Gaurko dantza, gaurko jendeak egina eta gaurko jendearentzat, EHZn

Hamabost etorkinek proiektu artistiko bat prestatuko dute EHZko muntaketa denboran. Bi aldiz erakutsiko dute festibalean bertan

Astelehenetik Irisarrin dira Danse konpainiako kideak, Ipar Euskal Herrian bizi diren etorkinekin lanean. NATHALIE FRENET.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
«Etorkinei hitza eman nahi diegu, nahi dutena adierazteko leku bat eta momentu bat eskainiz». Coline Billen Belgikako Transe-en-Danse dantza konpainiako kide da; koreografo eta zuzendari artistiko ere bai. Astelehenetik goiti Irisarrin (Nafarroa Beherea) izanen da, Belgikako beste hiru dantzarirekin, eta aste bateko proiektua muntatuko dute Ipar Euskal Herrian diren hamabost etorkinekin.

«Dantzaren eta bestelako hainbat adierazpideren bitartez taularatuko ditugu etorkinak bere baitan dituen sentimenduak, sentsazioak eta nahi duen guztia». Proiektu artistikoa taularatu aitzin, egunero landuko dute ikusgarria, lehenik elkar-ezagutzeko eta konfiantza hartzeko denbora utziz. «Jokoak, espazioa okupatzeko mugimenduak, kantuak eta beste aktibitateak eginen ditugu, gero elkarrekin zerbait sortu ahal izateko». Billenek azaldu du sormen guztia «elkarren ezagutzatik» abiatzen dela, eta helburua komunikatzea dela, elkarren hizkuntza ulertu gabe ere.

«Hitza eman nahi diegu, baina horrek ez du erran nahi mintzatuko direnik. Gorputz adierazpenak baliatzen ditugu hitzetan ezarri ezin dena kontatzeko, eta kulturarteko elkarrizketak sortzen ditugu».

Transe-en-Danse konpainia «ohitua» da horrelako proiektuen eramaten, eta ikusgarri bakoitzean gai sozialak dituzte ardatz. EHZn migrazioa hartuko dute abiapuntutzat, baina parte hartzaile bakoitzaren arabera «aldatuko» da proposamena. Billenek gaineratu du horrelako ikusgarriak aurreiritzien «aurka» doazela, publikoan izan dezakeelako eragina, eta baita parte hartzaileen artean ere. «Herrialde ezberdinetako jendearen artean usu badituzte aurreiritziak, baina, elkar ezagututakoan, ohartzen dira historia berdintsua dutela eta ber egoeran direla».

Kontzientzia sortzeko

Transe-en-Danseko kideek leku ezberdinetan eramaten dituzte horrelako lanketak, eta Billenek uste du gizartea «kontzientziatu» behar dela. «Etorkinen inklusioa erraztu nahi dugu, politika duin baten alde borrokatzen gara: harrera egiten dakiena eta errespetuz ari dena».

Etorkinekin emanen duen ikusgarriaz gain, konpainiak tailer bat animatuko du larunbatean. Migrazioaren gaiari buruz sentsibilizatuko dute publikoa. «Jokoak izanen dira, dantzatuko dugu, bakoitza izan dadin bere sentsibilizazioan eragile».

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.ehz.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.