Javier Sotil. Mondragon taldeko presidentea

«Uda aldera banoa»

Kongresu nagusiarekin batera, Javier Sotilek zuzendu duen fase kritikoa itxiko du Mondragonek uda honetan. Korporazioa bere ataka estuenean hartu zuen gidaria badoa; egoera oso bestelakoa da orain, 2015eko emaitza onek islatu duten moduan.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Arrasate
2016ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Mondragon taldeak behar zuen baretasuna ematen jakin du. Fagor Etxetresnen porrotaren osteko aldaketak bultzatuta eta kooperatibismoaren balioetan sakonduta, Javier Sotilek (Bergara, Gipuzkoa, 1951) Euskal Herriko talde industrial handienaren lemari irmo eutsi dio.

Erretiroa hartzea dagokizu laster. Kargua uzteko asmoa daukazu?

Aurretik pentsatua nuen moduan, laster erretiroa hartuko dut, eta horrekin batera, presidente kargua utziko dut.

Zein neurritan da erabaki pertsonala eta zein neurritan dauka lotura taldeak duen egoerarekin?

Ez nau bakarrik irizpide pertsonalak bultzatzen. Mondragonen horrela egiten ditugu gauzak, eta nik uste dut ona dela gure egiteko moduekin jarraitzea. Gauzak ez dira bakarrik pertsonen arabera egin behar, alegia.

Noiz utziko duzu kargua?

Hilabete gutxi barru, erretiroa hartzen dudanean. Ez dago oraindik Kongresu Nagusirako egunik, baina uztail aldera izan daiteke, eta ordurako joango naiz. Baina beti kongresuaren arabera izango da.

2014ko azaroan hartu zenuen Mondragonen lema, taldeak inoiz izandako unerik dramatikoenean Fagor Etxetresnen krisia zela-eta. Irteera sarrera baino lasaiagoa izango da, noski.

Zalantzarik gabe. 2013an Batzorde Kudeatzailean hasi nintzen [Txomin Garcia, Agustin Markaide eta Xabier Mutuberriarekin batera, Txema Gisasolaren dimisioaren osteko zuloa betetzeko]. Ordutik asko aldatu dira gauzak, zorionez, onerako aldatu direlako. Enpresa guztietan gertatzen dira une gogorrak, eta halakoa izan zen gurea orduan. Orain, berriz, taldeak aldaketa handia egin duela esan dezakegu, eta 2015. urtea horren erakusgarri da, gainera.

Zerk bultzatu zintuen, erretiroa gertu zenuela gainera, zuzendaritza hartzera korporazioaren unerik nahasienean?

Nik ez diot begiratzen nortasun agiriari aurrera egin behar denean. Kargua hartzeko eskatu zidaten; eskaera garbia izan zen, eta ni beti egon naiz prest erronkei aurre egiteko. Egin beharreko zerbait zen, eta erronkak ez ninduen izutu. Aitzakia gisa adina aipatzea? Hori ez zen kontua. Onartu nuen, eta ez dut damurik.

Uste baino egoera okerragoa aurkitu zenuen?

Egoera ondo ezagutzen nuen. Espero nuena aurkitu nuen, baina kooperatibetan pertsona izugarri onak ditugu; pertsonekin konfiantza osoa izateko joera izan dut beti, eta gure pertsonen maila argi eta garbi ikusi dut. Teknologiak erosi egiten dira, baina pertsonak oinarri dira enpresan, eta ezustea izatekotan, pertsonen mailarekin hartu dut, pertsonei esker ematen zaielako buelta egoera txarrei.

2015. urtea ona izan dela islatzen dute zure hitzek, aldeko olatua hartu duzuela. Ez duzue oraindik emaitzen berri eman, baina zein mailatan izan da ona?

Olatuei begira egon beharrean, gauzak egin egin behar dira. 2015. urtea urte ona izan da. Oso ona esatea gehiegizkoa izango da seguruenera, baina ez da gutxi urte ona lortzea, alde askotatik izan delako ona, ez bakarrik mozkinak izan ditugulako eta kooperatibak sendotu direlako, baizik eta enplegua sortu dugulako, eta hori gure zeregin nagusietako bat da. Finean, erantzun garbi bat eman diogu aurreko urtean gertatutako arazo sozialari. Fagor Etxetresnetatik zetorren arazoa hor zegoen, eta 2015. urtean emaitza onak edukitzea ez da gutxi.

Krisian bizitzen ikasi ote du taldeak?

Krisiarekin ezin gara itsutu. Prest egon behar dugu, egoera txarrerako bezala, onerako ere bai. Euria egiten badu, katiuskak ateratzen jakin behar dugu, eta eguzkia ateratzen denerako, hondartzako oinetakoak prest eduki. Alferrik ari gara kanpoko egoerari errua botatzen; jakin egin behar dugu datorrenari erantzuten, datorrena datorrela. Mundua abiada handian doa aurrera, eta gure barruko erantzunak egokitzen jakin behar dugu. Gure kooperatibak ez dizkigu kanpotik datorren inork konponduko, guk geuk baizik, baina beti non ari garen lehiatzen ulertuta.

Zenbat enplegu sortu du Mondragonek 2015ean?

Mila enplegutik gora sortzeko aurreikuspena egin genuen, eta helburua bete da. 1.300 inguru lanpostu sortu dira industria alorrari dagokionez. Eroskik egin dituen desinbertsioek zenbakiak aldatuko dituzte beharbada, nahiz eta operazio horiek ez duten zertan enplegua galduarazi, lanpostuei eutsi egin dietelako.

Zer aurreratu dezakezu irabaziei buruz?

Aurreko urteekin alderatuta emaitza hobeak izan ditugula, dezente hobeak, baina oraindik enpresa batzuek ez dute urtea itxi, eta ez dago gehiago zehazterik.

Fagor Etxetresnak historia dira dagoeneko?

Horrelako prozesu batek orri asko dauzka, eta orri guztiak pasatu arte ez da bukatzen. Ez dira bakarrik lanpostuak eta diru kontuak; gauza zehatzetik harago, beti geratzen delako ikasgaia. Galdutako lanpostuen arazoa konpondu da, baina ez erabat. Enplegu arazoari erantzun diogu, baina sortutako lanpostuak egonkortu egin behar dira. Fagor Etxetresnekin ikasitakoa etorkizuneko urratsetan nola txertatzen dugun ere ikusi behar dugu. Erabat itxi da krisi hori? Ez, harra bueltaka dabilelako oraindik, eta hobe horrela, porrotetik ikasi egin behar delako, eta ez pentsatu suerte txarra izan dugula.

Porrot horren itzala luzea dela...

Seguruenik gauza batzuk gaizki egin ziren kooperatiban, eta beste batzuk, ondo; baina garrantzitsuena da ikasgaia ateratzea. Eta horretan gabiltza; horregatik ez dizut esan historia itxi dela.

Eta zein da ikasgaia?

Juridikoki enpresa bat kooperatiba izateak ez duela ezertan babesten. Jardueran jarraitzeko lehiakorrak izan behar dugula. Negozio txarrekin, lehiakorrak ez diren kooperatibekin, etorkizuna finkatu daitekeela pentsatzea ez dela zuzena. Saiatu gara gure jendeari lehiakortasunaren aldeko mezua ematen, eta ulertu du. Lehiakortasunak eskatzen du inbertsioak egitea, nazioartera ateratzea, baita autoexijentzia maila handia ere. Ezin da pentsatu kooperatibista zarelako edozer gauza egin dezakezula norbait etorriko delako gauzak konpontzera. Norberetik hasten dira soluzioak beti.

Eskuratuk eta Ordainduk Mondragonen aurka jarritako auzi eske kolektiboak ere ez du uzten ixten auzia...

Komunikabideetan irakurritakoa baino ez dakigu horri buruz; ez dugu inolako jakinarazpenik jaso, eta, beraz, ezin dizut ezer gehiagorik esan.

Kooperatiben arteko elkartasun mekanismoak jasotzeko «etxeko lanak» egin beharko zirela ohartarazi zenuen 2014ko kongresuan. Alegia, mekanismo horiek kontrol neurri zorrotzagoak izango zituztela. Betetzen ari al da aldaketa hori?

Bai. Eguneroko jardueran ikusten ari gara. Aurtengo kongresura eramango dugun ildo nagusietako bat horixe bera izango da. Autoexijentzian sakontzen jarraitu behar dugu. Kooperatibek ulertu dute, baina ulertzetik egitera beti dago salto bat, egin beharreko prozesu bat, agian urteetan. Ez da klik bat egitearen kontua, alegia.

Laguntza jasoz gero, kooperatiba batek Mondragonen kontrol zuzena eta esku hartzea izango zuela ere garbi geratu zen kongresu horretan. Badira kasuak jadanik?

Bai, badago gainbegiratze lan bat, eta ez da ezer gertatzen. Izugarri ongi doazen kooperatibak dauzkagu, ondo doazenak ere bai, baita egoera kaskarra dutenak ere. Beste kooperatiba guztien laguntzak jasotzen direnean, laguntza ekonomikoekin batera aholkularitza ere jasotzen du enpresa batek, profesionalen bidez, negozioa nondik nora joan behar duen erabakitzeko.

Itxura batean industria dibisioak emaitza onak lortu ditu 2015ean. Merkatuak mugitzen hasi dira? Lehiakorragoak dira enpresak? Merkatu batzuetatik bestera mugitzean asmatu da? Zergatik iritsi da hobekuntza?

Krisiak normalean merkatu zehatzetan gertatzen ziren, ez mundu osoan, hori zaila baita oso. Zorionez, nazioartekotze maila handia lortu dugu, eta gure salmentak mundu osoan egiten ditugu. Batzuetan egokitzen da merkatu zehatz bat erortzea; hor duzu Brasil erabat jota. Hango gure negozioak sufritzen ari dira. Beste batzuek esaten dute Txina gaizki dagoela, baina guk ez dugu hori hain argi ikusten. Kontua da ikuspegi orokor batekin ibiltzea, une batean han eta bestean hemen sakontzeko. Eta geografia mailan esan dudan honek sektore mailarako ere balio du. Petrolioarekin lotutako sektoreak behera doaz orain, eta aurretik eskaerari ezin erantzunez aritu dira. Dibertsifikazioa oinarrizkoa da, bai geografikoki, bai sektoreei begira.

Hirugarren atzeraldi baten atarian ote gaude? Beldurtzeko arrazoirik bada?

Ni ez nintzateke hainbeste egongo kanpora begira. Munduan gertatzen ari dena ezagutu egin behar dugu, eta informazio hori baliatu, baina jakinda guk ezin dugula datorrena aldatu. Atzeraldia izango da, edo ez da izango; espekulazioekin aritzea alferrik da. Gerta daitekeenak zer eragin izan dezakeen gure enpresetan, horijakin behar dugu, ez besterik. Ohitura handia dago egoera txarrei buruz hitz egiteko, eta aldeko egoera datorrenean, denak isilik egoten gara. Seinale kaskarrak badirela ez dizut ukatuko, baina badaude beste batzuk ez direnak hain txarrak. Garrantzitsuena da ezagutza ona edukitzea, eta horretarako kobazulotik atera behar da mundu zabalera.

Asko hitz egiten ari da erabakiguneaz, kanpoko multinazionalek hemen dituzten lantegiekin lotutako albiste txarrak iritsi direlako. Nahikoa nabarmentzen al da Mondragonek erabakigunea Euskal Herrian duela?

Gure izaera nolakoa den eta gu zer garen mundu guztiak dakiela esango nuke. Gu ez gaudela ez dakit zein multinazionalen menpe errepikatu behar ote dugu oraindik ere? Kooperatiben izaera ondo ezagutzen dugu denok.

Fagor Etxetresnen harira alderaketa mingarriak egin zutenek ere bai?

Egia da kritika mingarriak egin zirela, eta minduta sentitu ginen. Kooperatibekin exijentzia maila desberdina dago; etxekoei gertatzen zaie hori. Denok dakigu erabakiak hemen hartzen ditugula, eta batzuetan errazagoa da hemengoei presioa egitea, esaterako Wisconsinen dagoen multinazional bati baino.

Lehiatzeko dimentsio handiko enpresak behar direla diote. Kooperatibak nahiko handiak ote dira?

Dimentsioa ez da erabakigarria ondo lehiatzeko. Negozio bakoitzak bere dimentsio egokia aurkitu behar du. Enpresa bat handia delako ez da hobea izango, besterik gabe. Batzuek hierarkizazioa defendatzen dute, baina multinazional aurreratuenetan ere, erabakiak azpiko mailan hartzen hasi dira, negozio bakoitzaren arabera. Egoera bati azkar erantzuteko azpiko mailek askatasun hori behar dute. Gauza bat da gutxieneko dimentsio bat behar dela lehiatzeko, eta beste bat handia zarelako ondo lehiatuko zarela; ezta hurrik eman ere.

Eroski txikitu egin da, izan ere. Asteon itxi dira berregituraketa akordioak behartutako desinbertsioak. Mondragonen alderik ahulena da Eroski?

Izugarrizko lan ona egin dute egoerari erantzuteko. Finantza estutasun gogor bat izan zuten, eta neurriak hartu zituzten. Berregituraketa egitea lortu dute, eta horrek agindutakoa betez joan dira. Baina kontuz, diru kontuak dira horiek, negozioari dagokionez, gauzak ondo dihoazkie. Aldaketa sakonak egin dituzte azken bi urteotan, eta Eroski berri bat sortzen ari dira. Igartzen da dagoeneko ahalegin hori, eta aurrera doaz.

Zure hurrenari zerbait esateko?

Nik sinetsi egin dut balio kooperatiboan. Kanpotik begiratzen duenak pentsa dezake kooperatibista guztiek daramagula halako zigilua, baina oso heterogeneoak gara; euskal gizartearen isla gara, eta hori ulertzea garrantzitsua da kargu honetan. Horrez gain, inguruan jende ona edukitzea ere oinarrizkoa da. Nik oso jende ona izan dut nire inguruan. Bestalde, bi eskuak erabiltzen jakitea ez dator gaizki, pilota batzuk jaso ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.