Pilota. Buruz buruko finala

Apaltasunetik arrakastara

Aitor Elordi eta Gontzal Urionabarrenetxea haren prestatzaile fisikoa garaje xume batean hasi ziren elkarrekin lanean duela bost urte. Larri zegoen orduan pilotari mallabitarra, baina, ordutik, jauzi handia egin du.

4. Prestaketa. Elordi, beroketa ariketak egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Egitasmo arrakastatsu asko hasi dira apal-apal. Halaxe hasi ziren elkarrekin lanean Aitor Elordi (Mallabia, Bizkaia, 1996) eta Gontzal Urionabarrenetxea prestatzaile fisikoa (Markina-Xemein, Bizkaia, 1991) duela bost urte. «Nik jada zenbait pilotarirekin egiten nuen lan: Irustarekin eta Aretxabaletarekin, besteak beste. Haiek hitz egin zioten nitaz Aitorri. Baina ez genuen non entrenatu. Lagun batek utzi zidan garajea, entrenamendu plan bat egitearen truke. Etxean nituen gailuak hartu, eta hara eraman nituen. Horrela hasi ginen Aitor eta biok elkarrekin lanean», gogoratu du Urionabarrenetxeak.

Ia bost urte pasatu dira ordutik, eta, egun, kirolgune ederra dauka Gernika-Lumon (Bizkaia). Geroa dauka izena, eta denetarik daukate: bi prestatzaile fisikok eta beste bi fisioterapeutak egiten dute lan. Goi mailako hainbat kirolari ari dira eta aritu dira han: besteak, beste, Xabi Barandika, Unai Lekerika eta Jokin Arbe puntistak, Pello Bilbao txirrindularia eta Damaris Egurrola futbolaria. «Ia urtebete daramagu hemen, eta oso pozik gaude».

Oso ondo joan zaizkio lan kontuak Urionabarrenetxeari. Baita Elordiri ere; batez ere, azken zortzi hilabeteetan. Sekulako jauzia eman du: finalerdiak jokatu ditu Lehen Mailako lau eta erdian, txapeldun izan da binaka, eta finala jokatuko du buruz buru, igandean, Bilbon, Jokin Altunaren aurka. Luzarorako etorri da, luzarorako, eta punta-puntan aritzeko.

Baina oso bestelakoa zen Elordiren egoera Urionabarrenetxearekin lanean hasi zenean. «Urte amaieran kontratua bukatuko zitzaion Asperekin, eta ez zegoen argi enpresak berrituko zion. Enpresak aurrelariren bat fitxatzeko asmoa zuen, eta halakoetan, norbait sartzeko, norbait atera ohi da; arriskua zegoen Aitor izatea».

Elordik bi urte eta erdi baino ez zeramatzan profesionaletan. Zirt edo zart egin beharra zuen. Horregatik jo zuen Urionabarrenetxearengana. «Presioa bazegoen, baina ez ginen hasi presaka; lasai hartu genuen, sinetsita lan ona eginda emaitzak iritsiko zirela». Pentsatu eta gertatu. «Ondo jokatu zuen udan; agian, bere burua eta kirol ibilbidea arriskuan ikustea akuilu izan zen gora egin zezan. Kontua da enpresak beste urtebetez luzatu ziola kontratua. Horrek lasaitasuna eman zigun epe luzerako prestaketa bat egiteko: ahuluneak antzeman, eta horiek hobetzeko, eta indarguneak indartzeko».

Aurrera, eta gelditu. Elordi, azeleratze eta balaztatze ariketak egiten, Urionabarrenetxearen begiradapean.Aritz Loiola / Foku

Fruituak, uste baino lehen

Baina espero baino lehenago hasi ziren ereindakoaren uzta biltzen. 2019ko martxoan, Promozio Mailako binakakoa irabazi zuen Oier Etxebarriarekin; Elordiren aurreneko txapela izan zen profesionaletan. Bi hilabete eskas geroago, buruz buruko txapeldunorde izan zen —Dario Gomezek irabazi zion finalean—. Handik gutxira, albiste bikaina jaso zuen: Aspek beste bi urtez luzatu zion kontratua. «Horrek are eta lasaitasun handiagoa eman zigun».

Enpresak konfiantza eman, eta Elordik ederki eskertu: 2020an buruz buruko txapeldunorde izan zen lehenbizi —Axier Arteagak irabazi zion—, eta lau eta erdiko txapeldun gero —Julen Egigureni nagusitu zitzaion—. Txapel horrek aukera eman zion 2021ean aurrenekoz Lehen Mailako txapelketa bat jokatzeko: lau eta erdikoa. Ondo aritu zen: final-laurdenetako ligaxkara iritsi zen. Onenen atea jo zuen. Barruraino sartu da gero.

Zertan aldatu da garaje xume hartan hasi zen Elordi? «Gauza askotan», dio haren prestatzaile fisikoak. «Kirol gaitasunei dagokienez, gora egin du nabarmen. Buruz, berriz, heldu egin da. Burua hotz izan du beti, baina horretan ere jauzia eman du: orain, oso ondo aztertzen ditu partidak». «Oso langilea» zen lehen, eta «oso langilea da» orain ere: «Inor baino gehiago», azpimarratu du. Baina horretan ere «koska bat gora» egin duela zehaztu du. «Arduratsuago dabil; garrantzi handiagoa ematen dio entrenatzeari».

Elordiren lan fisikoaren arduraduna da Urionabarrenetxea, eta hari erreparatu dio berehala. «Indarra landu dugu batez ere: saiatu gara indarra potentzia bilakatzen, eta hura frontoira eramaten. Beheko posturetan, makurtuta, asko hobetu du; asko indartu ditu hankak, eta oso azkar mugitzen da. Orain, askoz hobeto kontrolatzen du gorputza; lehen, erraz iristen zen pilotara, baina ez zion behar bezala jotzen; orain, ordea, askoz hobeto jotzen dio, hanka indartsuak izateaz gain, azkar eta ondo mugitzen baita».

Itxura indartsuagoa du orain; nabari da kilo batzuk hartu dituela. «Nirekin hasi zenean, 75 kilo inguru pisatzen zuen. Egun, 84 inguru pisatzen du, bederatzi gehiago. Ez da behartu dugun zerbait, baina egungo aurrelariek indarra izan behar dute pilotari abiadura emateko. Horretan aritu gara buru-belarri, eta kiloak hartzearena horren fruitua izan da».

Beste gako bat aipatu du Elordiren gorakada arrazoitzeko: «Gustura» dago bere buruarekin eta inguruarekin. «Kirolari batentzat oso garrantzitsua da bizitzan oreka topatzea, eta Aitorrek topatu du: oso gustura bizi da. Oreka topatu izanak eta fisikoki eta psikologikoki gora egin izanak pilotari osoagoa bilakatu dute».

Pisu hila. Elordi, pisuak altxatzen.Aritz Loiola / Foku

Zoriontsu da Elordi, eta zoriontsu Urionabarrenetxea haren gorakada ikusita. «Izugarri pozten naiz harengatik, are gehiago nola hasi ginen kontuan hartuta. Ikaragarri betetzen nau ikusteak egin dugun lanak zein eragin ona izan duen harengan. Ez dago gauza ederragorik prestatzaile batentzat». Badaki Elordik «asko» estimatzen duela bere lana. «Oso esker onekoa da, eta errespetu osoa dio nire lanari. Inoiz ez du zalantzan jarri; beti bete du nik agindutakoa, eta inoiz ez du kexarik egin, ezta 25 minutu luzez arnasaldiak egiteko esan diodanean ere. «24 orduz arnasa hartzen aritu eta gero, gehiago?», kexatzen zaizkit. Inoiz ez Aitor. Eredu da».

Ezustean, buruz burukoa

Oso ondo antolatua dute plangintza: astean bitan entrenatzen dira, ordu eta erdi inguru. Horri eutsiko diote aste honetan ere: astelehenean entrenatu ziren gimnasioan, eta etzi ariko dira berriro.

Baina gai dira azkar erreakzionatzeko. Buruz burukoan egin dute, hasieran Elordik ez baitzuen jokatuko. Baina azken orduan esan zion enpresak jokatu egingo zuela, Jose Javier Zabaletak eta Beñat Rezustak min hartu eta gero. «Binakakoa amaitu aurreko astean esan zidan ez zuela buruz burukoa jokatuko. Eskertu egin nuen: batetik, modalitate horrek eman baitzizkion lan gehien; eta, bestetik, binakakoa oso luzea izan baitzen, eta mesede egingo baitzion atseden hartzea, udako torneoak prestatzeko».

Baina dena aldatu zen egun batetik bestera. Binakakoaren finala jokatu eta bost egunera ariko zen buruz buru, Mikel Urrutikoetxearen aurka. «Fisikoki baino gehiago, psikologikoki nekatuta zegoen Aitor. Etxanizekin hitz egin genuen [Aspeko zuzendari teknikoa], eta frontoian entrenatu barik jokatzea adostu genuen; binakakoa irabazi izanak emandako indarra baliatu nahi genuen. Zorionez, ondo atera zen. Eta, orain, finalean gaude. Sekulakoa da».

Prestaketa. Elordi, beroketa ariketak egiten.Aritz Loiola / Foku

Elordik berak uste zuen noizbait «behera» egingo zuela, baina ez da halakorik gertatu. Urionabarrenetxeak hiru arrazoi aipatu ditu txakalaldirik ez izateko: «Batetik, mesede egin dio aurten neurketa batetik bestera atseden gehiago izateak; bestetik, asmatu egin dugu prestakuntzarekin; ez du behera egin; eta, azkenik, koska bat igo du bere maila: okerxeago aritzen denean ere lehen baino hobeto aritzen da. Horrek zehazten du zein den pilotari handia eta zein oso handia. Adibidez, Altunari txinparta falta zaionean ere asko jokatzen du; beste baliabide batzuk ditu irabazteko. Aitorri ere hori ari zaio pasatzen: okerxeago ari denean, beste baliabide batzuk ditu aurrera egiteko».

Hain zuzen ere, Altuna III.aren aurka ariko da finalean. Argi du: «Partida oso gogorra» izango da. «Altuna erakustaldi handiak egiten ari da. Ez dut uste ligaxkakoaren antzeko partida izango denik [Altuna III.ak 22-18 irabazi zuen, baina Elordi 15-18 joan zen aurretik]. Final batean presio eta tentsio handiagoa dago. Onena litzateke Altunak ez izatea egun ona, eta Aitorrek bai. Altunak egun ona badu, oso zaila da hari irabaztea. Baina itxaropentsu gaude; gainera, Aitor ondo moldatzen da Bilbon. Ondo aritzen bada, lan handiak emango dizkio Altunari».

Frontoian izango da Urionabarrenetxea, eta beroketa batzuk egingo dituzte partida hasi aurretik. «Orduan ikusiko dut zer moduz dagoen. Tentsioa sumatzen badu, saiatuko naiz kentzen».

Irabazi edo galdu, nabarmendu du Elordik «oso harro» egon behar duela. «Ez nuen uste aurten bertan buruz buru horren ondo jokatuko zuenik, ezta berak ere; sekulakoa egin du. Aurkari handiei irabazi die: adibidez, txapeldunari, Lasori. Finalean egote hutsa jada itzela da. Ahalik eta gehien gozatu behar du; merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.