Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Hiru txiste triste

2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Oporretan indarberriturik etorri denaren bozkarioa antzeman zenion Katixa Dolhare-Zaldunbideren lehen zutabeari: paperaren usaina, liburutegien aniztasuna, irakurtzaleen kemena… Zuk erdizka partekatu zenuen haren baikortasuna: alde batera, gogoan duzu Lampedusa irlara ihesi doazenentzat zabaldu duten liburutegia; baina, bestera, ezin duzu gogotik kendu zure inguruko irakurle gazteek udan ez dutela libururik usaindu ere egin, eta ahal izanez gero harrika botako lituzketela: «Asko jota, irakurtzekotan, datorren ikasturtean irakurtzera behartuko gaituzten liburuetakoren bat, lan hori aurreratzeko».

Astebetearen buruan etorri zen Txema Arinasen zutabea, eta denbora tarte llabur horrek oporren bozkarioa higatuxea balu bezala, Chirbes zendu berriaren aldeko aldarria irakurri zenion, haren errealismo kritikoarena, batik bat literatura postmodernoaren alderdi dekoratibora mugatu direnen kontrakarrean. Eta zuk erdizka partekatu zenuen haren gordintasuna, En la orilla nobelarena kasu: «Gizakiak, gizadia, putakume hutsak dira, bost axola zein Jainko sinesten duten, edo sinesten dutela esaten duten. Bizitza zikina da, izan, plazerari eta oinazeari izerdia dario, lohikeria, kiratsa». Edo osorik: «Zure bizitza laboral osoak Freixeneten urte amaierako iragarki burbuilatsuak baino gutxiago balio du».

Bi aste geroago, denborak eta sasoiok zapuztuago apika, zure txanda den honetan arestiko gogoetek udako irakurgai bat oroitarazi dizute, Slavoj Zizek-en Nire txisteak, nire filosofia miszelanea maleziatsua hain zuzen ere. Han irakurri zenuen Katixaren liburutegien segidarekin bat datorren pasarte irritsu hau: «Sute batek bere bibliotekako hiru liburuak erre dizkiola-eta, Bush presidentea lur jota dago, batez ere oraintxe ari zelako haietako baten koloreztatze lanak amaitzen». Bigarrenak bat egin dezake Txemaren espirituarekin, gaur egungo hipokrisiaren salaketarekin: «Aberats baten etxera eskale bat etorri da eta aberatsak morroiari diotso: 'Bota ezazu lehenbailehen hemendik. Oso sentibera naiz eta jasanezina zait jendea sufritzen ikustea'».

Alabaina, filosofo esloveniarraren liburuan bada beste pasadizo bat agian aurreko bi zutabeak bildu, eta aurrera begiratzeko ikuspegia eskaintzen diguna, aurrean daukagunari begiratzera behartzen gaituena. Gutxi-asko gogoratzen duzunez, gizon bat Siberiara bidali zuten eta, hango zapalkuntza eta zentsurak sumaturik, lagunei adierazi zien gutunak, idatzi, idatziko zizkiela, baina testua tinta urdinez jasoz gero, edukia egiazkoa izango zela, eta gezurretakoa tinta gorria erabiliz gero. Hala bada, hilabete barru lagunek jaso dute gutuna, urdinez idatzia, eta harriduraz irakurri dute adiskidea pozarren dabilela, giro aparta dagoela, amodiotan ibiltzeko neska asko ezagutu duela; baina haien harridurak goia jo du amaierara iristean: «Zorigaitzez, inon ez dago tinta gorria lortzerik».

Arnaldo Otegiren askatasunaren aldeko agiria tinta urdinez sinatu zuenak, galdera pertinente batekin amaitzen du bere kontakizuna: «Eta ez al da hau oraingo gure egoera? Diren eta ez diren askatasunen jabe gara, baina falta dugun bakarra tinta gorria da; libre sentitzen gara hain zuzen ere gure askatasun falta aditzera emateko hizkuntzarik ez dugulako. Hona, gaur egun, tinta gorriaren gabezia honek esan nahi duena: egungo gatazka aditzera emateko erabiltzen ditugun esapideak —terrorearen kontrako gerra, demokrazia eta askatasuna, giza eskubideak— faltsuak dira, gauzak hausnartzea galarazi, eta ulertzeko modua oztopatu egiten digute. Gaur egun manifestariei tinta gorria ematea da gure ardura». Noizbait Anjel Lertxundiri irakurri zenion Todorov-i irakurri ziola Siberian ere, gatibuek, egoeraren larria nolabait adieraztearren, atzamar bat moztu, eta zerrategietara bidean zihoazen enborrei loturik, ibaian behera bidaltzen zutela, norbaitek sikiera haien laztasunaren berri jaso zezan. Eta, bitxia bada bitxi, New Yorken gaur egun hainbat emakume aberatsen moda da oinetako behatz ttikiak moztea: hartara, inon diren zapatarik estuenak janzten ahal dituzte; hartara, etxera doazkien adiskideei behatz ebakiak formoletan gordeak erakusten ahal dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.