Paola Damonti. NUPeko ikerlaria

«Genero arrakala handitu du pandemiak: andreei gehiago eragin die»

Paola Damonti ikerlariak 2008ko krisi ekonomikoa eta COVID-19ak eragindakoa alderatu ditu, eta ezberdintasun ugari atzeman ditu. Uste du andreei eragiten dieten arazoek «tokirik ez» dutela alor publikoan.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Caritas eta Foessa fundazioaren txostena ondu duten 30 profesionaletako bat da Paola Damonti (Milan, Italia, 1984), NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlaria. Zehazki, genero arrakalari buruzko atala landu du.

Zein izan da zure ikerketaren ardatza?

Gizarte bazterketaren arazoari begiratu diot, generoaren perspektibatik. Aurtengo berritasuna da COVID-19aren krisia eta horren eraginak aztertu eta alderatu ditugula 2008ko krisialdi ekonomikoarekin. Eta bada alderik generoari dagokionez.

Adibidez?

2008ko krisian, gizarte bazterketa areagotu zen, baina are nabariagoa izan zen gizonezkoen artean. Asko hitz egin zen horretaz: maskulinizatutako lanbideei kalte handia egin zien egoerak, eraikuntzaren sektorea hondoratu zen, eta behetik berdindu ziren gizonezkoen eta emakumezkoen soldatak.

COVID-19aren krisian ez da hori gertatu?

Ez. Aurrekoan bezala, okertzea orokorra izan da guztiontzat, gizon zein emakume, baina andreei are gehiago eragin die. Pandemiak handitu egin du genero arrakala: sektore feminizatuak dira kalterik handiena jasan dutenak. Eta horren kontura piztutako eztabaida publikoari dagokionez ere bada alderik: aurreko krisian, une oro aditzen genituen sektore maskulinizatuen langabezia tasari buruzko albisteak, iritziak eta analisiak, edo gizonezkoen diru sarreren eta bizi baldintzen apaltzeari buruzkoak. Orain, berriz, gutxitan ikusten dugu sektore feminizatuen gainbeherari eta horren ondorio ekonomiko eta sozialei buruzko iruzkinik.

Zergatik?

Oro har, garrantzi handiagoa ematen diegu gizonezkoei eragiten dieten arazoei, eta enpleguari lotuta baldin badaude, are gehiago. Subkontzientean iltzatuta daukagu aita familiakoaren irudi topikoa: gizona familia unitatearen diru iturri nagusi gisa. Lana galtzen badu, familia osoarentzat da hondamendi bat. Alta, lana galdu duena emakumea bada, ez da hainbesterako. Denbora gehiago izanen du haurrak zaintzeko.

Lanaren eta diru sarreren dimentsioaz gain, beste faktore batzuk ere aintzat hartu dituzue txostenean...

Bai, bazterketa soziala neurtzeko, beharrezkoak direlako beste hainbat aldagai: ikasketak, osasuna, etxebizitza... Denak lotura du ekonomiarekin, noski. Behar bezala ez elikatzea edo ikasketa maila apala izatea, adibidez, oso lotuta daude diru sarrerekin, baina ekonomia ez da faktore bakarra, eta komeni da gainerako dimentsio horiek guztiak ere aintzat hartzea, errealitatearen irudi osoago bat emate aldera. Pobrezia monetarioa soilik neurtzea, ikerlarion ikuspegitik, ez da nahi genukeen bezain zehatza.

COVID-19aren aurkako neurriek aintzat hartu dute generoaren ikuspegi hori?

Hasieran ezarritako zenbait neurri —ikastetxeak itxi eta haurrak etxera bidaltzea, adibidez— ez ziren onuragarriak izan, eta kontziliazio arazo ugari eragin zituzten, emakumeei batez ere. Hori esanda, egia da inork ez ziola inoiz gisa honetako pandemia bati aurre egin, eta erabakiak hartzea ez zen batere erraza izan. Bestalde, COVID-19aren krisiari eman izan bagenio 2008koari emandako erantzun bera, ziur naiz askoz egoera okerragoan geundekeela gaur egun. Oraingo honetan, aldi baterako erregulazioak eta beste zenbait mekanismo ezarri ziren, eta, beren gabezia guztiekin ere, balio izan zuten krisiaren ondorioak hein batean apaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.