Bilboko Aste Nagusia

Jaietako ikonoaren egunerokoa

Arriaga antzokian egiten du lo gauero Marijaiak, eta eguneko ekitaldi ugaritara eramaten dute aurrera eta atzera konpartsakideek. Doan lekura doala, herritarrek argazkiak ateratzen dituzte harekin, eta ilara luzeak ere egiten dira berarekin egon ahal izateko. Jaietako ikur estimatua da.

Ukitu nahian. Haur asko begiak zabal-zabalik geratzen dira Marijaiari begira, eta beste askok ukitu nahi izaten dute. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Egunero pizten da festa Aste Nagusian. Hiria oraindik erdi lo egoten da 10:00etan, eta gaupasa egin dutenak eguneko ekitaldiez gozatu nahi dutenekin topo egiten dutekalean. Kaleak garbi daude, bezperako zarama guztia batuta. Arriagako balkoira irten dira pregoilaria eta txupinera, eta beheko plazan jenderik ia ez badago ere, jaietako beste egun bati hasiera emateko ardura daukate biek. Suziria piztu dute, eta hura lehertzean abiatu dira jaietako ekitaldi denak. Aste Nagusiko egun berri bat hasi bada ere, protagonista nagusia falta da oraindik. Marijaia ez dago handik oso urrun, antzokiaren atzealdeko sarrera ondoan dago zain kalera noiz irtengo. Harengana inguratu dira jai batzordeko kideak, eta festara atera dute Marijaia. Bere habitat naturalera.

Txosnagunea hutsik dago, festa girorik gabe, eta, hor, Marijaiaren presentzia are deigarriago bihurtzen da. Haur batek begiak zabal-zabalik dituela geratu da ondotik begira, eta eskuarekin agurtu du. Jai batzordeko kide bat doa Marijaiaren gonapean, panpina erraldoi bat bezala mugi baitaiteke. Arinagoa da, baina oreka mantentzeko zailtasun handiagoa dauka. Hanka iletsu bi dauzka.

Gaua Arriaga antzokian eman ondoren, lehiaketa gastronomikorako bidean jarri dute Marijaia, eta bertan emango du goiz osoa. Baina egun osoan festetako ekitaldi ugaritan egoten da, eta hori koordinatzen du jai batzordeko talde batek. Bertako kide da Ziortza Larreategi: «Konpartsa batek bere txosnan edo ekitaldiren batean eduki nahi badu Marijaia, hala eskatu behar du, eta harenbila joan behar dute dagoen lekura». Konpartsa guztien artean banatzen dute, beraz, jaietako ikono nagusia. Atzo, esaterako, Pinpilinpauxaren txosnan bazkaldu zuen, konpartsen arteko ur jolasetan parte hartu zuen, eta Hiri Kroseko sariak banatu zituen. Agenda betea izan zuen. Konpartsen artean ez ezik, egun bakoitzeko ekitaldi nagusietan ere egoten baita Marijaia.

Dagoen lekuan dagoela, jendea hurbiltzen zaio, eta berarekin erretratua ateratzeko aprobetxatzen dute askok aukera. Areatzara iritsi, eta gastronomia lehiaketako parte hartzaileak bakailaoa pil-pil erara nola prestatzen duten begira jarri dute Marijaia. Bermatu dute bere egituran, eta minutu gutxira iritsi dira lehen bilbotarrak berarekin argazkia ateratzera. «Oso maitatua den ikur bat da; bertakoa sentitzen dugu, eta herritar gehienok ordezkatuak sentitzen garela ere esango nuke; bera ikusteak irribarre bat eragiten dizu». Mikel Campillo izan da eguneko lehenengoa Marijaia bisitatzen, eta atzetik etengabea izan da joan-etorria. Eskuak gorantza dituztela ateratzen dute argazkia askok, bere ondotik igarotzean Aste Nagusiko abestia kantatzen hasten dira beste batzuk, eta haur asko zuzenean begira geratzen zaizkio. Jaietako ikonoa da.

Doan lekura joanda, beti errepikatzen da irudi bera, eta horrek erakusten du pertsonaia maitatua dela. «Beti sortzen dira ilarak, jendeak bere ondoan egon nahi izaten du». Areago, Marijaia lekuz aldatu behar denean argazkia atera ez dutenen kexak entzuten dituztela dio Larreategik, «baina ulertzen dute». Agenda propioa baitauka Marijaiak, eta hori bete behar du. «Festaren osagai nagusia da».

Nondik nora doan begiratu

Eguna hasterako Marijaia non ibiliko den badakite jai batzordeko kideek. Noiz nora eraman behar den banatuta daukate, eta zein konpartsak eskatu duen ere zehazten dute. «Askok nahi izaten dute Marijaia euren txosnan egon dadin, eta horiei irtenbidea ematen diegu», esan du Larreategik. Une oro dakite, beraz, non dagoen jaietako pertsonaia, eta nork hartuko duen ondoren. Eguneko azken ekitaldiaren ondoren Marijaia bueltan berriz ere Arriagako atzekoaldetik sartzen dute. «Ikusten duzu nolako palazioan egiten duen lo? Luxuzko logela dauka. Hala ere, ez dakit lo askorik ere egingo duen, txosnen ondo-ondoan egonda...».

Duela zenbait urte, ordea, panpina galduta egon zen hainbat orduz. «Diotenez, konpartsakide batzuek Marijaia furgoneta batean sartu zuten, eta inori ezer esan gabe Euskal Herritik zehar eraman zuten; orduan ez nintzen konpartsakide, beraz, ez dakit noiz izan zen, baina istorio hori askotan kontatzen da konpartsakideen artean». Marijaiak, beraz, Bilboko mugak gainditu zituen orduko hartan, eta Aste Nagusia Euskal Herri osora zabaldu zuen. Egun halakorik gertatzea ez da erraza, une oro daukalako zaintzaileren bat inguruan, eta badakitelako non egongo den une oro.

Kontrolatuta egon ala ez, Marijaiari ordu gutxi falta zaizkio itsasadarrean murgildu eta erreko duten arte. Jaiekin batera amaitzen baitzaio urteroko jarduna. «Egia esan, Marijaiari su ematen dioteneko une hori oso tristea egiten zait; aste oso batez hain presente eduki dugun pertsonaia agurtzeak pena ematen du», azaldu du Campillok. Bitartean, Arriagan lo egiten jarraituko du jaietako pertsonaiak, herritarrekin argazkiak ateratzen, eta txosnak eta jaietako ekitaldiak bisitatzen. Jaietako arima baita, Aste Nagusia ordezkatzen duen pertsonaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.