Irango azpiegitura militarren kontrako erasoaldia egin du Israelek Sirian

Israelek Iranen misil bat atzeman ostean egin du erasoa; Siriak Israelgo hegazkin bat suntsitu du ondoren. Iranek zehaztu du «aholkularitza lanak» baino ez dituela egiten

NBEko soldaduak, atzo, Golanen. Siriako hego-mendebaldeko ordokiaren zati bat okupatu zuen Israelek. ATEF SAFADI / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Siriakoa mundu gerra txiki bat dela agerian geratu da berriz ere. Israelek herrialdean bonbardaketak egin ditu hainbatetan, baina aurreneko aldiz aitortu du ekintza zuzen bat egin duela. Irango ustezko azpiegitura militarrak izan dira erasoaldiaren jomuga. Jonathan Conricus armadako bozeramaileak baieztatu du «hamabi helbururi» eraso diotela. Armadako iturriek jakinarazi dute ez dutela erasoak areagotzeko asmoa, baina ohartarazi dute euren kontra egiten duten «aurkarien aurrean gogor» egingo dutela: «Iran eta Siria suarekin jolasean ari dira».

Antza, Irango drone batek eragin du oraingoan gatazka. Palmira hiriaren inguruko azpiegitura militar batzuetatik jarri zuten martxan dronea, eta azpiegitura horien kontra egin zuen Israelek. Zortzi bat hegazkin baliatu zituen, baina ehiza hegazkin bonbaketari horietako bat beste eraso baten jomuga izan zen base militarrera itzultzen ari zenean. Siriako Gobernuko airekoen kontrako sistemak atzeman, eta suziri jasa batek eraitsi zuen hegazkina, eta bi pilotuek airekoa lurreratu aurretik paraxutaz salto egin zuten. Israel iparraldean erreskatatuak zituzten bi militarrak.

Israelek Hezbola milizia xiitaren armategien aurkako erasoak egin izan ditu orain arte, baina gerra hasi zenetik zazpi urtera, lehen aldia da haren hegazkin bati erasotzen diotela. Baxar al-Assaden indarrak konkista handiak egiten ari dira, bereziki, muturreko islamistak eta bestelako talde sunitak atzera egin dutenetik, eta, horretarako, aliatu xiiten babesa dutela gerraren narratibaren parte da. Iranek, baina, ukatu egin du dronea berea zenik. Atzerri Ministerioko bozeramaileak zehaztu du «aholkularitza» lanak baino ez dituela egiten; Siriako gobernu «konstituzionalaren» eskaerari erantzunez.

Gerrak, bada, aspaldi utzi zion bi bando argiren arteko gatazka konbentzional bat izateari, eta nazioarteko esku hartzeak are ulertezinago egin du gerra dinamika. Errusiaren adierazpenen anbiguotasuna dira horren erakusgarri aldeei «eusteko» eskatuz.

Damasko eskualdean, baina, eraso gehiago egin zituen atzo Israelek. Benjamin Netanyahu lehen ministroak premiazko bilera egin aurretik izan ziren erasoak, aste honetan eremu horretan egiten diren bigarrenak; asteazken goizaldean hainbat eraso egin zituen misil gune baten kontra.

Iparraldeko frontea

Siria iparraldean, berriz, beste fronte bat dago zabalik. Turkiak Afrin kantonamenduaren kontrako erasoaldia hasi zuen urtarrilaren 20an, eta kurduak erresistentzia irmoa egiten ari dira han. Milizia kurduek helikoptero bat suntsitu zuten atzo, eta bi soldadu hil. Turkiak, ondoren, zibilen kontrako erasoaldia gogortu zuen. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 15.000-30.000 bat lagunek utzi behar izan dute etxea Afrinen. Desplazatu asko gatazkaren erdian harrapatuta daudela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.