgarrenaren kontra. Kanporaketa horietako irabazleak finalerdietako ligaxkan izango dira. Kanporaketa horiek otsailaren 29an eta martxoaren 1ean jokatuko dira. Hala, txapelketak aurreko urtean baino bi partida gehiago izango ditu.

Kanporaketa horien bidez aukera gehiago eman nahi dizkiete hirugarren postutik seigarrenera sailkatuko diren bikoteei finalerdietan egoteko. Hala azaldu zuen Borja Osez Pilota Enpresen ligako epaile bakarrak, atzoko prentsaurrekoan: «Puntu kopuruetan ez zegoen alde handirik hirugarren postutik behera geratzenziren bikoteen artean. Kanporaketa hauen bidez berdintasun hori baliatu nahi da».

Baina txapelketa eredutik harago, parte hartzean zegoen atzo ikusmina. Elezkanoren izena aurkezpenera bertaratu ziren guztien ahotan zegoen, ez baita ohikoa txapelduna kanpoan uztea. Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak azalpenak eman zituen egindako aukeraketari buruz eta Elezkano kanpoan utzi izanaz: «Txapelketa bat irabazteak ez dio inori lekua ziurtatzen. Txapelketa honetan nork parte hartuko duen erabakitzea erraza izaten da; zailena da kanpoan zein pilotarik geratu behar duten aukeratzea».

Errandoneari erabakien irizpideengatik galdetu zioten, eta azaldu zuen «kirolari lotutakoak» izan direla. Bikoteak osatzeko orduan zalantza asko eduki dituztela ere gaineratu zuen. «Pilotarien maila gero eta handiagoa da. Baina erabakiaren alde positiboa da jokalari berriei aukera emango diegula».

Jokalari horietako bat da Erik Jaka. Jose Jabier Zabaletarekin jokatuko du, eta pozik zegoen. «Egin dudan lanaren poderioz iritsi naiz hona, eta orain berdin jarraitzea tokatzen da. Partida on gehiago egin ditut txarrak baino azkenengo urte hauetan, eta hala segitu nahi dut txapelketa honetan ere».

Aspen nabarmendu beharreko bestea da aurretik txapeldun izandako bikote bat dagoela: Irribarria eta Rezusta. 2017an irabazi zuten txapela, eta berriro ere elkarrekin aritzeko aukera eman diete.

Bengoetxearen zalantzak

Baikon ere bada elkarrekin txapela jantzia duen bikote bat: Olaizola II.a eta Urrutikoetxea. 2016an lortu zuten txapelketa irabaztea. Lehiara bueltatu berri da Zaratamoko pilotaria, min hartuta egon eta gero. Berriro ere atzelari jokatzea egokituko zaio. Itzuli denetik bi partida baino ez ditu jokatu: «Duda horrekin nago, lesio batetik atera berri bainaiz. Orain, garrantzitsuena partidak jokatzea da, sasoia ahalik eta azkarren berreskuratzeko». Gustura zegoen Olaizolarekin jokatzeagatik. «Elkarrekin jokatu genuen txapelketan oso ondo aritu ginen. Finalerdietara heldu ginen galdu barik. Niri beti egin dit ilusioa Aimarrekin jokatzeak, eta uste dut partida politak egingo ditugula».

Oinatz Bengoetxeak beste urtebetez izango du lekua txapelketan, nahiz eta kanpoan geratukozen ustea zegoen azken egunetan. «Pilotari on asko daude txapelketa honetan. Nik ere ez nuen neure burua barruan ikusi azken unera arte».

Ostiraleko partidan Lau eta Erdiko Txapelketako bi finalistak izango dira elkarren aurka: Ezkurdia eta Altuna III.a. Aspeko bi pilotariek onartu zuten nekea nabari dutela igandeko finala jokatu eta gero, baina txapelketari begira jarri dira.

Altunaren ustez, enpresa biek «bikote oso gogorrak» osatu dituzte txapelketarako. Amezketakoak askotan jokatu du Ladis Galarzarekin, eta uste du ondo konponduko direla. «Gogoz nago jokatzeko»

Ezkurdia ere pozik zegoen bere bikotekidearekin: «Oreka handia dago bikoteen artean, eta txapelketa polit bat egitea espero dugu. Nekea bai nabaritzen dut, lau eta erdian tentsio handia izan baita. Baina espero dut ostiralerako gorputzari buelta ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.