Galoi bat arroz

Hiru aste igaro dira 'Idai' zikloiak Mozambiken hondamena eragin zuenetik. Mutua herrixkako 25 de Setembro auzoan oso laguntza gutxi jaso dute. Elikagaien behar larria dute, eta herritar asko etxerik gabe gelditu dira haizeteengatik.

Galoi bat arroz.
Oskar Epelde Juldain.
Dondo
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

Mozambiken, Zimbabwen eta Malawin Idai zikloiak sortutako sufrimenduaren eraginez, gobernuz kanpoko erakundeak eta larrialdietarako gainerako munduko agentziak mugitzen ari dira. FAO Elikagaien Mundu Programaren arabera, 1,85 milioi lagun gose arriskuan daude: «Bizitzeko behar den guztia dute faltan; janaria eta ura». Zikloiak eramandako senideen eta lagunen oinazea pairatzeaz gainera —Mozambiken 447 lagun hil ziren, Zimbabwen 172 eta Malawin 59—. Nazioarteko laguntza banatzea beharrezkoa da, ezer gabe geratu baitira, baina alde batera utzi dituzte beste eztabaida batzuk; besteak beste, kudeaketa justua ote den, laguntza ondo banatzen ari ote diren... Eta bistan da ezetz. Izan ere, gehien behar dutenei ez zaie batere iristen. Mozambikeko Sofala probintzian dago Mutua herrixka. Hara iritsi bezain pronto, agerikoa egiten da ez dela giza laguntzarik iritsi; galoi bana arroz da familiek bizirik irauteko jaso duten baliabide nagusia.

Goseari aurre egiteko beharra. Argazkilaria gerturatzean, Luisa Joseren eta Albertoren semeetako bat belarra jaten hasi da, behar gorrian daudela erakusteko. Familiak Pungwe ibaiaren inguruan zituen lurrak, eta dena usteldu da zikloiaren ondorioz: artatxikia, arroza... Ez da ezer gelditu. Mutua herrixkako 25 de Setembro auzoan bizi dira. Mutua errepide nazional baten ondoan dago, baina auzoan sartzeko bidea oso kaskarra da.

Idai zikloia martxoaren 14an sortu zen, Indiako ozeanoan. 170 kilometro orduko abiadurako haizete luzeak adobezko eta adreiluzko milaka etxe suntsitu zituen Sofalan, eta hegan eraman zituen txapazko teilatu guztiak. Ekaitzak hainbat egun iraun zuen, eta, hango biztanleek kontatzen dutenez, ohikoak ez diren euri jasa indartsu eta etengabeak ekarri zituen gau beltzean. Arto eta arroz lursailak urpean utzi zituen, hain justu, uzta garaiaren aurretik, eta nekazarien familiak etxerik, janaririk eta dirurik gabe utzi ditu, ezer gabe.

Milaka familia horiek aipatzen ditu FAOk; horietako asko zazpi-zortzi seme-alaba bakarrik hazten ari diren emakumeak dira. Esaterako, Mutuako 25 de Setembro auzokoak —herriaren bazter bateko auzoa— pobreetan pobreenak dira; ia ez da ikusten gizonik, eta umeak eta emakumeak bizi dira bertan. 21 urterekin hiruzpalau seme-alaba dituzte, eta ez dute irakurtzen eta idazten ikasteko aukerarik izan.

"Ez dugu jateko ezer". Gracia Yuda alarguna da, eta bost seme-alaba ditu. Etsita dago: "Ez dugu jateko ezer. Ez dago lanik hemen. Etxerik ere ez dut; kanpoan egin behar dut lo. Eltxoentzako sarerik ere ez dut, eta eltxoek akabatu beharrean gaude". Janaria lortzea du berehalako premia. Lau egun behar izan zituen banaketa postuan galoi bakar bat arroz lortzeko. Auzoko idazkariari leporatzen diote elikagai gehienez jabetzea.

Auzora sartzean, ume zalapartatsuak gerturatu zaizkio kazetariari, barre algaraka hondamendiaren erdian, lokatz eta hondakinen artean. Umeak eta umeak ateratzen dira alde guztietatik. Mutuako emakumeak Mafambisiko azukre lantegian enplegua bilatzen saiatu izan dira, ahal izan dutenean, baina lanean hasi aurretik ere ordaindu egin behar da, eta ez dute dirurik.

25 de Setembron manioka eta beste hainbat barazki lantzen dituzte jateko, eta, ahal denean, saltzeko, baina orain ez dago horrelakorik. Zeuzkaten animaliak eraman zituen haizeteak; kokondoak, makalak eta gainerako zuhaitz guztiak. Banbuzko, adobezko eta haiek egindako etxeak. Gutxi batzuk ikusten dira zutik sarraskiaren erdian.

Etxolak eraiki behar. Albertok etxe berria eraiki behar izan du Dondo barrutiko Mutua herrixkan aterpea lortzeko. Luisa Jose emaztearekin eta bi semeekin bizi da 25 de Setembro auzoan. 'Idai' zikloiaren ondorioz guztia galdu dute. Pungwe ibaiaren inguruan landatzen zituzten lurrak, baina ekoizpen guztia galdu dute. Adarrekin eta zuhaixkekin eraiki behar izan dute etxola bat, inolako laguntzarik jaso ez dutelako beste aterpe bat edukitzeko.

Lau egun itxaron ondoren, galoi bana arroz besterik ez diete eman. Laguntzak zeintzuk izango diren erabakitzen dutenen artean ez daude ama hauek, ez baitute ez botererik ez dirurik, eta zerrendaren atzean uzten dituzte, beste familia batzuei emanez. Haserreak jota daude, eta herriko idazkariari leporatu diote bere familiaren artean banatu izana laguntza guztia. Eman dieten arroz eskasari esker daude gosez hil gabe, baina ez da nahikoa. Ez dute oliorik ere jaso, ezta etxeak berreraikitzeko laguntzarik ere.

Osasun arloko laguntza

Bitartean, Dondo barrutian —Mutua han dago— sinesgaitza da nazioarteko lankidetza agentzia eta gobernuz kanpoko erakundeak egiten ari direna. Larrialdietarako ospitale bat eraiki dute hilabete baterako, Dondoko osasun zentroaren ondoan. 63 tona material ekarri dituzte; 48 osasun langile iritsi dira, eta hemendik gutxira beste horrenbeste lagunez osatutako taldea etorriko da, sukaldari edota suhiltzaileak horien artean.

Emakumeen kemena. Emakumeak joan ohi dira Mutua herrixkako administrazio postura laguntza eske. Horietako asko guraso dira, seme-alaba bat baino gehiagoren ama. 'Idai' zikloiaren ondoren kolera kasuak agertu dira Mozambiken, baina Dondo barrutian ez da osasun arazo nabarmenik atzeman. Horixe diote, bederen, Mutuako emakume askok. Ur edangarriaren faltarik ere ez dute sumatu oraingoz. Bestelako behar batzuk aipatu dituzte: elikagaiak eta etxea, esate baterako. "Ez dut lortzen basoan sartzea eta adarrak moztea etxebizitza egin ahal izateko", kexatu da Gracia Yuda. "Bizirik irauteaz bakarrik arduratzen naiz". Laguntza faltaz kexu dira herritarrak.

Mafambisin ere beste ospitale bat eraiki dute, Portugaldik ekarritako laguntzari eta langileei esker —Mafambisi Dondotik hamabost kilometrora dago—, eta MSF Mugarik Gabeko Medikuek, adibidez, kolera tratatzeko zentroak zabaldu dituzte bai Dondon, baita Mafambisin ere, baina oraingoz behintzat ez dago kolera kasurik; beharrak bestelakoak dira.

Milioika euro gastatu dituzte kooperazio agenda betetzeko, baina 25 de Setembroko amek ura badute, eta ez daude gaixorik —oraingoz—; goseak daude, eta kale gorrian. Baina haien beharrak asetzea ez dago laguntzak banatzea erabakitzen dutenen lehentasunen artean.

"Eskerrak gauean etorri zen". "Gau guztia iraun zuen, eta, alde batetik, eskerrak gauean etorri zela". Luisa Jose (21 urte) 'Idai' zikloiak eragindako haizeteez mintzatu da. Haizeteen ondoren, euritea etorri zen; urteroko ohiko euriteak halako bi izan zen. "Gure etxetxoa hondatu egin zen. Txapa atera zen. Pareta erori zen". Haren sendiak eta bizilagunek ez dute inolako laguntzarik jaso. Luisa Josek sena du ama hizkuntza, eta portuges apur bat daki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.