Estitxu Zabala.
Arrauna. «BIKIN GORA!»

Heldu

2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Pasai Donibane eta Portugalete, horiek izan dira asteburuko geltokiak emakumeontzat; irabazleak, dena eramango dutela diruditen harroxak. Tartean, beste hainbat bizipen eta ikasketa.

Bakartu egin naiz Bizkairako autobus bidaian. Esku artean hartu dut Ainhitze taldekideak utzitako nobela, liga hastearekin batera irakurtzen hasi nintzena: Kattalin Miner handiaren Nola heldu naiz ni honaino. Maiz galdetzen diot neure buruari hori bera, «nola heldu naiz ni honaino?», «zer egiten dut hemen?», «nork bidali nau hona?». Etxerako bueltan, Hernanira iristen ari garela, ondoan eseri zait Ainhitze: «Zer moduz estropada?». Gozatu dudan arren, aitortu diot arrauna askatzeko zorian egon naizela estropada bukatu baino lehen, ezinak jota. Berak ere izan omen du horretarako gogoa: «Eguraldi oso txarrarekin, entrenatzen ari garela, pentsatzen duzun bezala, 'zer kristo egiten dut nik hemen?'». Badakigu ez dugula sekula halakorik egingo, ez dugula arrauna askatuko behar baino lehen, baina bota behar izaten ditugu tarteka halakoak... badakigu noraino heldu nahi dugun, eta lanean jarraituko dugu.

Etxera iristean, ordenagailu aurrean jarri, Facebooken sartu eta zera jakin dut, Hibaikakoei furgoneta matxuratu zaiela Portugaletera bidean. Donostiarrakoen laguntzari esker iritsi omen dira traineru beltza eta arraunlariak behar zuten lekura. Poztu naiz. Ez matxurarengatik, laguntza jaso dutelako baizik, noski. Ez zirela helduko pentsatuko zuten, baina heldu, heldu dira. Pozik egongo ziren, nola ez, Donostiarrako arduradunak, gizonen taldeak asteburuko bi banderak eskuratu baititu KAE 1 ligan. Faboritoaren zama dute gainean, eta ongi beteko dutelakoan nago. Heldu dira denboraldiko lehen banderak Donostiara. Heldu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.