Zezen gutxiago karteletan

Sanferminetako zenbait elementu biltzen dituzte zortzi kartel finalistek. Iruindarrek hautatuko dute afixa boto bidez. 277 lan aurkeztu dira, eta horietatik 106 Iruñekoak dira

Zortzi finalistak: Artea kalean dago, Bateratasuna, Atzo uztailaren 6 batekin amestu nuen, Zure atzetik, Sentimendu uholdea, Zerumuga, Zaldiko eta Txist-jazz, Yeah!. BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun

Ez da hain zuri-gorri. Ez da hain ohiko. Ez da santurik, eta ez da zezena ardatz. Aurkeztu dituzte sanferminak iragartzeko aukera izanen duten zortzi afixak, eta beste batzuetan baino aukera gehiago izanen da aurten. Azken urteetako joerari jarraikiz, gero eta gutxiago dira zezenak agertzen dituzten afixak, eta, kontrara, erraldoien konpartsak gero eta leku gehiago du finalean. Orain iruindarrek erabaki beharko dute zein den gehien maite dutena. Apirilaren 30ean bukatuko da botoa emateko epea.

Hiru bide daude kartela aukeratzeko bozketan parte hartzeko: udalaren webgunean sartuta, Civivox aretoetara joanda edo 010 zenbakira deituta. Betiere, Iruñean erroldaturikoek ematen ahalko dute botoa. Lehiaketa irabazten duen afixaren egileak 3.600 euroko saria jasoko du.

Aurten 277 afixa aurkeztu dituzte; horietarik 103 iruindarrek eginak dira, eta 56 Nafarroako beste herri batzuetatik bidalitakoak. Lehiaketaren formatua ere aldatu dute: parte hartzaileek afixa formatu digitalean bidali behar zuten, eta epaimahaiak hogei aukeratu zituen lehenbiziko fasean. Horien egileek afixa fisikoa egin behar izan zuten, udalaren diru laguntzarekin. Ondoren hautatu dituzte finalistak.

Maitena Muruzabal Iruñeko Udaleko Kultura zuzendariak formatu berriaren alde egin du: «Zaila izan da aukeraketa, baina pixka bat errazagoa prozesua aldatuta, sosegu eta lasaitasun handiagoz egin dezakegulako; kartelak dagokien arretarekin ikusteko aukera dugu». Epaimahaian adituak izan dira: Maria Telletxea, Marisa Mantxola, Maria Jose Rekalde, Carlos Zenoz, Javier Egiluz eta Javier Manzanos.

Kartelen balorazioa

Azken urteetan, bestaren bestelako erreferentziek hartu dute tokia finalera ailegatzen diren afixen artean. Bestalde, estetika zuri-gorri-beltza urratzen dutenak gero eta gehiago dira, baina oraindik ez dira asko eskema apurtzen dutenak. Epaimahaiko kideek hartutako erabakia azaldu dute. Artea kalean dago kartelak Banksyri egiten dio erreferentzia; enkantetxe batean bere burua suntsitu zuen obrari, alegia. Kasu horretan, gorria da xehagailutik pasatzen dena; gerrikoa irudikatzen du. «Asko gustatu zaigu haren presentzia eta dotorezia, eta haren nortasun enigmatikoa», esan du Manzanosek.

Konpartsari erreferentzia egiten dioten kartelak bi dira. Eskuz egindako Zaldiko-ren naif ukitua nabarmendu du Telletxeak. Txist-jazz, Yeah! da ohiko koloreak alboratu dituen kartela, ohikotik dezente urruntzen dena. Hala ere, Braulia erraldoia ageri da, iazko afixan bezala.

Bateratasuna obraren egileak soilik tipografiarekin osatu du kartela. «Konposizioa sendoa eta biribila da», esan du Mantxolak. Atzo uztailaren 6 batekin amestu nuen obra piktorikoa «postal oso delikatua» delakoan da Errekalde. Txupinazoa ageri du, «ilusio handieneko unea». Zure atzetik obrak zezena eta korrikalaria iradokitzen ditu: «Zaila da bi forma erabilita ideia horretara iristea eta kolpean erraz interpretatzea», azaldu du Zenozek.

Sentimendu uholdea obraren «dinamismoa» gustatu zaiela esan du Mantxolak, eta Zerumuga-k elementu gutxirekin lortutako emaitza «sendoa» eta «eraginkorra» aipatu ditu Egiluzek. Zortzi hautagaiak Kondestablearen jauregian izanen dira ikusgai bozketak irauten duen bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.