Munduko herrialderik onena izan zitekeen

Libanon herritarrek protestan jarraitzen dute, nahiz eta gobernu berri bat osatu den. Askok uste dute gobernua ez dela gai iraganeko auziak konpondu eta etorkizuna eraikitzeko, eta herrialdea azken urteetako krisi ekonomikorik okerrenean hondoratzen ari da.

Libanon indarrean den sistema konfesionalaren aurkako protesta bat, Beiruten. J. C. V.
Beirut
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ongi etorriak! Goazen, gehiago izan behar dugu eta gazte gehiago behar ditugu!». 60 urteko Rima Butrosek presa sartu die elkarretaratzera berandu doazen hogei urte inguruko gazte batzuei. «Justizia Ministerioaren aurrean bilduta gaude botere banaketarik ez dagoela salatzeko», dio emakumeak. Beirutekoa da, lanbidez bitartekaria, eta, haren esanetan, Marie-Claud Najm Justizia ministroak konpromisoa hartu zuen Magistratuen Kontseilu Gorenak izendatutako epaileak onartzeko, baina badira zurrumurruak diotenak presio egiten ari zaizkiola: «Politikari batzuek uste dute euren alderdiari lotutako epaileak modu bidegabean baztertu dituztela. Beti berdin da!», kexatu da Butros. «Alderdi bakoitzak bere pastel zatia eduki nahi du alde guztietan…».

Protestan, berrogeialdia baino lehen Libanon astero antolatzen ziren horietako batean, 150 pertsona inguru daude. Ibrahim Merheb, 43 urteko medikua, espresuki etorri da Akkartik, Siriarekiko mugan dagoen iparraldeko barrutik batetik. «Ministerioa independentea izatea behar dugu, duela hiru hamarkadatik herrialde honetan agintzen dutenek ustelkeria bultzatzen jarrai ez dezaten», laburbildu du Merhebek. «Bada garaia gauzak aldatzeko».

Urtarrilaren amaieran, agintariek gobernu berri bat iragarri zuten. Teknokrata gisa aurkeztu zituzten bai lehen ministro berria, Hassan Diab akademikoa, eta bai haren gobernuko kideak. Asko hala dira. Baina proposamenak ez ditu asebete manifestariak. «Denok dakigu betikoek nahierara aukeratu dituztela», esan du Butrosek. Libanoar askoren iritziz, ministroak aukeratzeko moduak eragotzi egiten du haiek estatuaren interesak lehenestea babestu dituztenen nahien aurretik. «Badakit Justizia ministroa pertsona ona dela, eta badituela gaitasunak, baina hori ez da nahikoa askatasunez jokatu ahal izateko», azaldu du Butrosek, Najm adibide gisa jarriaz. Herritarrek ez dute sinesten ministro berriek aske jokatu ahal izango dutenik, izendatu dituztenei konturik eman gabe. Aurpegiak aldatu dira, baina berberek agintzen dute.

1990ean, gobernuko jauntxo bilakatu ziren aurrez gerrako jauntxo zirenak, eta horiek agintetik kentzean bat etorri dira denak iraultzaren lehen egunetik. Eta adostasunak badu beste atal bat: manifestariek diote ez diotela protestatzeari utziko Libanok talde erlijioso nagusiei botere kuotak onartzen dizkien sistema atzean utzi arte. Gerra zibilean elkarren aurka aritu ziren sinesmenen arteko su-eten baten antzeko funtzioa du akordio horrek, eta, hari esker, militarrek bake akordioa hitzartu ahal izan zuten, eta aldi berean pastela euren artean banatu.

Manifestarien arabera, herrialdean indarrean den sistema konfesionala gainditzeko modu bakarra da pertsona independenteek osatutako gobernu bat lortzea, eta hori nahitaezkotzat jotzen dute, Libanoko ekonomiak hondoratzen jarraituko ez badu.

Libanoarrek ia ez dute zerbitzu publikorik; etxeek ez dute edateko urik, ez argindarrik ere egunaren zati handi batean. Urrian, Libanoko bizi baldintzak nabarmen okertu ziren: prezioak igotzen hasiak ziren; lanpostuak, berriz, desagertzen ari ziren, eta soldatak, izozten. Dolar kopurua murriztuz zihoan, eta kolokan geratu ziren erregai, botika eta elikagaien esportazioak. Herrialdeko ekonomia atzeraldian sartua zen; Libanoko zorra BPGa baino %150 handiagoa zen, eta Munduko Desberdintasunen Datu Baseak jakinarazi zuen Libanoko %0,1 aberatsenek herritar txiroenen erdiek adinako kapitala zutela.

Instituzioen ustezko gaitasunik ezaren azken ekintzak lehertu zuen politikarienganako haserrea. Urriaren 17a baino astebete lehenago, Libanon kontrolik gabeko ehun sute baino gehiago zeuden, baina gizarte zibilaren zati handi batek bere kabuz itzali behar izan zituen: estatuaren helikoptero espezializatuak zerbitzuz kanpo zeuden, nahiz eta agintariek ustez mantentze lana egin aurreko bost urteetan. Horregatik, agintari haiek zerga bilketa handitu nahi izan zutenean Whatsapp bidez, «aski da!» esan zuten.

Abenduan, protestak gorenean zeudela eta instituzioek haien eskariak asetzeko ezer proposatu ez zutela, Suitzako funtzionario batek esandakoak handitu egin zuen manifestarien atsekabea: hark ohartarazi zuen identifikatu nahi izan ez zituen bederatzi politikari libanoarrek 2.300 milioi dolar mugitu zituztela Suitzako kontuetara aurreko hamabost egunetan. Azken hamarkadetan boterea monopolizatu zuten agintariek baliabideak alferrik galdu eta estatua hondoratu zuten beste froga bat izan zen manifestarientzat. Gaur Libanoko justiziaren esku dago ustezko mugimendu haren inguruko ikerketa.

Herrialdearen egoera ekonomikoak okerrera egin du iazko urritik. Gobernu nazionalak jardunean egin du denbora honen zati handi bat, elite politikoa haren jarraipena bermatzen eta manifestariak nekarazten ahalegintzen zen bitartean. Merkatu beltzean Libanoko liberak bere balioaren %60 galdu du dolarrarekin alderatuta, eta bankuek kapitalen kontrola ezartzen jarraitzen dute AEBetako dibisen gainean; inbertsiogileen konfiantza galdu egin da, eta enpresa askok itxi egin behar izan dute. Munduko Bankuak ohartarazi du Libanon pobrezia maila baino beherago bizi direnak %30tik %50era ugarituko direla beharbada.

Koronabirusaren krisi betean lehertu dira azken protestak; arrazoi ekonomikoek bultzatutakoak horiek ere. Lau egun iraun dute oraingoek, eta hildako bat eta dozenaka atxilotu izan dira; baita militarren aurkako tortura salaketak ere. Michel Aoun presidenteak bide orri bat iragarri du krisitik irteteko, baina ohartarazi du irteera ez dela izango askok nahiko luketen bezain azkarra.

Gutxi batzuen gobernua

Hassan Diab buru duen gobernu berriak ez du hasiera erraza izan, eta ez dirudi herrialdea hondoratzen ari den krisitik modu egonkorrean ateratzeko adina babes duenik. Ministroak betikoek aukeratzeaz gain, hilabeteetako protesten ostean sortutako Diaben gobernuak galdu egin du aurrekoak zuen estatusa, batasun gobernuarena.

Diaben gobernua bultzatzeko ados jarri diren alderdien artean ez dago Libanoko espektro politikoaren bi muturretako ordezkaririk: Saad Hariri musulman sunitaren alderdia den Etorkizuna Mugimenduak eta hura buru duen blokeak galdu egin dute mahaian zuten tokia, eta gaur Hezbollah talde xiita eta haren aliatuak soilik esertzen dira bertan. Egoera horrek eragina du gobernuak herritarren artean duen sostenguan: Etorkizuna Mugimenduari lotutako hautesle sunitak eta Aurrerapenaren Alderdi Sozialistaren jarraitzaile diren herritar drusoak baztertuta senti daitezke euren ordezkariek indarra galdu ostean.

Baina gobernuaren lerrokatze berriak atzerriko babesak ere urruntzen ditu. Saad Hariri buru zuen aliantzak harremanak zituen Mendebaldearekin eta Saudi Arabiarekin, eta hori beste bloke handiak jasotzen zituen babesekin osatzen zuen, zeinak Iranekiko harreman estuagoa baitzuen. Orain, Libanoko Gobernuan eragin handiagoa du Hezbollahk, Iranen aldeko talde politiko eta armatuak, AEBetan talde terroristatzat daukatenak: Teheranek Siria bere eragin eremuan sartzea lortu ostean, Washington beldur da Libano ere behin betiko eroriko ote den irandarren aldera, Israelentzako arriskutsua izan baitaiteke.

Horiek hala, zailagoa da Mendebaldeko potentziaren batek Libanoko Gobernuari ekonomikoki laguntzea horrek gehien behar duen honetan. Diaben taldeak bere ibilbidea hasi zuen milaka milioi dolarreko mailegu bat bilatzen zuela iragarriz, baina ondoren, historian lehen aldiz, jakinarazi zuen ez zuela zorra ordainduko eta negoziatu egingo zuela diru emaileekin. Lehen ministroak argudiatu zuen Libanoko dolar erreserbak amaitzear zeudela, eta neurri horrekin herritarren oinarrizko beharrak asetzea duela helburu.

Ekialde Hurbila eta Hezbollahk Libanon duen eragina aztertu ditu Lokman Slim analista politikoak, eta bestelako analisia egin du Hassan Diaben gobernuari buruz; iritzi dio espektro politiko bakar bat ere ez duela ordezkatzen: «Argi hitz egin dezagun. Hezbollahren gobernu bat da hau, eta hareneta Irango haren babesleen nahiak betetzea du helburu». Slimek nabarmendu du Hezbollah ezin dela parekatu Libanoko beste ezein alderdirekin, eta desberdintasun batzuk aipatu ditu: «Armada bat du, Libanoko armada bera baino indartsuagoa; muga batzuen gaineko kontrola du, eta Sirian, Iraken eta Yemenen ere baditu indarrak».

Nazioarteko ekintza horien guztien ondorioz, Slimek ohartarazi du Hezbollahren mugimenduak Ekialde Hurbil osoaren baitan ulertu behar direla, eta ez soilik Libanoko interesen baitan: «Hezbollahk uste du Libanok [Ekialde Hurbilarekiko] egiten duen kontzesio oro Erresistentziaren Zutabearen aurkako mehatxutzat har daitekeela [ezizen hori du AEBek eta Israelek Ekialde Hurbilean duten esku hartzearen aurkako Iranen, Siriaren eta Hezbollahren aliantzak]».

«Modu horretan ulertzen da, adibidez, Hezbollahk nahi ez izatea Libanoko Gobernuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren arteko elkarlanik», ondorioztatu du Slimek. Baina jarrera ezkor hori aldatu egin da azken asteetan: Irango Gobernuak NDFren laguntza ekonomikoa eskatu du koronabirusaren krisiari aurre egin ahal izateko; 1962. urtetik egin gabe zegoen halako eskaera bat, hain zuzen Reza Pahlevi xahk Washingtonen onespenarekin herrialdea zuzentzen zuenetik. Handik gutxira, Hezbollahko buruak jarrera aldatu zuen publikoki, eta prest agertu zen Libanori aholkuak eman nahi zizkion nazioarteko edozein erakunderi entzuteko, baita Nazioarteko Diru Funtsari ere.

Gerra zibilaren amaiera

Mohammadek 30 urte inguru ditu, eta Justizia Ministerioaren inguruan egiten du lan, kafetegi batean: «Protestak indartsu itzuliko dira. Koronabirusaren krisia amaitzen denean, gure eskubideak aldarrikatuko ditugu egunero, duela aste batzuk egiten genuen moduan». Mohammadek uste du manifestariak ezin direla lasaitu, «edo botere politikoak baliatu egingo du». Iazko azaroan parlamentuak egindako bi ahaleginak jarri ditu adibide gisa. Jendea kalean protestan ari zen bitartean, agintariak hainbat delituz errugabetuko zituen lege bat onartzen ahalegindu zen legebiltzarra. Saioak bertan behera utzi behar izan zituzten protesta eta borroken ondorioz.

Mohammadek uste du Libanon bizimodua hobea zela 1975ean hasi eta hamabost urtez luzatu zen gerra zibila baino lehen: «Horren ondoren, beti egon da ezinikusia batzuen eta besteen artean. Talde erlijioso eta sozial bakoitzak bere buruari soilik begiratzen dio, bere alderdi politikoak ditu, eta bere auzoetan bizi da. Boterean dagoen jendearen agintzeko moduagatik ez balitz, herrialde hau munduko hoberena izango litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.