gorka julio
IRLEN SAREA

Endemikoa

2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Informazio faltsuen hedapena arazo endemikoa da. Osasun termikoak erabiltzea, modan dagoen garaian, endemiko hitzak eskualde edo lurralde bati erreferentzia egiten badio, Internet edo infosferari buruz orokorrago ari bagara, berezkoa ere badela ere esan nahiko luke. Informazioa faltsua, alegia, sarean beti egon da. Baina orain, bere eraginak hedabideen bitartekaritzarekin lor zitezkeenak baino handiagoa delako larritzen gaitu.

Informazio faltsuaren epidemiari aurre egiteko estrategia guztiek porrot egin dute orain arte. Kazetaritzaren balioetara buelta antzeko batean oinarritzen duten fact-checking edo informazio egiaztatzaileek ere porrot egin dute. Isuri ideologikoetatik salbu dauden entitateak direla irudikatu nahi izan duten arren, borroka esparru berri bat zabaldu dute soilik. Lehia, orain, ideologia bakoitzetik gertukoen dagoen informazio egiaztatzailea ondo kokatzean dago: informazio fluxua baldintzatzea lortzen dutenek irabaziko dute borroka.

Adimen artifizialean oinarritutako ikaskuntza automatikoko algoritmoak baliatuz, helburu bera lortzea bide duten estrategiak daude. Horiek ere, akats nabariak egiten dituzte oraindik, ez daude isuri kognitiboetatik salbu, eta azken muturrean gehienetan pertsona bat behar izaten dute. Pertsona horrek berriro haren subjektibotasuna atxikiko dio erabakiari. Pertsonek jasotzen dituzten presioa eta arazo psikologikoak ere kontutan hartzekoak dira; ez da samurra egunero gezurrez gain, mezu biolentoak, arrazistak eta faxistak iragazten egon behar izatea.

Jendearen irizpide onean eta kritikotasunean —eta horren lanketan— sinistu nahiko bagenu estrategia moduan, soluzio hoberena izanik ere, errealitatean zaila da. Intuizioak esan diezaguke pertsona nagusiek edota esperientzia asko dutenek erabaki hobeak hartuko dituztela, baina beharbada, ez da horrela. Facebooken albiste faltsuak zabaltzen dituztenak aztertu dituen ikerketa batek erakutsi du 65 urte baino gehiagokoak direla era horretako informazio gehien hedatzen dituztenak; gazteekin alderatuta zazpi aldiz gehiago. «Alfabetatze digital» txikiagoa edo beren kontaktu sareekiko duten sinesgarritasuna izan daitezke arrazoiak, baina ez dakigu. Dakigun gauza bakarra da, bagenekien alegia, informazio faltsuak endemikoak direla gure jendartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.