Julen Alberdi, 'Txikia IV.a'. Aizkolaria

«Ez nuen espero hain denbora gutxian halako emaitzak lortzea»

Astebete igaro da Julen Alberdik Urrezko AizkolarienTxapelketa irabazi zuenetik. Bigarren aldia zuen finalean, eta horrek lagundu egin ziola uste du, baita lehen enborretan indartsu hasteak ere.

JON URBE / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Aizkolari Txapelketan irabazitako txapelaren ondoan, etxean zintzilikatuta jartzeko beste txapel bat du Julen Alberdi Txikia IV.ak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991). Bikain hasi du aizkora denboraldia. Martxoan, Binakako Urrezko Aizkora Txapelketa bigarren amaitu eta gero, sasoi onean bueltatu da izandako geldialditik. Denbora gutxian espero baino hazkunde handiagoa izan duen arren, lanean jarraitzeko eta hobetzekogogoz da.

Astebete pasatu da Urrezko Aizkora banakako txapelketa irabazi zenuenetik. Gustura?

Bai, oso gustura nago egindako lanarekin. Egindako esfortzuari buelta eman diot, eta ondo nago.

Fisikoki ondo sentitzen nintzen, eta hori dela-eta aukerak izatea espero nuen. Irabaztea, aldiz, ez nuen espero.

Izatez, Iker Vicente zen faborito, baina ezustea eman zenuen.

Aurreko urtean Mikel Larrañagak Iker Vicenteri irabazi zion, eta hark lan ona egingo zuela ere pentsatzen nuen. Bi horien artean ikusten nuen garaipena.

Inoiz baino parekatuago zegoen finala?

Pandemia dela eta, etxean entrenatzen naiz oraindik ere, eta, aurreko urteekin alderatuz, hobetu egin dudala uste dut. Ez nekien, ordea, Mikel eta Iker nola iritsiko ziren finalera. Beste urteetan, batera aritu garen erakustaldietan,ikusten genuen nola gauden. Baina aurten ez da halakorik izan. Nola etorriko ziren ez nekien, baina ni ondo sentitzen nintzen.

Noiz konturatu zinen irabaz zenezakeela?

Lanerdiko probaren [hirugarren proba] erdian zegoen egur handi hartan. Hor ikusi nuen banuela irabazteko aukerarik.

Zeintzuk izan ziren finalaren gakoak?

Hasiera-hasieratik, fuerte irtetea. Banekien beraiek fuerte irtengo zirela. Hasieratik, ni lasaiago irten, eta segundoak oparitzen hasiz gero, zaila neukala ikusten nuen. Orduan, ni ere gogor hasi nintzen, ahalik eta seguruena, huts gutxi egiteko helburuarekin.

Parekatuta hasi zineten, baina bukaeran nagusitu egin zinen

Lehenengo bi probak [erlojupekoa eta abiadura neurtzekoa] besteak baino segundo batzuk lehenago amaitu nituela gogoratzen dut. Bai, espero nuen gauzak beste modu batera joatea. Ikerrek azkar mozten ditu enbor txikiak, eta Mikelek, berriz, enbor handiak, eta pentsatu nuen enbor haietatik segundo batzuk geroago aterako nintzela. Ikusi nuenean alderantziz zela, ni aurretik nintzela, orduan ikusi nuen irabazteko aukera nuela. Sasoi parekatuen geundela ikusizen, eta lanerdiko lanak batera hasi genituen. Azken proba hori erabakigarria izan zen atzera edo aurrera nork egin zezakeen ikusteko.

Amaieran, minututik gorako errenta atera zenien Larrañagari eta Vicenteri.

Egia esan, nik neuk ere ez nuen horrela irabazterik espero. Irabaztekotan, oso-oso bukaera estuarekin izatea espero nuen. Ez nuen uste hainbestekoabantailarekin irabaziko nuenik.

Etenaldiaren ondoren banaka lehiatzen zineten lehen proba zen txapelketa, hain ondo aritzea espero zenuen?

Fisikoki ondo nengoela ikusten nintzen, etxeko entrenamenduetatik eta. Nire kezka nagusia zen jakitea ea txapelketako erritmo hori eramateko gai al nintzen. Etxean ez dugu hainbeste estutzen, eta txapelketetako tentsio gehigarri horrekin gehiago sufritzen da. Erabakia hartu beharreko momentuan, tentsio horrengatik, gauzak hain garbi ez izateak negatiboki eragingo ote zidan, horrek kezkatzen ninduen. Finalera iristeko kanporaketan, bai, orduan sumatu nuen hori. Ugaitz Mugertzaren aurkako finalerdietan ez nintzen gustura geratu, baina finalerdiko saio horrek mesede egin zidan finala prestatzeko.

Aurreko urtean estreinatu zinen txapelketa honetako finalean. Esperientziak lagundu dizu?

Bai, nik uste dut baietz. Pertsona urduria naiz txapelketa hauetan, eta neure buruari presio dezente sartzen diot horrelakoetan, lan on bat egin nahi izateagatik. Nik uste dut final batean lasaitasun apur bat behar dela, eta zaila izaten da hori lortzea, baina aurretik beste final bat jokatzeak asko lagundu dit esparruhorretan.

Pauso handiak ematen ari zara azkenaldian. Gustura, izandako progresioarekin?

Alde horretatik, oso gustura nago izandako hazkundearekin, eta lanean jarraitzeko gogoz naiz. Orain dela urte batzuk, ez nuen pentsatzen emaitza hauek lortuko nituenik; are gutxiago hain denbora gutxian.

Hobetzeko zerbait daukazula uste duzu?

Hasi nintzenetik ez da hainbeste denbora pasatu, eta zerbait hobetzeko itxaropena, behintzat, badaukat.

Aurtengo sasoia berezia da, ez dira espero ziren proba guztiak jokatuko. Beste erronkarik badaukazu?

Hasieran, hitzartuta daukagun hurrengo proba nagusia Urrezko Kopa da, datorren larunbatean. Aurreko urteko Euskal Herriko Txapelketako lehenengo bost sailkatuen artean lehiatzen da, eta, oraingoz, egutegian markatuta daukagun txapelketa handi bakarra hori da. Hor lan on bat egitea da helburu nagusia epe laburrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.