Euskal taldeak, liga hasierari begira. Alaves. Martin Agirregabiria. Alaveseko jokalaria

«Sendoak eta erasokorrak izan nahi dugu berriro»

Agirregabiriak dio iragan sasoian Europatik kanpo gelditu izanaren arantza dutela. Hala, «amets egin» nahi dute berriz, lehenik mailari «sufritu gabe» eutsita.

ALAVES.
enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Martin Agirregabiriak (Gasteiz, 1996) hirugarren sasoia du Alavesen talde nagusian. 2017ko azaroan egin zuen debuta, eta, geroztik, ia 50 partida jokatu ditu Lehen Mailan. Eta, ekainean, Eurokopa irabazi zuen Espainiako 21 urtetik beherakoen selekzioarekin. Orain, beste koska bat igotzen saiatuko da Asier Garitanoren aginduetara. Bergararrak Abelardo Fernandezen «antzeko jokamoldea» duela deritzo; alde horretatik, trantsizioa «nahiko samurra» izan ei da. Elkarrizketa hau Olivier Verdon Alaveseko jokalaria indarkeria matxistagatik atxilotua izan aurretik egina dago.

Gaur ekingo diozue denboraldiari, etxean, Levanteren aurka. Nolako sentipenak dituzue?

Onak. Gauzak espero bezala atera zaizkigu. Minutuak pilatu eta teknikariaren mekanismoak barneratu ditugu. Praktikan jarri dugu entrenamenduetan landutakoa, eta behar bezala iritsiko gara liga hasierara. Lan saio asko egin ditugu, eta karga handia izan dugu. Hori guztia gaur islatzea gustatuko litzaiguke.

Gorabehera asko izan dituzue sasoi-aurreko partidetan. Zer analisi egiten duzue?

Prestakuntzan, denetariko momentuak izaten dira. Partida batzuk onak izaten dira, eta beste batzuk ez horren onak. Kontua norabide egokian lan egitea da, eta uste dut guk hala egin dugula. Ulertu dugu entrenatzaileak zer eskatzen duen, eta jada gai gara haren planteamendua praktikan jartzeko. Hori da garrantzitsuena.

30 jokalari aritu zarete. Asko da.

Bai, ez da ohikoa. Baina jokalari asko edo gutxi edukitzearen artean aukeratu beharko bagenu, lehen aukerarekin geldituko ginateke. Arazoak edukiko genituzke bestela. Ona da lehia handia izatea, eta jokalariok oraindik ez jakitea zer hamaikakorekin ariko garen. Denok txukun jardun dugu denboraldi-aurrean, eta jokatzen duenak jokatzen duela, ondo lehiatuko gara.

Zer iritzi duzu fitxaketez?

Klubak oso lan ona egin duela deritzot. Oso jokalari onak iritsi dira. Gainera, oso ondo egokitu dira taldera. Gure ikurrak umiltasuna, lana eta jarrera lehiakorra dira, eta horiekin bat datoz jokalari berriak. Ekarpen handia egin dezaketela uste dut.

Erasoko postuak indartu dira nagusiki. Defentsan, apenas izan den aldaketarik. Atzeko lerro sendo eta fidagarria duzuen seinale.

Aurrean beste talde batzuek utzitako jokalariak genituen, eta, sasoia amaitzean, haiek utzitako hutsuneak bete beharra zegoen. Esan bezala, klubak taxuz jokatu du merkatuan, lerro guztiak ondo indartu ditu, eta, hala, berme handiko taldearekin iritsiko gara gaurko lehiara.

Ohi bezala, asko ari da hitz egiten Pacheco, Laguardia eta Maripanen balizko irteeraz. Kolpe handia litzateke haiek galtzea?

Funtsezko jokalariak dira guretzat, eta Alavesen jarraitzea nahi dugu. Zelaian sekulako garrantzia dute, eta liderrak dira taldean. Guztion miresmena eta errespetua dute. Haien beharra dugu.

Zelaian ez ezik, aulkian ere aldaketa garrantzitsua izan da: Asier Garitanok hartu du Abelardo Fernandezen tokia. Nolakoa izan da trantsizioa?

Nahiko samurra, antzeko jokamoldea baitute. Hori bai, bakoitzak bere ñabardurak ditu. Badira aldeak metodo, mekanismo eta taktikei dagokienez. Ez dira berdinak. Ordea, biek garrantzi handia ematen diote defentsako sendotasunari, eta joko zuzenaren aldekoak dira. Alde horretatik, talde sendo eta erasokorra izan nahi dugu berriz. Eta, noski, Mendizorrotzan gotorlekua eraikitzen saiatuko gara beste behin. Zaleen babesa da gure indargune nagusietako bat.

Zu Abelardorekin finkatu zinen lehen taldean. Pena emango zizun hura irten izanak.

Noski. Miresmen handia diot, eta asko zor diot. Bihotzean eramango dut beti. Orain, ordea, Asierren esanetara gaude, eta harekin ere gustura nabil. Oso langilea da. Ea hari Abelardori bezain ongi doakion.

Harekin euskaraz mintzatzeko aukera izango duzu.

Hala da. Ez da gutxi!

Aurreko sasoian aise eutsi zenioten mailari, eta Europako postuetan egon zineten jardunaldi askoan. Orain, zer helburu duzue?

Klub gisa hazten jarraitu nahi dugu, eta, horretarako, mailari eustea da aurreneko gauza. Gogor egin beharko dugu lan horretarako. Egia da iragan denboraldian sekulako lehen itzulia osatu genuela, eta horri esker beste urte batzuetan baino lasaiago edo errazago lortu genuela salbazioa. Orain, ildo berari eustea da helburua. Jaitsiera saihestea da lehen zeregina, eta estutasunik gabe lortzen badugu, hobe. Hala, berriz ere amesteko aukera izango genuke.

Europako postuetatik kanpo gelditu izanaren arantza duzue?

Bai, noski. Azkenean, ia denboraldi osoa pasatu genuen goiko postuetan. Behera egin genuen azken partidetan, eta pena da. Ordea, futbolak beti beste aukera bat ematen dizu, eta, sasoi honetan, berriz ere borroka horretan izatea gustatuko litzaiguke, mailari eutsi eta gero.

Hirugarren denboraldia izango duzu lehen taldean. Erabat finkaturik zaude dagoeneko. Beteranoa dirudizu.

Oso pozik nago hemen, etxean eta nire taldean. Bi denboraldi polit bizi izan ditut orain arte, eta ilusio handia dut aurrera begira. Zaleak babes handia ematen ari zaizkit, eta nik zelaian adierazi nahi diet nire esker ona.

Asko hazi zara bi urte hauetan. Nola hartu duzu arrakasta?

Lasaitasunez. Eguneroko lanean zentratuta. Futbolak ez du etenik, eta iraganean egin duzunak garrantzia galtzen du pixkanaka. Une oro erakutsi behar duzu zure balioa. Pozik nago orain arte egindako ibilbidearekin, baina oraindik gauza asko dauzkat egiteko eta lortzeko. Orain, gaurko partida besterik ez dut buruan.

Etxean egotea, gertukoak alboan dituzula, oinak lurrean izateko lagungarria izango zaizu.

Tira, etxean egon edo ez, nik uste dut bakoitzaren nortasunean dagoela arrakasta bizitzeko modua. Baina, bai, familia, neska laguna eta lagunak ondoan edukitzeak laguntzen du. Haien babesa eta ilusioa jasotzeak indarra ematen dizu.

Zer erronka izango duzu denboraldi honetan?

Taldeari ahalik eta minutu gehiena jokatuta laguntzea gustatuko litzaidake. Eta, noski, minutu horiek onak eta kalitatezkoak izatea nahiko nuke.

Aurreko denboraldian lehia estua izan zenuen Ximo Navarrorekin eskuin hegalean. Sasoi honetan, beste horrenbeste gertatuko da?

Bai. Denontzat da mesedegarria lehia izatea, eta asteburuero nork jokatuko duen ez jakitea. Jokalaria bere burua zukutzera behartzen du horrek.

Eskuinean ez ezik, ezkerrean ere joka dezakezu. Eta zelai erdiko hegaletan ere ari zaitezke. Hainbat tokitan joka dezakezu.

Hala da. Oso ona da postu batean baino gehiagotan jokatu ahal izatea, modu horretan aukera gehiago eman ahal diozulako entrenatzaileari, eta laguntza handiagoa eskaini taldeari. Eta pertsonalki, denbora gehiagoan joka dezakezu.

Eredua zara azpiko mailetako jokalarientzat. Izan ere, erakutsi duzu gazte gasteiztar batentzat posible dela Alavesen bidea egitea.

Harro sentitzen naiz. Harrobian gauzak oso ondo ari dira egiten, eta lan hori islatzeko modurik onena da gazteak lehen taldean ikustea. Denok ikusi nahi dugu harrobiko jende gehiago lehen taldean, eta nik uste dut jokalari batzuek pausoa emango dutela hemendik gutxira.

Geroz eta arabar eta gasteiztar gutxiago dago Alavesen bigarren taldean. Zer iritzi duzu?

Pena da. Uste dut hemengo jokalariek dohainak badituztela harrobiko taldeetan egoteko, baita bigarren taldean ere. Horretan ni ezin naiz sartu, baina denok ikusi nahi dugu harrobian Gasteizko eta inguruko jende gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.