Aste Santua, joera ala ilusioa?

Asteburuan bete egingo dira Euskal Herriko hotelak, hiriburuetan bereziki. Arduradunak, baina, zuhur dabiltza; urtea ez da ondo hasi, baina itxaropena dute uda hau iazkoa bezain ona izango dela.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Turista eta bidaiaririk ez da faltako asteburu honetan Euskal Herriko txokoetan. Hoteletako betetze maila %90aren inguruan egongo da, hiriburuetan bereziki. Hoteletako elkarteetako arduradunak, baina, zuhur dabiltza: urte hasiera ez da ona izan, eta gizartean ezegonkortasun handiegia ikusten dute uda nolakoa izango den aurreratzen hasteko.

SARA MARTINEZ Iruñeko Hotelak elkartea
«Maiatzak itxura ona du, eta hori zantzu oso ona da guretzat»

Sara Martinez El Toro Berriobeitiko (Nafarroa) hoteleko zuzendaria da, eta egunotan lepo dabil lanean. Iruñerri guztikoak antzera dabiltza: «Hiriburuan hotelak %90ean daude, eta Iruñerrian, %70-80an. Pandemiaren aurretik ohikoa zen hori». Haren mintzoan baikortasuna eta zuhurtzia nahasten dira, baina maiatzeko erreserba egutegia begiratzeak lasaitu egin du: «Itxura ona du. Hilabete garrantzitsua da Iruñean. Ezkontzak daude, jaunartzeak, graduazioak... Gero, ekain hasieran, arnasbideetako medikuen bilera handi bat dago Baluarten, eta bizi handia emango digu».

Burua altxatu eta aurrerago begira jarrita, zuhurrago mintzo da Martinez. «Beldurra hor dago; 52 asteburu dira urtean, eta denak dira garrantzitsuak», nabarmendu du. Iazko abuztu ona du gogoan, eta orduan lorturiko %95eko okupazioa, baina ez du ahaztu pandemiaren azken oldarraldia ere. «Seigarren olatuak dena pikutara bidali zuen. Turismoa oso sentikorra da, eta guztiak eragiten dio: pandemiak, krisiak..». Zehaztu duenez, Iruñerriko sei hotel itxi dituzte pandemiaren eraginez.

ALVARO DIAZ MUNIDestino Bilbao elkartea
«Pazko astea ere kontuan hartuz gero, Aste Santua garai txarra da Bilbon»

Alvaro Diaz Munio Ilunion kateak Bilbon dituen hotelen zuzendaria da, eta Destino Bilbao hotel elkarteko bozeramailea. Asteburu honetan, Bizkaiko hiriburuko hotelak %90ean egongo dira, baina, haren ustez, azterketa zabalagoa egin behar da: «Erregulartasun gutxi dago. Pazko astea kontuan hartuz gero, Aste Santuagarai eskasa da Bilbon. Hurrengo astean ez dago ez turistarik, ezta lan bidaiaririk ere. Horiek hala, eta bi asteen batezbestekoa eginda, ez gara iritsiko %60ko okupaziora. Bi aste arrunt baino okerrago».

Joera hori, dena den, historikoa da Bilbon. Urte hasiera «oso txarrak» gehiago urduritzen du Diaz. Dioenez, hotel batek otsail osoa ixtea erabaki zuen. «Ez dira pandemia aurreko datuak», zehaztu du, eta azken hilabeteetan Euro Wind azokak bakarrik itxuratu ditu zenbakiak. Hurrengo bi hilabeteetan ere ez da azoka handirik espero, eta, horregatik, uda du buruan: «Krisiak eragingo digu, ziur, baina agian onerako izan daiteke. Espainiako turistek gertu gelditzea erabakiko dute agian, eta hori ona da». Gustura hartuko luke iazkoaren moduko uda bat: «Abuztuan %86ko betetze maila izan genuen, eta aurtengoak ez dauka zertan okerragoa izan».

ADEGI HOTELAK Gipuzkoako Hotelen elkartea
«Aste Santuan %90eko okupazioko egunak ditugu, baina %50ekoak ere bai»

Adegi enpresari elkartea da Gipuzkoako hotelen bozeramailea, eta, haren datuen arabera, Aste Santuko batez besteko betetze maila %75ekoa izango da. Hala ere, zehaztu du tarte horretan %90eko egunak eta %50ekoak daudela: «Lau egunek ez dute urtea salbatzen». Gipuzkoako patronalak azaldu du Ukrainako gerraren eraginez bertan behera utzi direla nazioarteko bisitarien erreserba asko, eta lehen hiruhilekoko okupazioa 2020koa baino %8,7 txikiagoa izan dela: %43,5ekoa oheetan, eta %50,7koa logeletan. Kontuan hartzekoa da azken bi urteetan eskaintza asko handitu dela.

Aurrerago begira jarrita, Adegik kostuak handitzea espero du, eta epe motzeko erronkak zenbatu ditu: atzerriko turistak erakarri, susperraldia Aste Santutik harago eraman... Oro har baikor dago, baina aldagai bat gehitu dio azalpenari: «Bezeroa oso sentikorra da, are gehiago orain, eta epe motzean pentsatzen du. Edozein albistek, izan gerrak, izan maskararen erabilerak, izan eguraldiak... Iragarpenak aldaraz ditzake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.