Bilboko Kalealdiak 80 ikuskizun jasoko ditu bihartik igandera bitarte

Nazioarteko 29 konpainia izango dira Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen jaialdian. Casilda Iturrizar parkean egingo dituzte saio gehienak

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hogeigarren aldia du aurten Bilboko Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak, eta, ohi bezala, musika, dantza garaikidea, kaleko antzerkia, zirku modernoa, aireko akrobaziak eta txotxongiloak izango dira nagusi Bizkaiko hiriburuan, bihar hasi eta igandera bitarte. Atzerriko eta Euskal Herriko 29 konpainiak 80 emanalditik gora egingo dituzte, eta jaialdiko antolatzaile Bilboko Udalak azaldu du kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden zenbait konpainiaren proposamen «berrienak» jaso dituztela. Casilda Iturrizar parkea izango da jaialdiaren kokagune nagusi asteazken arte, «aire zabaleko antzoki handi» bilakatuko baitute Bilboko Arte Ederren Museoaren aldameneko gunea. Ostegunetik aurrera, Areatza inguruetara eramango dituzte ikuskizunak.

Hamar euskal konpainia arituko dira Bilbon: Basanti Cia, Hortzmuga Teatroa, Deabru Beltzak, Malas Compañias, Markeliñe, Natxo Montero, Trakamatraka, The Funes Troup eta Dikothomia. Frantzia, Danimarka, Italia eta Herrialde Katalanetatik iritsitakoak izango dira gainontzeko taldeak. Parte hartuko duten hiru konpainiak erabateko hiru estreinaldi egingo dituzte. Hortzmuga euskal konpainiak, kasurako, migrazioaren gaia lantzen duen Bidaia lan berria aurkeztuko du Kalealdian. Gizarte gogoetarako tresna gisa erabiliko du antzerki taldeak antzezlana, eta herritarrak emanaldiaren parte bihurtuko ditu. Azken egunean egingo du Hortzmugak aurkezpena, 13:30ean, Arriaga plazan.

Mysterieuses Coiffures euskal konpainiak ikuskizunetik harago doan eta beren-beregi Kalealdia jaialdirako sortu duen pieza erakutsiko du. Hiru giro diferente sortuko ditu taldeak Casilda Iturrizar parkean: Jaiaren munduan, dena izango da kolore; Loreen munduan, landare orrazkerak egingo dituzte, eta ingurua lorez apaintzeko sorkuntza tailerrak ere egingo dituzte. Samurtasunaren, baretasunaren eta soseguaren munduan, berriz, egon, etzan eta amesteko gunea jarriko dute, «burua hodeietara eramateko». Bihar bertan irekiko dute instalazioa, jaialdiaren irekierarekin batera.

Italiako Teatro due Mondi konpainiak ere lehen aldiz erakutsiko du Crepe neu muri / Wall Cracks kale antzezlana; egunero eraikitzen diren hormei eta mugei buruzkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.