Koronabirusa

Makina-erremintaren sektoreak susperraldi «motelagoa» izango du

AFMk dio salmentak %35 erori direla lehen seihilekoan, eta urteko galerak %20 izan daitezkeela. Laguntza eskatu dio administrazioari

jokin sagarzazu
Donostia
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Aurtengo egin zituzten aurreikuspenak ez ziren onak, eta COVID-19ak okertu egin ditu. Sektoreak «hortzak estutu, eutsi eta poliki-poliki» egoeratik aterako den esperantza du Xabier Ortuetak, AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendari nagusiak. Uste du 2021ean ekonomiak oro har «gorakada handia» izango duela, baina azpimarratu du makina ekoizleek pixka bat gehiago itxaron beharko dutela, beren bezeroen lehentasuna produzitzen hastea izango delako, eta gero, agian, makinak berritzea. «Eskariak atzeratuko dira; orain, saltzea izango da arazoa».

Itxaronaldi horri aurre egiteko, administrazioen laguntza eskatu du, eta honako lau puntu hauek zehaztu ditu: sektorearentzako orain arteko diru laguntzekin jarraitzea eta neurri fiskalak ezartzea bezero dituzten enpresek makina berrietan inberti dezaten; enplegua mantentzeko neurriei eustea —zehazki, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak abendura arte luzatzearen alde azaldu da—; eta nazioartekotzean laguntzea, ferietan eta bidaietan erosleak erakartzeko.

Klusterreko kideek gaur egingo dute urteko batzar nagusia, modu telematikoz. Eta horri begira, iazko emaitzez eta aurtengo aurreikuspenez mintzatu dira komunikabideen aurrean, Donostian; Ortuetarekin batera, Xabier Garbalena AFMko presidentea izan da. Otsailean azpimarratu zuten iazko emaitzak txarrak izan zirela: ia %10 galdu zuela sektoreak. Orain, 2020ari begira, fakturazioan %20ko galera aurreikusten dute: 300 milioi euro inguru gutxiago.

Horrek lanpostuetan zer eragin dezakeen galdetuta, azaldu dute AFMn ez dutela kalkulurik egin horri buruz, baina gogoratu dute 2008ko krisian «txikia» izan zela kolpea, orain orduan baino hobeto daudela, eta iaz, galerekin ere, %0,8 handitu zela enplegua. Garbalenak gogoratu du, gainera, osasun krisiak iraun duen denboran sektoreko enpresa gehienek ez dutela aldi baterako erregulaziorik egin eta ez dutela produkzioa eten, urte hasierako eskaera zorroari erantzuteko.

Dena den, aurrera begira «malgutasuna» galdegin du, «gertatzen ari denera eta enpresa bakoitzaren errealitatera egokitu ahal izateko», eta, horrekin lotuta, aldi baterako erregulazioak urte amaierara arte luzatzearen alde azaldu da, sektoreak beharko duelakoan. «Erosleak lortzen ez baditugu, guk datozen hilabeteetan izango ditugu arazoak».

Renove planak

Nazioarteko merkatuaren jarrera gakoa izango da makina-erremintarentzat. Eta horri buruzko aurreikuspenak ez dira batere onak. AFMko kideek uste dute %40 murriztuko direla urte osoko eskaerak. Garbalenak azaldu du «uste baino hobeto» abiatu zutela urtea, baina nabarmendu du koronabirusari aurre egiteko hartu diren neurriek eta, bereziki, bidaiatzeko debekuek eragin dutela %35 gutxiago izatea aurreneko sei hilabeteetan. «Dena den, oso egoera zailean, gai izan gara %65 saltzeko, egoerara modu arduratsu batean egokituz eta aurrez aurrekoak ez diren harremanetarako estrategia berriak garatuz».

Ortuetak, berriz, gogoratu du nazioartean salbuespen bakarra Txina dela oraintxe, hango enpresak apiriletik ari direlako ohiko martxan. «Abiatze izugarria izan du. Baina guri kosta egiten zaigu hango merkatuan sartzea». Egun, esportazio herrialdeetan bosgarrena da AFMkoentzat: kanpoan saltzen duten guztiaren %7,5.

Euskal Herriko eta Espainiako merkatuei buruz, iazko urtea ere txarra izan zela gogoratu du Garbalenak. Aurrera begira, berriz, industriaren traktore diren sektoreak laguntzearen alde azaldu da —autogintza eta aeronautika aipatu ditu—: batetik, makinak berritzeko Jaurlaritzak abiatutako hamar milioi euroko Renove plana txalotu du, baina finantzaketa gehiago eskatu du, eta Espainiako Gobernuak ere antzeko programa bat martxan jartzeko. Eta, bestetik, neurri fiskalak eskatu ditu etekinen berrinbertsioa sustatzeko, enpresen ekoizpen bitartekoak berritzeko eta digitalizazio planak bultzatzeko. Garbalenak gogoratu du neurri horrek «arrakasta itzela» izan duela Italian.

Bestalde, ohi bezala Barakaldoko BECen (Bizkaia) maiatzean egitekoa zen makina-erremintaren 31. biurtekoa azaroan egingo dutela ziurtatu du AFMk. Formatua aldatuko dutela iragarri du, bidaiak errazteko eta harremanak errazteko. Jakinarazi du enpresa ugariren baiezkoa jaso dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.