Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Ramiro Gonzalez. EAJren Arabako ahaldungaia

«Gobernua higatzen saiatu dira EH Bildu eta PP, baina ez dute lortu»

Gonzalezen ustez, legealdi «zaila» izan da, baina foru gobernuak modu «proaktiboan» erantzun du, eta oposizioa «jokoz kanpo» utzi. Ekonomia, trantsizio energetikoa eta zaintzak jarri ditu erronka gisa.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hirugarrenez hartu nahi du Ramiro Gonzalezek (Burgos, Espainia, 1962) Arabako Foru Aldundiko aginte makila. Ezinbestekotzat jo du herritarrek bozetan parte hartzea, Voxek eserlekurik lor ez dezan. Gaztelaniaz erantzun dituBERRIAren galderak.

Faboritotzat daukazu zeure burua?

Lasai nago. Ez dira urte errazak izan, baina uste dut lan ona egin dugula. Orain, herritarrek zer erabakitzen duten ikusi beharko dugu. Ezinbestekoa da hauteskundeetan parte hartzea, erronka handiak baititugu aurrean.

Parte hartzeak kezkatzen zaitu?

Parte hartze apal batekin, Voxek aukera izango luke batzar nagusietan ordezkaritza lortzeko. Horregatik da garrantzitsua bozetan parte hartzea.

Ezohiko legealdia izan da, pandemia eta gerra bat tarteko. Zerbalantze egiten duzu?

Bi krisi jarraian izan ditugu, bainainbertsioari eta zerbitzu publikoei eutsita, aurrera egin dugu. Eta ezohiko egoera hori kudeatzeko modu horren emaitza begi bistan dago: langabeziaren datuak onak dira; inoiz baino pertsona gehiago ditugu lanean. Orain, egoera zailean dauden pertsonen egoera hobetzeak izan behar du gure lehentasuna, kalitatezko enplegu gehiago sortuta. Alderdi politiko guztiek bat egin beharko lukete helburu horrekin.

Zer moduz joan da EAJren eta PSEren arteko gobernu ituna?

Harreman ona dugu bi alderdiok. Gobernu programa bat adostu genuen legealdiaren hasieran, etabete egin dugu elkarrizketaren eta akordioaren bidetik. Kultura politiko ezberdinetatik gatoz, baina erakutsi dugu gai garela ados jartzeko pertsonen ongizatea hobetzeko bada.

Bozen ostean, ituna berritzearen aldekoa zara?

Emaitzak ikusi behar ditugu lehenik, baina, dudarik gabe, PSE izango da negoziatzera deituko dudan lehenengo alderdia.

Oposizioko taldeekin akordioak lortzeko prest egon zarete?

Uste dut oposizioarentzat ez dela legealdi samurra izan, gobernutik oso proaktiboak izan garelako, eta, egoera zaila izanagatik ere, zezena adarretatik hartu dugulako. Oposizioa jokoz kanpo egon da, zer egin jakin gabe. Deigarria izan da legegintzaldiaren azken txanpan ustez antagonistak diren bi indar politikok, EH Bilduk eta PPk, akordio garrantzitsuak lortu izana. Fiskalitatean lortu dituzte akordioak, gizarte gaietan, azpiegituretan... Ez dut uste gai horien inguruan akordio programatikorik dutenik; beraz, pentsatu behar dut gobernua higatzen saiatu direla, nahiz eta ez duten lortu.

Ahaldun nagusi aukeratzen bazaituzte, zer lehentasun izango dituzu?

Gure programak hiru ardatz ditu. Lehena, ekonomikoa. Inbertsioak egiten jarraituko dugu, batez ere automobilgintzari lotutakoak, eta enplegu osoa lortzen saiatuko gara. Bestetik, trantsizio energetikoa eta klima aldaketaren aurkako borroka dira gure lehentasunak. Ezinbestekoa dugu energia berriztagarrien sorrera bizkortzea eta independentzia energetiko handiagorantz eta deskarbonizaziorantz aurrera egitea. Zaintzak dira gure hirugarren ardatza. Aurrera egin dugu kalitatezko zaintza lanak lortzeko, eta zaintza eredu berri baterantz urratsak egin ditugu.

Zaintza eredu berri bat aipatu duzu. Zer eredu da hori?

Pandemiak erakutsi digu beharrezkoa dela eredu bat non zainduak diren pertsonak eta zaintzaileak erdigunean dauden. Eredu horren zimenduak ipintzen ari gara jabetza publikoko egoitzetan. Gizarea arreta ereduak kontuan hartzen ditu zaintzaileak, zainduak diren pertsonak eta haien sendiak, eta etorkizuna hortik joango da Arabako egoitzetan. Ziur nago zaintza behar duten pertsonen ongizatea hobetzen ari garela.

Egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek salatu dute lan baldintza prekarioak dituztela eta horrek eragina duela artaren kalitatean.

Arabako egoitza pribatu batzuetako langileen soldatak igo beharko lirateke hitzarmen kolektibo baten bidez. Nik askotan esan dut hitzarmen hori sinatzearen aldekoa naizela. Akordioaren aldeko ahalegin handia egin dugu, eta lortu dugu itundutako sistemaren bidez langileentzako gutxieneko soldata ezartzea. Espero dut itunpeko sistemaren bidez baldintza duinak ezartzea zaintzan, gutxieneko ratioetan eta soldatetan.

Araban aurreikusi diren parke eolikoei dagokienez, planifikazioa «kaotikoa» dela salatu du oposizioak.

Euskadin azpiegitura bat aurreikusten den bakoitzean, beti agertzen dira ahots kritiko batzuk. Uste dut gauzak ondo egiten ari direla: kokalekuen aukeraketa eta ingurumen baldintzak zorrotz betetzen ari gara. Bi parke eoliko bidean geratu dira, Arkamukoa eta Iturrietakoa, hain zuzen ere ingurumen baldintzak betetzen ez zituztelako. Tramitazioan diren beste bi parke eolikoetan, berriz, oso baldintza zorrotzak jarri dituzte horiek egiteko. Uste dut oposizioan jarrera errealistago bat nagusitzen ari dela, jakitun baitaude gehiengo sozial zabal batek energia berriztagarrien ekoizpen prozesuak azkartu nahi dituela.

Azazetako parkearen kasuan, ingurumen inpaktua handia izango dela ohartarazi dute hainbat talde ekologistak.

Ingurumen azterketen arabera, parkeak ezin hobeto errespetatzen ditu legea eta biodibertsitatea, eta, beraz, proiektuarekin jarraituko dugu. Diskurtso purista eta zorrotzegiak dituzten horiek dira, hain justu, klima aldaketaren aurkako borrokan gutxien laguntzen dutenak. Izan ere, biodibertsitatea eta ingurumena amaiarazteko modurik onena da ezer ez egitea.

Tuesta herriko lurretan tomate hidroponikoak ekoizteko berotegi handiak eraikitzeko proiektuak ere kritika batzuk piztu ditu, UAGArenak adibidez.

Uste dut jasangarriagoa eta ekologikoagoa dela supermerkatuan erosiko ditugun tomate horiek hemen ekoiztea. Ulertzen dut alderdi batzuek lelo batzuk defendatu behar dituztela, baina oker dabiltza. Arabarentzat proiektu ona da, eta eskualdean babes sozial zabala du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.