Iñakiren anaia baino gehiago

Nico Williamsek denbora gutxi behar izan du gorengo mailan nabarmentzeko. Erasoko hegaleko bati eskatzen zaion guztia dauka.

Nico Williams Superkopan sartutako gola ospatzen. JULIO MIUÑOZ / EFE.
haritz gallastegi
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Futbolari bertutetsuak diren nerabeentzat ez dago itzalean hazi eta barruan daukaten guztia lasai garatzea baino bide aproposagorik. Baina guztiek ez dute fokuetatik kanpo hobetzeko aukera izaten. Nico Williams (Iruñea, 2002) izan da horietako bat. Hegaleko gazteak ingurukoen arreta piztu zuen Lezama lehen aldiz zapaldu zuenetik. Iñaki Williamsen anaia gaztea izatearen zama da.

Baina lehen taldeko izar nagusietako batekin etengabe alderatua izateak ez du haren ibilbidea eten. Talentua gailendu da. Berezkoa. Nico Williams futbolari berezi baita. Lezamako harrobian oso noizean behin agertzen den harribitxia. «Baliabide askoko futbolaria da. Teknikoki oso ona da. Ezker aldetik zein eskuinetik izkin egiteko gaitasuna dauka. Bestalde, jarrera oso ona dauka.Adi kasu egiten dio esaten diozun guztiari. Azkar ikasten du. Berea da lortzen ari denaren meritu guztia», adierazi du Joseba Etxeberriak.

Etxeberria bada nor Williams gaztearen inguruan jarduteko. Iaz Athletic B-n izan zuen bere aginduetara. Lehen taldera urratsa egiteko falta zaiena lantzea da bigarren taldeko entrenatzailearen zeregin nagusia. Nicoren kasuan, gol sena garatzeari eman zioten lehentasuna. Hau da, hegaleko futbolari ona izatetik izarra izaterako jauzia emateko bidean jarri zuten. «Gure erronka golarekin zuen erlazioa aldatzea izan zen. Golak sartzeko gaitasuna zuela barneratzen ahalegindu ginen. Arlo asko landu genituen: kontrako hegaletik iristen ziren jokaldiei jarraipena ematea, errematea lantzea... Penaltiak jaurtitzeko ardura eman genion. Horrek guztiak Nicoren gol sena indartzea zuen helburu. Gaia badauka». Dagoeneko hiru gol sartu ditu.

Baina, batez ere, aurkarien defentsak hankaz gora jartzeko erraztasunak egiten du ezberdin. Aurrean jartzen zaion kontrarioa gainditzeko erraztasun ikaragarria dauka: ezker aldetik zein eskuinetik, abiaduraz zein teknika baliatuz egiten du aurrera. Bere buruan konfiantza handia dauka, eta horrek lotsagabe jokatzen laguntzen dio. Ez du beldurrik. Arriskatu egiten du. Baina hori baino askoz gehiago dauka. Beste arlo batzuetan ere hasi da nabarmentzen. «Zale gehienek bizikletak egiten ikusten dute. Horrekin geratzen dira. Baina, arlo fisikoan, esaterako, dohain handikoa da. Egin dizkioten azterketetan gai handia daukala ikusi da. Horrek defendatzeko orduan lagundu egiten dio», nabarmendu Etxeberriak, eta ondorengoa erantsi du: «Arlo taktikoa ere oso garrantzitsua da. Futbola ulertu egin behar da. Ildo horretan, kokapenak eta taldekideen ondoan egoteak asko balio du. Halaber, erasoan bere dohain guztiak baliatzeko jokaldia ulertu eta jarraitzea ezinbestekoa da. Hobetzen ari da horretan».

Anaiaren babesean

Nicok urrats handiak egin ditudenbora gutxian. Lehen pausoa Marcelino Garcia Toralen jomugan jartzea izan zen. Bigarrena, lehen taldean lekua merezi duela erakustea. Hirugarrena, pizgarri izatetik hamaikakoan lekua izatera pasatzea izango da. Eta azkarari da bidea egiten. 19 urteko gazte batentzat ez da erraza horrelako egoerak kudeatzea. Baina, Iñaki anaia ondoan izanda errazagoa izango da. «Bidelagun aproposa dauka. Ez dio okertzen utziko». Nicok beti esan du anaia eredu duela. Eta Iñakik gertutik zaintzen du haren jarduna. Espainiako Superkopa galdu eta gero, Nicok domina kendu zuen lepotik, eta anaiak esan zion jartzeko.

Athleticek urte askorako futbolaria dauka Etxeberriaren ustez. Baina Nico gai izango da Iñakiren bidea egiteko? Etxeberriak ez ditu alderatu gura, baina uste du anaia gaztea nagusia baino hobea izango dela. «Euren jokoak antzekotasunak izan arren futbolari ezberdinak dira. Iñaki 50-60 metroan gainditzea ezinezkoa da. Baina Nicoren lehen metroak anaiarenak bezain azkarrak dira. Gainera, arlo teknikoan hobea da. Iñaki gazteago iritsi izan balitz, Lezamara teknikoki hobea izango zen. Biak dira futbolari oso onak, baina Nico hobea izan daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.