Ontziolak. Javier Lopez de La Calle. Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendari kudeatzailea

«Gure ontziolek beti egin dituzte ontziak armadorearen neurrira»

Pandemiaren krisian ere tinko irauten ari dira euskal ontziolak, Itsas Foroko buruak dioenez. Navalen adjudikazioarekin haserre dago Lopez de La Calle, eta horren zergatia esplikatu du.

SPRI.
xabier martin
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Sekotreak aurten espero zuensuspertzea, baina ikusten ari da 2022. urtera itxaron beharko dela benetako errebote sendo bat ikusteko. Ontziolak, dena den, osasun onarekin daudela esan du Euskal Herriko Itsas Foroko zuzendariak.

Navalen nekez egingo dira berriro itsasontziak, Belgikako VGP logistika enpresaren eskuetan dela. Haserre azaldu da Itsas Foroa auzi horrekin.

Ezustean harrapatu gaitu, industriarekiko konpromiso bat azaltzen dela uste baitugu; industria pisudunaz ari naiz, metalarekin, mekanikarekin lotuaz; behintzat lurren %51entzat. Horregatik, onartezina iruditzen zaigu adjudikazioa egiteko modua. Ezin dugu ontzat jo ontziolekin lotutako jarduera industrialik jasotzen ez duen proiektu bat onartzea irabazle gisa. Orube nahikoa dago oil&gas, itsasontzien konponketa edo beste edozein jarduera egiteko, beti industriaren barruan. Eta horrekin batera, logistika edo nahi dutena jar dezatela gero.

Zergatik Navalen? Ezin da beste leku batean egin hori guztia?

Euskadi osoan ez dago Naval baino leku hoberik, ur laminarekin, amarratzeekin, azpiegitura guztiarekin... Bigarren geratu den eskaintzak jasotzen du jarduera hori; ezin da alferrik galtzen utzi. Naval ez dago museo bat izateko, industriari eusteko baizik. Lanpostuak behar ditugu, bizi kalitatea eta soldata onak; ez dakit zertan ari garen. Gu garenaren aldeko apustua egin behar dugu, egiten dakigunaren aldekoa. Ez gaude jakinduria galtzeko. Irabazlea zerbitzuei buruzko jardueraz ari da, zerbitzuak...

Zertarako erabili beharko litzateke Naval?

Jarduera interesgarri asko daude, hidrogenoa hor dago; Bizkaiaren erdian gaude, sekulako abantailekin; zer dakit nik, sekulako industria parkea egin zitekeen, hemen.

Konkurtso bati buruz ari gara, baina hartzekodunei beren dirua itzuli behar zaie

Ba hori lehenesten ari da, baina berdin lehenets daiteke instalazio horiek beste modu batera baliatzea proposatzen ari direnen bidez ere. Bagenekien ontziolarekin jarraitzea oso zaila zela, baina gertatu den hau ez genuen espero ere. Azpiegitura horiek ez daude alferrik galtzeko zerbitzuetan; orain ez.

Navalen porrotak, ordea, ez du islatzen sektorean dagoen errealitatea gaur egun. Nola daude euskal ontziolak?

Pandemiak mota guztietako arazoak eragin dizkigu, noski, baina ontziolak ondo ari dira, oro har; sei ontzi berri egiteko kontratuak sartu dira 2020. urteko lehen erdialdean, eta, orain, urte berriarekin batera, Zamakonaren beste hiru lotu dira. Eskaera poltsan hemezortzi bat ontzi daude; beraz, estatuaren sektore osoaren %30. Horrek esan nahi du, zenbait ontziolatan 2023. urtera arteko lana bermatu dutela.

Garapen teknologikoan urratsik egin gabe ezin da lehiatu. Ari dira enpresak pauso bat ematen alor horretan?

Zalantzarik gabe. Egin dituzten azken akordioak garapen teknologikoan aurrerapausoak islatuko dituzten ontzien inguruan izan dira. Propultsioaz ari gara, adibidez, hidrogenoarekin, edo propultsio hibridoarekin. Pandemia oztopo bat izan da teknikariak ekarri eta azken egokitzapenak egiteko, soldatak hirukoiztu egin dira joan-etorriak egitea oso garesti bihurtu delako; derrigorrezko berrogeialdiak direla eta, adibidez. Atzerapen batzuk badira, baina jakintza teknologikoan urrats handia egiten ari dira, orain eta hemen.

Trantsizio ekologikotik kanpo geratzen denak zaila izango du aurrera egitea, ezta?

Euskal ontziolen ezaugarririk nabarmenena da ontzioak neurrira egin dituztela beti. Oso ondo jakin dute merkatuaren behar eta gustu berriei egokitzen, eta orain ere horretan ari dira. Armadoreak nahi duena egiten dugu, gaitasuna dugu horretarako. Eta horrek emaitzak ematen ditu. Armadore berak 23 ontzi egin ditu Balenciagan; beste batek, hamasei Muruetan. Bermeoko atunontziak etxean egiten dituzte beti.

Ez du ematen krisiak askorik jo zaituztenik?

Agian, gehiago eragin die ontziolen inguruan dabiltzanei: balbula egileak, motor egileak, ingeniaritzak, garabien zerbitzuak... Haiek nazioarteko merkatuetan ere ibiltzen baitira, eta merkatu batzuk nabarmen jaitsi dira. Uste genuen aurten izango zela suspertzearen urtea, baina aurreikuspena baino askoz apalago doa errealitatea, eta kezkagarria da benetan. Dagoeneko 2022. urteaz ari dira susperraldia aipatzean, eta gogor borrokatu beharko dugu denok itsaso zakar honetan.

Lanpostuak galtzen ari dira ontzioletan?

Ontzioletan ez; alderantziz, jendea hartzen ari dira, Zamakonan, Muruetan eta Balenciagan, baina osagaiekin dabiltzanak gehiago sufritzen ari dira, hori egia da. 2019. urtean, 13.705 langile ari ziren sektore honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.