Albistea entzun

Seriea. Sagardogileak (eta III)

Kupelak bete lan

Ekoizten den sagardoaren %33 soilik egiten da Euskal Herriko sagarrekin. Sagastiak landatzeko diru laguntzak daude, baina arrakasta handirik ez dute izan; produktoreak kexu dira sagarraren prezio apalaz eta egin beharreko inbertsioez.
Sagarrak biltzen, Irungo sagasti batean.
Sagarrak biltzen, Irungo sagasti batean. GARI GARAIALDE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko martxoak 21

Azken urteetan «aldaketa sakon bat» izan da sagarraren produkzioan, eta, horrekin batera, paradoxa bat. «Sektorea asko profesionalizatu da, baina profesionalik apenas dagoen», azpimarratu du Aitor Etxeandiak, Sagarlan aholkularitza enpresako teknikariak. «Lehen, sagarra eranskin bat zen baserritarrentzat: bazter batean zituzten sagarrondo batzuk, eta inguruko sagardotegietan saltzen zuten. Orain, asko aldatzen ari da sektorea. Sagardorako sagar ekoizle profesionalak ditugu, baina oraindik gutxiegi dira».

Haietako bat da Felix San Sebastian. Ikusi zuen aukera bazuela sagarrarekin soilik lan egiteko: hamabi hektarea ditu, eta, batez beste, urtean 130.000 kilo sagar produzitu ditu azkenengo bost uztetan. Ezohikoa da San Sebastianen kasua, Etxeandiak nabarmendu duenez. Euskal Herrian dauden sagastien artean, %4k soilik dute hamar hektarea baino gehiago. «Hortik beherako produktoreak dira gehienak, eta, halakoetan, zaila da errentagarriak izatea».

Kanpoan hainbat urtez lan egin ondoren, berriz heldu zien baserriko lanei Errezilgo Basabe-Barrenako Joxe Antonio Labakak. Bazuen lursail bat, aitak esne behientzat zuena. «Zikintzen» hasia zen, eta sagarretarako erabiltzen hastea erabaki zuen. Sagardorako. Etxerako. Gutxika-gutxika sagastia handituz joan, eta, hasi zenetik hamar urte igaro eta gero, lau hektarea ditu: 60 tona sagar ekoizten ditu urtean. Hemengo sagarra da. Inguruko sagardogileei saltzen zien lehen, zuzenean tratua eginez. Orain, beste bide batzuk ari da saiatzen.

«Banabil ea jornal koxkor bat ateratzen dudan hortik, baina ezin», adierazi du Labakak. Edo produkzioa handitu, edo ez du lortuko. Lurrak ez ditu egokienak. Makinarik ezin du sartu: dena eskuz egin behar du, eta langileak kontratatu behar ditu uzta biltzeko garaian. «Eskulanak asko jaten digu». Harentzat, sagarraren prezioa da gakoa. Azken urteetan igo egin den arren «oso baxu» dagoela azpimarratu du: aurten, kiloa 28 zentimo ordaindu diete euskal jatorriko zigilua duten produktoreek; 25ean dago gainerakoan.

Gogoratu duenez, azken bost urteetan urtetik urtera zentimo bat igoz 30 zentimora iristea hitzartu zuten sagardogileekin, eta datozen hiru urteetan 35erako jauzia egitea, baina zail ikusten du hitza betetzea. «Esaten digute botilako sagardoa ere oso merke dagoela eta, euskal sagardoarekin prezio igo nahi duten arren, oraindik gutxi saltzen dela».

Esate baterako, kilo bat sagarrekin litro bat sagardo ekoizten da. Dena den, Labakak nabarmendu du sagardogileen diru iturri nagusia ez dela botilen salmenta, baizik txotx garaian eta bestela ere eskaintzen dituzten ostalaritza zerbitzuak; sagardogileek irabazien %60tik gora hortik lortzen dituztela dio. «Hori ere kontuan hartu beharko litzateke, eta ez soilik botila».

San Sebastianek uste du sagarraren prezioak «gutxieneko batzuk» beharko lituzkeela, baina ez du eztabaidetan sartu nahi horri buruz. Harentzat, dena den, salneurri ona litzateke 0,35 eta 0,40 zentimo. Kopuru horrekin bat dator Labaka. «Hori litzateke prezio duin bat, bai».

Zifrak gorabehera, San Sebastianentzat, elkarlana da irtenbidea; bereziki, ofizioari eta produktuari «prestigioa» emateko. «Badakigu sagardogileek arazoak dituztela sagardoa kalean saltzeko. Denon artean jarri behar dugu ados. Enpatia behar da batzuen eta besteen artean. Instituzioen inplikazioa behar da. Eta kaleko jendea kontzientziatu egin behar dugu, sagardoak merezi duen lekua izan dezan, kalitateko produktu bat baita».

Produkzio gutxi

Gipuzkoa da sagardo produktore nagusia. Euskal Herriko guztiaren %93 han egiten da: 11,3 milioi litro guztira. Baina ez dago kupelak betetzeko adina sagarrik, ez Gipuzkoan, ez Euskal Herrian. Horregatik, kanpotik ekarri behar izaten dituzte: Normandiatik, Txekiatik, Poloniatik... «Eta hemengoa baino merkeago erosten dute», gogoratu du Labakak.

Gaur egun, Gipuzkoan egiten den sagardo guztiaren %67 Euskal Herritik kanpoko sagarrarekin egiten dute; beste lurraldeetan, ekoizpena txikiagoa denez, gai dira dena hango sagarrarekin egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eginak ditu kontuak: 7,5 milioi kilo sagar gehiago behar dira.

Euskal Sagarra jatorri izenarekin buelta eman nahi diote horri. Sagardo produkzioaren %100 hemengo aleekin egiten duten ekoizleek parte hartzen dute egitasmoan: Euskal Herriko sagardogileen erdiek, gutxi gorabehera: sagardo litro ekoizpen osoaren %30 inguru egiten dute. Hamabost urte barru %100 izatea nahi dute.

Hemengo baserritarrak egitasmora batzea nahi dute sustatzaileek. Labaka eta San Sebastian hor daude. «Halere, askok, bereziki zaharrenek, atzera egiten dute, bete behar dituzten baldintzak direla eta», azaldu du Labakak. Eskatutakoak betetzea, berez, ez da zaila, bi produktoreek azaldu dutenez: Euskal Sagardoa zigilurako behar diren sagar motak ekoiztea; makinak erabiliz gero, kontrol bat pasatzea; eta nagusia, laborantza koaderno batean datuak bilduz joatea, besteak beste kimaketei buruzko datuak, eta ongarriei eta produktu fitosanitarioei buruzkoak —noiz eta zenbat botatzen diren jasotzea, botatzen badira—. «Ez da lan handia, baina sagastiak dituzten baserritar asko ezin dira horretara jarri». Gainera, abantaila bat badu egitasmoarekin bat egiteak: sagardogileak konpromisoa hartzen du kontratua egin duen baserritarrari produkzio osoa erosteko.

Baina egungo sagar produkzio dena sagardoa egiteko erabilita ere, horrekin ere ez lukete aski Gipuzkoako sagardogileek. Sagasti gehiago behar dira. Horri erantzun bat emateko, foru aldundiak plan bat abiatu zuen 1984. urtean, sagarrondoen landatzea bultzatzeko. Orduz geroztik, 800 hektarea baino gehiago landatu dira. Baina 310 hektarea gehiago beharko lirateke oraindik.

Azkenengo bi urteetan beste bultzada bat eman diote planari, eta 300.000 euro inguru banatu dituzte —11.500 euro hektarea bakoitzeko—. «Erabili gabeko landa eremuak biziberritzea ekarriko du horrek, baita lanpostuak sortzea ere, eta sagardoen bereizkuntzan eta kalitatean aurrerapausoak emateko balioko du», azaldu zuen aurtengo diru laguntzen aurkezpenean Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuruk.

San Sebastianek azpimarratu duenez, laguntza berriek interesa piztu dute sagar ekoizleen artean. Labakak, berriz, uste du sagardogileei begira pentsatuta daudela, haiek anima daitezen inguruko lurrak erostera eta alokatzera. «Lurrak dituenak ez du laguntzarik jasotzen; eta lurrik ez duenarentzat, oso garestia da martxan jartzea».

Neurri batean, Etxeandia ados dago horrekin. Harentzat, «abiapuntua» da gakoa. «Hutsetik hasten denarentzat oso zaila da. Laguntza onak daude, baina makinaria behar da, eta lurra lortzea ez da erraza. Oso garestia da, eta Euskal Herriko orografia, bereziki Gipuzkoakoa, ez da egokiena: oso zaila da lursail handi samar bat lortzea, maldarik gabea, eta makinaria sartzeko aukera emango dizuna».

Gainera, Sagarlaneko teknikariak gogoratu duenez, sagastia ez da baratze arrunt bat bezalakoa: «Epe luzerako proiektua da, 25-30 urterako». Eta lehenengo urteak izaten dira zailenak. «Hemengo barietateak ez dira oso emaileak; ez dira jateko sagarrak bezala». Bere esperientzian oinarriturik mintzo da San Sebastian. «Bost bat urte behar dira ondo produzitzen hasteko, eta denbora horretan ez duzu ia etekinik lortzen; horregatik dira oso beharrezkoak diru laguntzak».

Sagar «basatiak» hezten

Etxeandiaren ustez, aurrera begira sagar ekoizleek duten erronka nagusietako bat zera izango da, sor-markan onartuta dauden 115 sagar motekin ikertzen jarraitzea, barietaterik egokienak zeintzuk diren zehazteko. «Egun, sagar ona dago Euskal Herrian: osasuntsua, usteldura gutxi duena, eta ia harrik ez duena barruan». Baina egungo sagardo produkzioa kontuan hartuta, ez da egokiena, edo ez da behar beste ikertu alor hori. «Uztetan ikusten dugu: alde handiak egoten dira urte batzuetatik besteetara. Gure helburua da orekatzea, urtero antzekoak izan daitezen».

San Sebastianek ere gakotzat dauka hori. «Eguraldiaren menpe gaude, baina horrek bezainbesteko garrantzia dute ezagutzak eta prestakuntzak. Hemen, sagardorako dugun sagarra oso basatia da oraindik, ezin da ondo jakin nola jokatuko duen». Halaber, biek uste dute jauzi handi bat ematen ari dela tekniketan. «Errioxako mahastietan parekoa». Faktore batzuk aipatu ditu Etxeandiak: kimaketa, ongarriketa, uraren kudeaketa, bakanketa.... «Ez da barietateen kontua soilik; faktore horien guztien arteko oreka ere bada produkzioa hobetzea».

Sagarlaneko teknikariarentzat, makinak sartzeak ere hobetuko du ekoizpena. «Gaur egungo sagasti berri denak horretara egokitzen ari dira». Lehengoetatik, gehienak ez daude prestatuak horretarako. «Nik ez dut makinarik, baina lurren erdietan ezingo nuke sartu, eta berdin-berdin eskulan ugari geldituko litzaidake».

Hirurek argi dute: aldaketa garaian da sektorea, baina ez doa sagardogintzak eskatzen duen erritmoan. Urteak beharko dira sagardo produkzio osoa hemengo sagarrarekin egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bretainiako hainbat arrantzalek sorgailu eolikoen oinarriak jartzen dituen itsasontzia inguratu zuten maiatzean. ©BERRIA
Artxiboko irudian, laneko heriotza bat salatzeko elkarretaratzea Iruñean ©Inigo Uriz / Foku

Behargin bat hil da Bergaran

Irune Lasa

Markinako behargin bat hil da Bergarako Fagor Ederlanen lantokian «lan istripu ez traumatikoan», salatu du LAB sindikatuak. Beharginak 44 urte zituen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.