Mapa berri, tolestura zahar

Hego Euskal Herriko udal eta foru bozetatik bi hilabete joan dira, eta datorren urteko martxoan izango dira Iparraldekoak. Gaur-gaurkoz, andre agintariak %23 dira: 158 guztira.

Mapa berri, tolestura zahar.
Maider Galardi
2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Bi hilabete joan dira Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik, hilabete alkatetzak eratu zirenetik, eta zortzi falta dira Ipar Euskal Herriko udaletako bozak izateko —heldu den urteko martxoaren 15ean eta 22an izango dira—. Hauteskunde zikloaren ostean, mapa berria egituratu da Euskal Herrian. Dela bozetan nagusi izan den alderdien kolorea, dela alkatetza lortu duten taldeen kolorea... era askotara egin daiteke banaketa maparen gainean. Lau urtean behin Hego Euskal Herrian, eta bost urtean behin Ipar Euskal Herrian, ikus daiteke zer hautagaitzak kendu dion besteari agintea. Aldiro eraberritzen baitira mapak, zikloka. Genero aldagaiari begiratuta, ordea, apenas dagoen berritasunik: Hego Euskal Herriko alkateen %26,4 dira andreak. Ipar Euskal Herrian, berriz, %10. Alegia, Euskal Herriko alkateen laurdenak ere ez dira emakumeak. Hala jaso du BERRIAk, bozen ostean egindako mapa batean —kurtsorea herrien gainetik pasa udalerri bakoitzeko alkatea nor den ikusteko—.


Euskal Herriko mapa hartuta, kolore grisez ageri dira alkate gizonezkoa duten udalerriak. Urdinez, berriz, emakumezkoak agintean dauden udalak. Datuak argigarriak dira: genero irizpidea kontuan hartuta, andre eta gizon agintarien arteko aldea nabarmena da: gizonezkoak dira %75 baino gehiago. Andreak, berriz, %23 dira.

Grisa da nagusi Euskal Herriko alkateen mapan. Geografiak ez baitu eraginik gizon eta emakumeen hautaketan. Orain lau urte, hedabideek azpimarratu zuten Hego Euskal Herriko hiriburuetako lau alkateek ezaugarri komun bat zutela: euskaldunak eta abertzaleak izatea. Gizonak ere baziren. Eta, 2019ko hauteskundeen ostean ere, hori da Gasteizko alkate Gorka Urtaran (EAJ), Bilboko Juan Mari Aburto (EAJ), Donostiako Eneko Goia (EAJ) eta Iruñeko Enrique Maia (Navarra Suma) batzen dituena. Ipar Euskal Herrira begiratuta ere, hiriburuetako auzapezak gizonezkoak dira: Jean Rene Etxegarai Baionan, Alphonse Idiart Donibane Garazin eta Michel Etxebest Maulen. Zazpi hiriburuetako zazpi alkateak dira gizonezkoak.

Herrialdeei erreparatuta ere, antzekoa da egoera. Gipuzkoakoa da ehuneko altuena. %32 dira hautatutako alkate andreak; 29, alegia. Bizkaian, berriz, %28; 114tik 32. Araban, 14 emakume alkate daude, agintari guztien %24,5, alegia. Nafarroakoa da Hego Euskal Herriko azken udal bozen ostean andre alkateen kopuru txikiena duen herrialdea. 65 emakume alkate daude: %24 dira.

Datorren urteko martxoaren erdialdean izango dira udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian, baina, gaur-gaurkoz, kolore grisa du mapak. Zuberoa da andre alkateen kopuru handiena duen herrialdea. 40 udalerrietatik zortzi dira andreak, eta, 32, berriz, gizonezkoak. Alegia, emakumeak dira Zuberoako herrietako agintarien %20. Besteak beste, Sohütako alkate da Christelle Mange, eta Santa Grazikoa Maryse Othart. Lapurdin, berriz, andre alkateak ez dira ailegatzen %10era, 41tik lau: Arbonan alkate da Marie-Jose Mialoco, Beskoitzen Bartelemi Bidegarai, Getarian Marie-Pier Burre-Cassou, eta Urruñan Odile Del Corral.

Nafarroa Beherean ere lau dira andre alkateak: Donoztirin, Regine Larranda; Arnegin, Catherine Begue; Aiziritzen, Chantal Ergi; eta Arhantsusin, Christine Erdozaintzi. Udalerriak, ordea, 76 dira Nafarroa Beherean, eta, hortaz, agintari gisa dauden andreak %5 besterik ez dira.

Guztira, 683 alkate daude Euskal Herrian, eta horietatik soilik 158 dira emakumezkoak. Alegia, hautagaien zerrendak osatzeko legezko irizpideak egon arren, oraindik ere zaila da emakumeak botereguneetara ailegatzea.

Botereguneetara heltzea

Espainiako Berdintasun Legeak exijitzen du udal eta foru hauteskundeetako zerrenda osatzeko orduan kontuan hartzeko genero aldagaia, eta gutxienez %40k izan behar dutela andre ala gizon. Lege horrek, ordea, ez du hurrenkera zehazten, eta ez ditu neurriak jartzen andreak botereguneetara hel daitezen.

Are, 2007an Espainiako Auzitegi Konstituzionalera ailegatu zen Plazandreok-en kasua, haien zerrendak soilik emakumez osatuta zeuzkatelako, eta, ondorioz, «baztertzailea» zela argudiatu zuen epaimahaiak. «Diskriminazioaren ideia faltsua hedatzea» egotzi zien epaimahaikideei Juana Aranguren Plazandreok plataformako kideak.

Ipar Euskal Herrian, berriz, biztanle kopuruaren arabera, derrigortuta daude gizon eta emakumeak txandakatzera zerrendetan. Edonor izan daiteke, ordea, zerrendaburua, eta, horregatik, ez da azken emaitza aldatzen.

Badira salbuespenak ere. 10.000 biztanletik gorako ondoko udalerrietan daude andreak agintean: Bizkaian, Getxoko alkate da Amaia Agirre (EAJ), Santurtzikoa Aintzane Urkijo (EAJ), Durangokoa Ima Garrastatxu (EH Bildu), eta Arrigorriagakoa Maite Ibarra (EH Bildu). Gipuzkoan, Errenteriako alkatetza lortu du Aizpea Otaegik (EH Bildu), Tolosakoa Olatz Peonek (EAJ), Arrasatekoa Maria Ubarretxenak (EAJ) eta Pasaiakoa Izaskun Gomezek (PSE-EE). Nafarroan, berriz, Navarra Sumaren eskutik lortu du alkatetza Amaia Larraiak Eguesibarren. Ipar Euskal Herrian, berriz, andreek agintzen duten herrietan handiena Urruña da (Lapurdi), eta ia 10.000 biztanle ditu.

Hutsune nabarmena

Edonola ere, emakumezko alkateak egon arren, are nabarmenagoa da %75etik gorako hutsunea. Besteak beste, agerikoa da kolore grisa ia Araba osoan, Nafarroako Erriberan eta Gipuzkoako Goierrin. Pirineo aldean ere, Hego eta Ipar Euskal Herriko alde banatan, ez dago apenas kolore urdinik. Heltzear dira Iparraldeko udaletako bozak, eta Hego Euskal Herrian osatu berri dira alkatetzak, baina, gaur-gaurkoz, salbuespena dira emakume agintariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.