Danele Sarriugarte.
HIRUDIA

Ikuskizunarena

2016ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Bi idazle. Bi iruditegi osatugabe, hurrenez hurren: argazkirik ez batak, erretratu zaharregia besteak.

Bigarrenaren istorioa ondo ezagutzen duzue, halaxe uste dut, bolo-bolo ibiltzen dira espetxeko haren ihesari buruzkoak, hark idatzitako liburuei buruzkoak haren jaioterriaren inguruan, Durangon, halako urte-sasoietan, eta bestela ere, bolo-bolo beste hamaika txokotan, zenbat kantu eta erreferentzia. Boloago asteon, gainera, iritsi delako azkenean gaur egungo argazkia.

Twitterren irakurri nuen zapatu arratsaldean: «BERRIAk, beste hedabide batzuekin batera, gauerditik aurrera argitaratuko du Joseba Sarrionandiaren elkarrizketa eta argazki gaurkotua». Bertsioak eta bertxioak, mordoxka. Gauerdian ez, baizik eta domeka goizean ikusi nuen neuk, ordea. Esnatu eta Twitterra begiratu berriro. Alboan neukanari galdetu nion: ez al hago urduri, aldatzear dun zerbait, gure mitologia. Bilatu gabe agertu zitzaidan irudia. Artean jaio gabeak gintunan biok Euskal Herritik ospa egin zuenean.

Erreparatu nion erretratuari azkenean, berandu baino lehen, bai eta egunkaria erosi ere, gero, eta egunkari honetan bertan argitaratu ziren analisiekin bat etorri. Ainhoa Oiartzabalek: «Irudia ikustearekin batera konturatu gara ez dela haren obraren bidez edota ahots grabazioen bidez irudikatzen genuen hura. Bera ere norbanako arrunta dela jabetu gara. Normal-normala». Iñigo Astizek: «Badago argazki berri horretan etorkizun izpi bat ikusterik ere. Argazki horrek adierazten du aurrerantzean normalduz joango dela euskal idazle nagusietariko baten egoera. (...) Irudi horrek mitotik berreskuratzen du pertsona».

Nik neuk behar nuen mitotik berreskuratzea pertsona, utzi ziezaiola mito izateari eta bihurtu izkiriatzaile. Hain justu ere, alboan neukanari komentatu nion Hitzen ondoeza-ri buruz idaztekoa nintzela zutabe hau, izugarri maite baitut, eta hori esateaz bat burua etorri zitzaidanean koadrodun alkandorako gizasemea, pentsatu nuen aldatua zela honezkero zerbait, izugarri maite dudala oraindik hiztegi hori, baina horixe dela, horixe baino ez eta hori guztia aldi berean: izugarri maite dudan orri-sorta oso iradokitzaile bat. Aiseago, parez pareago mintzatuko natzaiela haren lanei orain.

Irakurri nuen azkenik elkarrizketa. Sarrionandiak berak aipatzen du bisaia publiko berria: «Aterako didazun argazkiarekin, espero dut espektakuluaren gizarteari zor diodan zerga ordaintzea, ez dezatela esan ez dagoela nire argazkirik eta kito, ea lan egiten uzten didaten». Horrek eraman ninduen hausnarketara, eta bigarren iruditegi osatugabea ekarri gogora, Elena Ferranterena, hain zuzen.

Ez dakit hain ondo ezagutzen ote duzuen hori. Irakurri, behintzat, irakur ditzakezue autore italiarraren zenbait eleberri, Igelak argitaratu ditu haren tetralogia ezaguneko liburu bi, hirugarrena berehalaxe dator eta laugarrena aurki. Ferrantek ere, Sarrionandiak bezala, azkenean ordaindu behar izan dio espektakuluaren gizarteari zorra, derrigorrean eta gogoz kontra ordaindu, gainera.

Ferranteren eleberrien berri zabaldu zenean, literatur lanek adina piztu zuen arreta identitate ezkutuak: autoreak ez zuen irudirik eman, eta izena ere, ezizen. Ezezagutza horretaz ari, maiz aditu ditut adituak esaten ez zekitela Ferrante emakumea ala gizona ote zen, misteriorik handiena horixe zelakoan. Mundu-mailako arrakasta erdietsita, gure garai ikusgarriotan, areagotu zen jakina jakin-mina eta batzuek ezin jasan aurpegi eta izen ofizialaren (xerkagarriaren) falta. Eskerrak detektibetza setatsuari, kazetari batek eman digu argia, zergei jarraika, eta esan itzultzaile italiar ezagun bat dela Ferrante, egiatan (emakumea, bide batez).

Nik neuk ez nuen behar itzaletik argira ateratzea Ferrante, irakurri dizkiodan bi eleberriek pareko zirrara eragin didate, zirrara handia, neure apeta pertsonalei eta eleberrien gaiei legozkiekeen kontuak gorabehera.

Bi idazle, bi iruditegi protesidun. Eta ikuskizunaren gizarteari buruzko galderak beti hor, temati. Kazetari batek kontatu dit orain gutxi, sare sozialak direla-eta, handitu egin dela kazetarien proiekzio pertsonala, kazetariek eurek baliatu dutela arreta handiago hori, baina kezka-iturri zaiola gaia, haien lana ahazten dela, dinamika arriskutsuak sortzen (maitasuna eta gorrotoa; lehenik jainkotu, ondoren kolpean jaitsi aldaretik). Idazleen proiekzioa ere handitu da, bilatu bestela Googlen laupabost izen, eta ni ere arduratzen nau gaiak, zer-nolako zergak ordaintzen ari ote garen, ba ote dakigun zergak ordaintzen ari garenik ere, noren mesedetan eta zeinen kaltetan, zenbateraino den gure presentzia publikoa gure lanaren parte, zer eman nahi dugun eta zer ez, guri zeinek ez digun uzten bakean lan egiten, nola kudeatu hori guztia. Pentsatu, behintzat. Idatzi, behinik behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.