Maddi Aalla. Super Amara Bera Berako jokalaria

«Ligaxkarako sailkatzea aurrerapauso handia litzateke guztiontzat»

Bera Berak Europako Ligako hirugarren kanporaketako joaneko partida jokatuko du gaur, Norvegian, Solaren aurka (18:00, ETB4). Aallak taldearen helburu bera du: berriz ere aritzea Europako ligaxka batean.

OSCAR ARAUJO.
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Maddi Aallak (Plentzia, Bizkaia, 1997) bi helburu zituen 2021eko udan, Zuazo utzi eta Bera Berara iritsi zenean: atezain hobea izatea, eta tituluak irabaztea. Biak bete ditu: atezain hobea da, eta, hura atean egonda, Bera Berak hiru titulu irabazi ditu: Espainiako liga, kopa eta superkopa. Baina gehiago nahi du. Argi du zer nahi duen orain: Europako Ligako multzoen faserako sailkatzea. Duela bost urte aritu zen azkenekoz Bera Bera ligaxka batean, EHF kopan.

Amaitu da Espainiako Ligako lehen itzulia. Lider zarete, Elxek jokatu zain. Zer nota jarriko zenioke taldeak egindako lanari?

Nota ona jarriko nioke. Ondo aritu gara: partida bakarra galdu dugu, Malagaren pistan, eta beste bat berdindu, azkenekoa, Aularen pistan. Gainontzeko bederatzi partidak irabazi ditugu. Hobeto egin daitekeela? Bai, baina lan ona egin dugu.

Imanol Alvarezen ustez, «oso ondo» ari zarete lehiatzen.

Erabat ados nago. Askotan ez gara nahi bezain ondo aritu, baina, hala ere, irabazi egin dugu. Horren azalpena da oso ondo lehiatzen ari garela eta azkeneraino borrokatzen ari garela.

Estutasun horiek baieztatu egin dute aurreikusia zegoena: lehia handia dago ligan.

Hala da. Aurreko denboraldien aldean, estuago dago sailkapenaren goialdea. Talde batzuk oso ondo ari gara. Horregatik, eta pista oso zailetan jokatu dugulako, uste dut lehen itzuliaren balorazioak oso ona izan behar duela.

Zertan nabarmendu zarete?

Defentsa da gure indargunea, eta, batzuetan lan horretan kaskarrago aritu garen arren, itzuli guztia kontuan hartuta, oso ondo defenditu dugu. Puntu asko lortu ditugu defentsari esker.

Zertan hobetu dezakezue?

Erasoan zailtasunak izan ditugu.

Partiden hasierek ere lana eman dizuete.

Bai, eta izan daiteke zenbait partidatan kosta egin zaigulako hasieratik bete-betean aritzea. Baina gai izan gara beti lehiakor izaten eta gogor borrokatzen. Horrek puntu asko eman dizkigu.

Zer moduz aritu zara zu?

Oso gustura ari naiz. Atezainok errazago gelditzen ditugu baloiak defentsa ondo ari denean. Alice [Fernandes] eta biok oso ondo aritu gara partida gehienetan.

Urruti joan gabe, oso ondo aritu zinen ostegunean, Aularen pistan. Taldea larri zebilen, eta zure geldiketek suspertu egin zuten.

Aula oso talde zaila da: segituan eman diezaioke buelta emaitzari. Halakoetan, atezainak adi-adi aritu behar du une oro. Halaxe aritu nintzen ni. Oso pozik nago.

Hain zuzen ere, Alvarezen iritziz, Aula «kontrario aproposa» izan da Solaren aurkako Europako Ligako kanporaketa prestatzeko, daukan jokamoldeagatik.

Aulak oso azkar egiten du korri, baita Solak ere. Aula bete-betean aritu zen, eta Sola ere horrela ariko da. Mesede egingo digu Aularen aurka jokatu izanak.

Alvarezek aitortu zuen «minutu bakar bat» eskaini zeniotela Aularen aurkakoa prestatzeari. Sola besterik ez zenuten buruan?

Gutxi gorabehera, bai. Taldean bat gatoz: gure lana ondo egiten badugu, edozeini irabaz diezaiokegu. Aste honetan, nagusiki, Solaren aurkakoa prestatu dugu, baina horrek ez du esan nahi Aularen aurkakoa gutxietsi genuenik. Garrantzitsua zen gutxienez puntu bat lortzea, eta lortu genuen.

Asteko prestaketak agerian uzten du klubak garrantzi handia eman diola Europako lehiaketari. Nabari duzue hori?

Bai. Nik hirugarren denboraldia dut taldean, eta beti izan da helburu nagusietako bat Europan ligaxkan aritzea. Baina, aurten, helburu horrek garrantzi handiagoa du. Iazko esperientziak zapore gazi-gozoa utzi zigun: atarian geratu ginen. Aurten, kosta ahala kosta sailkatu nahi dugu. Eta sinetsita gaude lor dezakegula.

Itxaropentsu zaudete.

Bai. Aularen aurka jokatu aurretik ez ginen ari nahi bezain ondo, baina azken partidan gure funtsa berreskuratu genuen, eta gu izan ginen berriro. Ilusio eta gogo handiz ekingo diogu Europako kanporaketari.

Zer litzateke ligaxkarako sailkatzea?

Kirol mailan, aurrerapauso handia litzateke guztiontzat. Zaleentzat, berriz, opari ederra litzateke: bi astean behin ariko litzateke Europako talde indartsu bat Donostian. Bultzada handia emango lioke eskubaloiari.

Erronka zaila duzue, aurkari oso gogorra baita Sola: laugarren da Norvegiako liga indartsuan.

Oso talde indartsua da, eta oso jokalari onak ditu. Norvegiako taldeak diziplina handikoak dira: ez dute egiten ezer ikusgarririk, baina egiten dutena oso ondo egiten dute. Sailkatu nahi badugu, adi-adi eta bete-betean aritu beharko dugu 120 minutuetan.

Nola egin diezaiokezue min?

Europan, ohituta daude 6-0 defentsa oso itxien aurka aritzera, eta guk min egin diezaiokegu beste defentsa bat eginez, mugikortasun handiagokoa: adibidez, 5-1ekoa.

Solak bizi-bizi jokatzen duela kontuan hartuta, ez zaizue komeni joan-etorriko eta gol askoko partida bat.

Ezta pentsatu ere. Solak oso azkar egiten du korri; horrela jokatzen du erosoen. Ezin gara aritu joko horretan, haiek landuagoa baitute, eta gehiago menperatzen baitute. Korrika hasten bagara, zaildu egingo zaigu partida.

Zer ikasi duzue aurreko sasoietako esperientzietatik?

Batetik, argi izan behar dugula 120 minutuko kanporaketa dela; hau da, joanekoa jokatzen ari garenean kontuan hartu behar dugu itzulikoa falta dela eta, irabazi ala galdu, joanekoaren emaitza oso garrantzitsua dela. Bestetik, ez diogu gehiegi erreparatu behar aurkariaren ospeari. Duela bi urte, adibidez, Parisen aurka jokatu genuen. Izenez, punta-puntako taldea da Paris, baina kanporatu egin genuen. Gureari erreparatu behar diogu.

Zer emaitza litzateke balekoa joanekoan?

Irabaztea [barrez]. Galtzekotan, oso gutxigatik galdu beharko genuke: bizpahiru golez gehienez. Itzulikoa jokatuko dugu gero, eta, gainera, etxean.

Nahiago duzue horrela?

Bai. Hobe da etxean aritzea zerbait jokoan badago.

Garrantzitsua izango da zaleen babesa.

Oso. Iaz, sekulako giroa sortu zuten Gaskan, Besançonen aurkako itzulikoan. Seguru nago beste horrenbeste egingo dutela aurten. Guretzat oso garrantzitsua da haien babesa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.