Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Txillardegi ikasgeletara

2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Norbait hil ostean gauza onak besterik ez omen da esaten. Hari aurpegiratzeko ezer bazenuen, beranduegi da, akabo. Hobe duzu isilik geratu, edo zure ausarkeria koldarra aurpegiratuko dizute denek. Baina joera horrek badu beste aldea ere: Van Gogh-i, Kafkari eta Dickinsoni nola, zendu ondoren soilik ematen zaizkio askori bizi artean ukatutako aitortza, loreak eta arrazoia. Eta zenbaiti, orduan ere ez. Multzo horretakoa da Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi. Haren lana eta ekarpena aldarrikatu duenik beti izan bada ere—abian da Donostiako Udal Liburutegiari haren izena jartzeko eskatzen duen mugimendua—, oraintsu, eta euskara batuaren 50. urteurrenaren aitzakian, hasi dira ahots horiek ozendu eta sendotzen. AEK-k Korrikaren aitzakian osatzen duen dokumentala berari eskaini izana da horren froga. Kote Camachok zuzendu du lana, eta Txillardegiren agerpen publikoak eta adierazpenak dira ardatz nagusia.

Asmoa besterik bazen ere, dokumentalak balio du, halaber, artxiboko irudien bidez millennial-oi ETB noizbait hutsetik sortu zela gogorarazteko. Gauza batzuk nabarmen aldatu dira —badira emakume batzuk euskalgintzako ardura karguetan, eta Mikel Olazabalek orduko kalpar eta bizar oparoa galdu ditu bidean—, eta beste batzuk ez horrenbeste: ETBk gaztelaniazko edukiak sortzen jarraitzen du (nahiz eta erdarazko kateen eskaintza areagotu den), eta, tarteka, euskaldunei gaztelaniaz erantzuteko eskatzen zaie oraindik.

Baina Txillardegiri ukatutakoaren erreparazioan pausoa izateaz gain, ETBren ikusleak xaxatzeko izan dezakeen gaitasunaz landa, dokumental laburrak badu beste alde praktikoago bat. Badira ikus-entzunezkoari zukua ateratzen dakiten komunikatzaile paregabeak, hitz egiten hasi orduko harrapatzen gaituztenak. Eta Txillardegi, beste gauza askoren artean, bazen hori ere. Haren ateraldiak eta anekdotak entzunda eta dokumentalak duen tonu epikoarekin, puskaz interesgarriagoa bihurtzen da testuliburuetan urruneko kontu aspergarria dirudiena: euskara batuaren sorrera, Txillardegiren beraren literatur ibilbidea, euskalgintzak frankismotik hona egin duen bidea… Youtuben dago, esku-eskura, eta nerabeek jasateko moduko iraupena du, gainera. Jar dezatela, mesedez, eskola eta institutuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.