Oier Lazkano. Caja Rural RGAko txirrindularia

«Tropelera bueltatzeak ez dit ematen aparteko beldurrik»

Getxoko Zirkuituan ekingo dio Oier Lazkanok aurtengo denboraldiari, gaur. Bi lasterketa jokatu dituzte aurtengo sasoian Euskal Herrian: Getxoko Zirkuitua eta Ordiziako Klasikoa.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Profesionaletan bigarren sasoia du Oier Lazkanok (Gasteiz, Araba, 1999). Maila guztietan nabarmendu eta gero, 19 urterekin hasi zen profesionaletan lehiatzen. Aurtengo denboraldian, taldeak ezarritako helburuak betetzen laguntzen ibiliko da.

Hainbeste denboraren ostean, hasi da sasoia. Lehiarako gogoz?

Berdin zitzaidan non, baina hasteko gogoarekin nengoen. Entrenamendu onak egin ditut, bai taldearekin, baita nire kontura ere. Lasterketen egunerokotasunean berriz hasteko irrikaz nago.

Getxoko Zirkuituan izango zara gaur. Nolako lasterketa espero duzu?

Azkarra. World Tourreko lauzpabost talde datoz, Kontinental mailako talde asko... Tentsio handiko lasterketa izango delakoan nago. Azkeneko aldapan erabakiko da.

Etxean jokatuko duzuen karrera bakarrenetakoa izango da, Ordiziako Klasikoaren esperoan. Pena, ezta?

Pena da. Euskal Herriko Itzulira joatekoa nintzen. Hala suertatu da, eta ezin dugu ezer egin. Aste honetan jakin dugu World Tourreko egutegi berria, eta, hurrengo urtean gauzak ondo egiten badira, berriz ere etxeko lasterketak bueltatuko dira.

Ikuslerik gabeko lasterketa izango da Getxokoa. Zer iruditzen zaizuneurri hori?

Ez dago beste ezer egiterik. Pena da ikuslerik gabe lehiatzea, baina erabaki zentzuduna da.

Aurten segurtasun neurri zorrotzekin lehiatu beharko duzue...

Egin beharreko gauza batzuk dira, eta egingo ditugu. Txirrindulari eta antolatzaile guztion onerako da. Ezarritako neurriak ondo daudela iruditzen zait, egoera nola dagoen ikusita.

Berragertzeak hasi direla ikusita, beldurrik ematen al dizu tropelera itzultzeak?

Tropelera bueltatzeak ez dit ematen aparteko beldurrik. Burgosko Itzulian lehiatu direnek bi PCR proba egin dituzte, Getxon lehiatzeko bat... Segurtasun neurri zorrotzagoak ditugu orain, baina ez dago beldur hori.

Aurtengo lasterketak prestatzeko denboraldi-aurre ezberdina izan duzue. Nolakoa izan da?

Bi denboraldi-aurre izan ditugu aurten [barrez]. Martxoan uste genuen bi edo lau asteko kontua izango zela hau guztia, eta azkenean luze jo du. Hasieran, arraroa izan zen, baina gero egutegia argitaratu zenean, eta lasterketen datak jakin genituenean, normalago bihurtu zen dena. Lehen entrenamenduetan ziurgabetasun puntu berarekin irten ginen, baina, bestela, ondo.

Etxean arrabolarekin asko ibili zara?

Ez naiz asko ibili egia esan, astean hamar bat ordu eman ditut. Oso ezberdina da etxean arrabolarekin ibiltzea edo errepidean aritzea. Arrabola askoz aspergarriagoa da. Nik etxean ez ditut jendeak egin dituen hamabi orduko astakeriak egin.

Nolakoa izan zen errepidera berriz ere ateratzea?

Arrabolarekin leku zehatz batean zaude geldirik; errepidean, aldiz, mugitu egiten zara. Asko kostatu zitzaidan berriz ere errepidera egitea. Lehen aste eta erdian nahiko galduta ibili nintzen. Gorputzari tarte bat eman behar zaio berriz ere errepidera ohitzeko.

Pandemia dela eta, asko moldatu da lasterketen egutegia. Zuk nola egokitu duzu zurea?

Nik ez dut moldatu, taldeak moldatu du nirea [barrez]. Txirrindulari bakoitzari ahalik eta lasterketa gehien ematen saiatu dira. Aurten ezin da gauza askorik egin.

Zein lasterketa duzu begiz joa?

Izatez, baneukan, Euskal Herriko Itzulia. Orain, zaila da esatea zein lasterketa lehiatuko diren edo ez; ezin da ziurtasun osoz esan. Halere, ez dut lasterketa berezirik nire egutegian.

Aurtengoa bigarren sasoia duzu profesionaletan. Helbururik baduzu aurtengo denboraldirako?

Lasterketa zehatzetan, ez; baina, bestela, taldeari laguntzea. Azken finean, nire lehen sasoia dela esan genezake, eta taldeak ezarritako helburuak lortzen laguntzen saiatuko naiz.

Lasterketa mota guztietan ondo moldatzen zara. Halere, zein dituzu gustukoen?

Oraindik ez dakit. Profesionaletan, hamar lasterketatan besterik ez naiz lehiatu. Burgosko Itzuliko lehen etapa, esate baterako, oso polita iruditzen zait.

Zer motatako lasterketetan ikusten duzu zeure burua?

Erlojupekoetan edo suzko ekimen hori behar den lasterketetan ere ondo nabil.

Zer soslaitako txirrindularia izatea gustatuko litzaizuke?

Txirrindulari ona izan nahiko nuke [barrez]. Lasterketa gogorretan ondo moldatzea gustatuko litzaidake; ondo entrenatuz gero, nik uste dut lortuko dudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.