Fiskaltzak matxinada delituari eutsiko dio U-1aren epaiketan

ander perez zala
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenean buruzagi katalan independentisten aurkako epaiketa amaitzear dela, fiskaltzak matxinada delituari eusteko asmoa duela zabaldu zuen atzo Efe berri agentziak, iturri juridikoak aipatuta. Fiskalek erabaki horren berri emango lukete, beraz, datorren astelehenean, epaiketari buruzko ondorioak jakinaraziko dituztenean; akusatuen defentsak, aldiz, absoluzioa eskatuko du. Egutegia betetzen bada, epaiketa ekainaren 11n geratuko da epaiaren zain.

Fiskaltzak uste du frogatu duela indarkeriaren erabilera 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferendumean; gainera, bere jarrera indartuta ikusi zuen atzo, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ontzat jo baitzuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galdeketaren osteko Kataluniako Parlamentuko osoko bilkura debekatu izana. Izan ere, Estrasburgok argudiatu du beharrezkoa zela erabaki hori hartzea, «segurtasun publikoari, ordenaren defentsari eta besteren eskubideen eta askatasunen babesari eusteko».

Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du Oriol Junquerasentzat; hamazazpi urtekoa Jordi Sanchezentzat, Jordi Cuixartentzat eta Carme Forcadellentzat; hamasei urtekoa Jordi Turullentzat, Josep Rullentzat, Joaquim Fornentzat, Raul Romevarentzat eta Dolors Bassarentzat; eta zazpi urtekoa Carles Mundorentzat, Meritxell Borrasentzat eta Santi Vilarentzat.

Bideoen txanda

Manuel Marchena buru duen epaimahaiak ia lau hilabete igaro ditu alde guztiek deituriko lekukoak entzuten. Atzo, horiek esandakoa irudien bidez aztertzen hasi ziren, 2017ko irailaren 20an—Guardia Zibila Ekonomia Kontseilaritzan sartu zen— eta U-1ean grabaturiko bideoak ikusten hasi baitziren. Fiskaltzak aurkezturiko bideoetan tentsio handiko uneak ikusi ahal izan zituzten, baina Poliziaren indarkeriari buruzko ia irudirik ez; bortitzenak ez zituen erakutsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.