Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Berrorientatu beharra

2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
1. Adan eta Eva beltzak ote ziren? (Eduardo Galeano, Ispiluak)

Afrikan abiatu zen gizakiaren munduko bidaia. Handik hasi zuten gure arbasoek planetaren konkista. Bide batetik eta bestetik eraiki zuten etorkizuna, eta eguzkiak banatu zituen koloreak. Orain, gizakiok, lurreko ortzadarrok, zeruko ortzadarrak baino kolore gehiago dauzkagu; baina guztiok gara afrikar etorkinak. Zuririk zurienak ere Afrikatik datoz. Beharbada, ez dugu oroitu nahi jatorri berekoak garela guztiok, amnesiagatik edo ezinezkoa iruditzen zaigulako sinestea gurea zela garai hartako mundu osoa, mugarik gabeko mapa zabala, eta hankak beste pasaporterik ez zigutela eskatzen.

2. Gizon koloreduna (Leopold Sedar Senghor)

Ene senide zuria:

Jaiotzean, beltza ninduzun.

Haztean, beltza ninduzun.

Eguzkitan, beltza nauzu.

Gaixotasunean, beltza nauzu.

Hiltzean, beltza izango nauzu.

Eta bitartean, zu...

Jaiotzean, arrosa zinen.

Haztean, zuria zinen.

Eguzkitan, gorria zara.

Hotz sentitzean, urdina zara.

Beldurra sentitzean, berdea zara.

Gaixotasunean, horia zara.

Hiltzean, grisa izango zara.

Hala bada, gu biotako zein da gizon koloreduna?

3. Hitz egidazu zure amaz (Marie Sellier & Marion Lesage, L´Afrique, petit Chaka)

Ene-ama-Kadia, Txaka ttipia, ez zen luzaroan egon liana bat baino argalago. Nire ondotik beste hamahiru seme-alaba izan zituen: sei neska eta zazpi mutil. Harrabots handiagorik ezin gure txabolan! Makako erotuen sail batena baino okerragoa! Baina berari, ene-ama-Kadiari, ez nion egundo ahotsa goratzen entzun. Kakahuetearen landarea bezain bare egon ohi zen, eta eder baino ederragoa sabanako loreen kolore ugariekiko soinekoekin. Hain zen ederra ezen, ene-aita-Sanbaren emazteetan, huraxe gertatu izan baitzen beti gogokoena.

4. Nongotartasuna (Hiner Saleem, Nire aitaren fusila liburua —J.K. Igerabide itzultz.— & Vodka lemon filma)

Azad Xero Selim dut izena. Selim Malay-ren biloba naiz. Nire aitonak umore handia zuen. Esaten zuen kurdu jaio zela, lur aske batean. Gero otomanoak iritsi ziren, eta esan zioten aitonari: zu otomanoa zara, eta otomano bihurtu zuten. Otomanoen Inperioa erori zenean, turkiar bihurtu zen aitona. Turkiarrak joan zirenean, kurdu bihurtu zen atzera, Xeikh Mahmud kurduen erregearen erregetza garaian. Gero, ingelesak iritsi ziren, eta orduan hango Maiestate Graziosaren mendeko bihurtu zuten nire aitona, eta ingeles hitz batzuk ere ikasi zituen. Ingelesek asmatu zuten Irak, eta orduan aitona irakiar egin zuten, baina berak ez zuen inoiz ulertu hitz berri horren esanahi ezkutua: Irak. Eta ez zen, azken arnasa eman arte, harro egon inoiz irakiar izateaz: ezta beraren semea ere, nire aita, Xero Selim Malay.

5. Imajinen hipnotismoa (Juan Goytisolo, Argelia en el vendaval)

Aljerian, Kasbako alderik degradatuenetan ere, asko dira antena parabolikoak dituzten etxeak, izan bizilagunen artean ordaintzen dutelako, izan antenari hurbilenari nola edo hala egin dioten konexio bihurriarengatik. Bizimodu estu eta etsigarri horietan kontsolatzen eta itxaropena pizten duen elementu bakarra izanik, bizilagunek leporaino irensten dituzte europar orgia kontsumistaren isla diren imajina engainagarri eta anestesiagarri horiek.

6. Abegia I (Kirmen Uribe, Bar Puerto)

Gure aita Europan egon zen soldadu, frantsesen armadan, alemanen aurkako gerran. Aitak esaten zuen: 'Europan hotz egiten du. Europak hozkailua ematen du. Europa nolakoa den jakin nahi baduzu, zabaldu hozkailua, bost minutuan sartu eta ateratzen zarenean esango didazu zer sentitu duzun. Bada Europa horrelakoa da. Familiarik ez baduzu, ez baduzu lagunik, sufritu egingo duzu, hil egingo zara'.

7. Abegia II (Sahara, ahozko tradiziotik)

Beduinoek, basamortuan lotara erretiratzen direnean, ez dute ahanzten handik erromesen bat edo bidaiari galduren bat igaro daitekeela; horrexegatik, muino batean su ttiki bat egiten dute, eta badirudi hondarrezko itsaso horretan faro bat piztu dutela; beduinoenean, kanpamendura edonor heltzen dela ere, ez diote izenaz edo norabideaz galdegiten, eta galderen ordez otordu bat eskaintzen diote; beduinoenean, bisitaria printze, preso eta poeta izango da: printzetzat hartuko dute, preso sentituko da hainbeste ohoreren artean eta, akaberan, poeta izatea egokituko zaio, izan ere hitzik egokienak aukeratu beharko baititu kanpamenduko buruzagia laudatu eta goresteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.