Noiz sortua: 2018-08-29 00:30:00

Arrauna

«Konfiantza osoz gaude»

Oriok Kontxara bideratu du prestakuntza osoa aurten ere, Eusko Label ligan atzean geratu eta gero, Iñigo Mujika arraunlariak azaldu duenez. Uste du taldea gai dela bandera irabazteko.
Iñigo Mujika, eskua altxatuta, aurten Eusko Label ligan etxean irabazitako bandera ospatzen.
Iñigo Mujika, eskua altxatuta, aurten Eusko Label ligan etxean irabazitako bandera ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2018ko abuztuak 29

Uztail erdialdean, Eusko Label liga hasi eta segituan, Orioren jardunaren inguruan galdera hau ibili zen: ba al dabil trainerua? Gorabeheraz beterik ekin zion lehiaketari, eta hainbat estropadatan bigarren txandan arraun egin behar izan zuen. Zalantzak uxatzeko, ez dago bandera bat irabaztea bezalakorik, eta etxean lortu zuen oraingoz bakarra duen garaipen hori. Gero, abuztuan, muturra sartuta ibili da banderak irabazteko lehian, baina Zarautzen (Gipuzkoa), haren estropada kutunean, ez zuen maila eman lehen egunean, duela hamar egun. Bai, ordea, bigarrenean, eta denbora onena egin zuen. Badator Kontxa, eta berriz ere galdera Orioren jiran: gai ote da iazko garaipena errepikatzeko?

Iñigo Mujika arraunlariak (Orio, Gipuzkoa, 1987) garbi dauka baietz, gai direla iazkoa berriz lortzeko: «Konfiantzaz oso ondo gaude, eta gogo handiarekin». Sasoia ere egoki-egokia dutela gehitu du, eta onartu Kontxarako prestatzen ibili direla propio: «Fisiko aldetik ederki gaude, azken batean estropada handi honetara bideratu dugulako prestakuntza ligan atzean geratu ginenean». Erantzun horren atzetik, azkar sortzen da galdera hau: «Orain arte ikusi ez dugun Orio ikusiko al da Kontxako Banderan?». Mujikak ez du erantzun garbirik eman: «Ez dakit hobeto ariko garen edo ez, baina dakidana da azkarrenak izateko moduan izango garela gure onena ematen badugu».

Onena emanda ere, gerta dakioke beste bat edo batzuk hobeak izatea, eta onartu du hori jazo daitekeela: «Luzea da faboritoen zerrenda; ligako lehen laurak eta Cabo gaude hor. Ligan gure aurretik dauden hirurak ere (Urdaibai, Hondarribia eta Zierbena) gai badira beraien onena emateko, gu laugarren izan gaitezke, bi estropada handi eginda ere».

Aukera guztiak gerta daitezkeela onartzea ez da aldarte txarrena urteko estropadarik desiratuenari aurre egiteko. Adierazten du Orion modu orekatuan daramatela presioaren estutasuna. Horretaz ere aritu da San Nikolas traineruan ababor aldean arraun egiten duen arraunlaria: «Guk geure buruari jarria diogu presioa, baina ez da iazkoaren ezberdina. Agian kanpotik badirudi guretzat uda salbatzeko modu bakarra Kontxa irabaztea dela aurten, baina guk ez dugu hala sentitzen barruan, onartzen dugun arren bandera bakar bat irabazita izatea ez zela espero genuena. Alde horretatik, ez daukagu aparteko presiorik Kontxarako».

Estropada honetan, izaten dira aldagai batzuk arraunlariek menderatu ezin dituztenak: eguraldi aldaketa, itsasoa, txandatik txandarako alde posibleak, kaleen arteko ezberdintasunak... Horrek guztiak eman dezake aukera taldeen arteko kirol ezberdintasunak berdintzeko, iaz Oriok berak erakutsi zuen bezala. Itsaso txarra baliatuz, gai izan zen bigarren igandean lehenengoan galdu zituen ia hamar segundoak leheneratzeko. Horri ere heldu dio Mujikak: «Garbi dago askotan bandera hau ez dela erabaki izan azken pala kolpea eman arte, eta begira gurea iaz. Azken bi minutuetan egin ginen banderaren jabe. Bukatu arte segi eta segi egin behar da».

Itsaso txarrarena aipatuta, beste galdera bat ere sortzen da Orioren inguruan: itsaso txarra beharko al du bandera irabazteko? «Iaz lehen igandean baino bareago nekez egongo da, eta ez ginen oso aparte ibili Urdaibairengandik. Pixka bat mugituak aukerak handitu eta zabaldu egiten ditu taldeen artean; hori ere hor dago, baina uste dugu gai garela barearekin ere azkar ibiltzeko». Bermeoko taldeak baldintza horietan duen indarrari erreparatu dio: «Erakutsi izan du udan beste motor bat duela halako baldintzetan tartea egiteko, eta Galizian bertan erakutsi du hori azkeneko aldiz».

«Serioa da ostegunekoa»

Orain arte aipaturiko kontu horiek guztiak horrela gertatuko diren edo ez ikusteko, Oriok lan bat egin beharko du bihar, lehenik eta behin: banderaren lehian aritzeko sailkatu. Oker handirik ezean, barruan izango da, osteguneko estropadan zazpi onenen artean, baina Mujikak dio estropada «serio» hartu beharra dagoela sartu ahal izateko: «Sailkatzeko aukera gehien dugun taldeontzat kezka eguna izaten da biharkoa. Lanak ondo egin behar izaten ditugu, edozein oker garesti ordaintzeko arrisku handia izaten delako». Ez dira hitz hutsak edo ondo geratzeko esandakoak: «Faboritoren bat edo batzuk kanpoan geratu izan diren urteak ere badira sailkatze estropadaren historian».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 5ean eguneratua. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan hiru lagun hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez. Hamalau positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta ez dute gaixorik ospitaleratu. Euskal Herrian 29.723 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.089 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Ertzaintzaren kontrol bat, Kantabriako (Espainia) mugan. ©Aritz Loiola / Foku

Beste hiru pertsona hil dira COVID-19ak jota

Berria

Hamalau pertsonak eman dute positibo Hego Euskal Herrian PCR proban. Ez dute inor ospitaleratu, eta pertsona bat atera dute zainketa intentsiboen unitatetik.

Herritarrak paseoan, Donostiako Ondarreta hondartzaren ondoan. ©JON URBE / FOKU

Hirugarren fasera igaroko da Hego Euskal Herri guztia

Ainhoa Larretxea Agirre

Hirugarren fasetik aitzinera, autonomia erkidegoetako lehendakariek izango dute erabakiak hartzeko eskumena. Alarma egoera bukatu arte, etenda egongo dira Nafarroaren eta EAEren arteko joan-etorriak. Nafarroan elkarte gastronomikoak irekiko dituzte, baina tabernetako barrek itxita jarraituko dute. Jaurlaritzak bihar emango ditu hirugarren faseari buruzko azalpenak.

Arroabeko haur eskola, artxiboko irudi batean ©urola kostako hitza

Partzuergoko haur eskolak ekainaren 22an irekiko dituztela jakinarazi diete sindikatuei

Irati Urdalleta Lete

LABek plantorako deia egingo du, «prebentzio plan egokia» adostu ezean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna