Raul Garcia. Athleticeko jokalaria

«Ondo defendatzea ez dago baloratuta»

Raul Garciak bosgarren denboraldia du Athleticen, eta gustura dago. Gaizka Garitano egiten ari den lana goraipatu du, eta taldea merezitako lekuan dagoela adierazi.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Haritz Gallastegi -

2020ko urtarrilak 17

Athleticek duen jokalari erabakigarrienetako bat baino zerbait gehiago da egun Raul Garcia (Iruñea, 1986). Gaizka Garitanoren taldearen zutabe nagusietako bat da erdilaria. Nortasun eta konpromiso handiko futbolaria da, eta eguneroko lanari garrantzi handia ematen dio. Ispilua da taldekideentzat.

Espainiako Kopan Elx egokitu zaizue final-hamaseirenetan. Asteazkenean jokatuko duzue haren aurka. Gustura zaudete?

Elx talde ona da, baina Lehen Mailako talde bat egokitzeko aukera zegoela kontuan hartuta, ontzat ematen dut zozketa.

Lehen Mailako taldeak egiten duenaren esku daude gisa honetako lehiak?

Bi taldeok gurea ematen badugu, guk irabazi beharko genuke. Maila bat gorago ari gara. Baina ezin dugu kontrarioa gutxietsi. Aurreko bi kanporaketetan bezala zelairatu behar gara Elxen kontrako norgehiagokan.

Athleticentzat Kopa irabaztea da gabarra ibaian gora ateratzeko aukera bakarra. Hori horrela dela jakitea ardura edo motibazioa da zuentzat?

Futbolari guztion nahia da txapelketa bat edo beste irabaztea. Egun, Kopak ematen digu gabarra ateratzeko aukera gehien. Argi daukagu gaitza izango dela, baina taldea irabazteko ari da lanean.

Gabarraz asko hitz egin dizute?

Athleticera etorri aurretik ere banuen gabarraren berri. Noizean behin kontatzen dizkidate gabarraren gaineko kontuak, bai.

Kopakoaren aurretik, ligako bigarren itzuliko lehen partida izango duzue Celtaren kontra. Zu kolpe bat hartuta erretiratu egin zinen asteazkeneko lan saiotik. Bestalde, gripeak eta abarrek gogor jo dute taldea. Nola zaudete?

Neurriak hartu ditugu. Taldean bakarrik ez, inguruan ere gogor jo du gripeak. Jokalari bat gaixotzen denean etxera bidaltzen dute lehenbailehen, baina sarri ez da garaiz jakiten ondoezik dagoela, eta ohikoa da gaixotasuna zabaltzea.

Jokalariek gutxitan uzten duzue neurketa bat jokatu barik horrelako kontuengatik.

Zaindu egiten gara: ondo elikatzen gara, arlo fisikoa asko lantzen dugu... Baina, era berean, ez da komeni ahaztea sarri jokatzen dugula minez. Egunero daukagu zerbait. Sukarrarekin gertatzen da astebetean osatu beharreko gaixotasunari bi edo hiru egunean ematen diogula buelta.

Gaixotasunak aipatzen hasita, zuk bihotzeko arazo bat izan zenuen. Ahaztu al duzu?

Lasai nago. Ebakuntza egin zidaten arazoa konpontzeko. Ebakuntzak ez du erabat bermatzen gaitza berriz agertuko ez denik, baina ez nago arduratuta. Gaitzaren berri izan nuenean, psikologikoki eragin zidan. Izan ere, ezin genuen kontrolatu. Hala ere, nire jokoan ez du eraginik izan. Egun kontrolpean daukagu. Ondo nago.

Zure kirol ibilbidea arriskuan ikusi zenuen?

Horrelako arazo bati aurre egiteko orduan, garrantzi handia dauka une horretan duzun egoerak. 20 urterekin izan banu, kezka sortuko zidan futbola utzi behar izateko arriskuan egoteak. Arriskuak hartuta jarraitzeko aukera eskainiko balidate adin horrekin, segitu egingo nuke. Egun, bestelakoak dira kontuak. Familiari garrantzi handia ematen diot. Ibilbide luzea egin dut futbolean. Futbola eta kirola nire pasioa dira, baina gauza garrantzitsuagoak daude.

Athleticen bosgarren denboraldia ari zara osatzen. Gozatzen ari zara esperientziaz?

Bai. Klub berezia da, ezberdina. Jokalari gutxik dugu horrelako esperientzia bat bizitzeko aukera. Athleticek fitxatu ninduenetik, azkar egokitzen ahalegindu nintzen. Bai ni, eta bai nire familia asko ari gara gozatzen.

Athleticeko jarraitzaileak oso pozik daude zurekin. Zu zeu gustura zaude erakusten ari zaren mailarekin?

Ez naiz balorazioak egitearen oso zale. Ez naiz estatistikei begira egoten. Nahiago dut aurrera egin. Hala ere, uste dut oso urte onak izan direla. Jokatzeko eraz gain, golak sartu ditut, gola sartzeko paseak eman ditut, eta harmailatik ikusten ez diren beste arlo batzuetan ere lagundu dut.

Kapitainaren besokoarekin ere behin baino gehiagotan aritu zara. Ziurrenik, kanpotik ikusten ez diren kontu horiengatik eman dizute ardura hori. Taldean pisua daukazu.

Beti izan dut gustuko taldean pisua izatea. Izaera kontua da.Uste dut jokalari langilea eta zorrotza naizela. Horretan ahalegintzen naiz. Futbolean, asteburuko partidan gertatzen dena baino ez da ikusten, baina aurrez aste osoa aritzen gara lehiak prestatzen. Gauza asko eta garrantzitsuak egin behar izaten ditugu.

Goi mailako futbolean luzaroan jarraituko duzula uste duzu?

Ez dut horretan pentsatu. Kirol ibilbidea ahal dudan guztia luzatzeko ari naiz beharrean. Nire esku dagoen guztia egiten dut sasoiari eusteko. Elikadura, prestakuntza, osatzea... zaintzen ditut. Lehiakor izaten laguntzen didate, eta ezinbestekoa da kirol ibilbidea luzatzeko.

Arlo guztiei esker, jokalarien kirol ibilbideek dezente irauten dute egun. Gauzak asko aldatu dira urte gutxian, ezta?

Ikerketari esker, asko aurreratu dugu arlo guztietan. Egiten dugun lana hobeto ulertzen, eta behar horri etekina ateratzen lagundu digute. Futbolak inbertsio handia egin du ikerketan, eta horrek, besteak beste, jokalarion kirol ibilbidea luzatzeko aukera eman du.

Entrenatzaile sena daukazu?

Futbola oso gustuko dut. Egun entrenatzaileetatik ikasteko sasoian nago, eta ez teknikari lanetan aritzeko. Ez dakit etorkizunean zer egingo dudan.

Taldeari dagokionez, Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu arte emaitzek ez zuten lagundu. Gauzak aldatu egin direla dirudi.

Futbolari baten kirol ibilbidea edozein pertsonaren bizitzaren antzekoa da: gorabeherak daude. Batzuetan gauzak oso ondo ateratzen dira, eta goian gaude; handik denbora gutxira, berriz, okertu egiten dira kontuak, eta zulora erortzen gara. Garai latzetan ikasi eta hobetu egin behar da. Gaizka [Garitano] iritsi zen arte ez genbiltzan fin, baina aurreko bolada txarrak lagundu egingo zuen egun lortzen ari garen emaitzak eskuratzeko.

Zortzigarren postuan ekingo diozue bigarren itzuliari. Ligak duen maila aintzat hartuta, dagokion postuan dago taldea?

Futbola lehiakorragoa da urtetik urtera. Dirua dago, eta klubek inbertsio handiak egiten dituzte. Ondorioz, hobetu egin dute. Guk gure filosofiari eusten diogu onenen artean jarraitzeko. Hori da, hain zuzen ere, gure indarra. Klub batzuek ia talde osoa aldatzen dute emaitzak eskuratu ahal izateko. Egiten ari garena baloratu behar da. Talde ona daukagu, eta Europara sailkatzeko borrokan gaude. Taldea egon behar den postuan dago. Sasoi ona eginez gero, saria lor dezakegu.

Gaizka Garitanok ez dauka izen handia, baina taldeari daukan guztia ari zaio ateratzen.

Gaizka ezbaian jartzen duena ez dabil ondo. Athleticen ardura hartu zuenetik taldeak lortu duena begi bistakoa da. Jarraitzaileei asko edo gutxi gustatuko zaie proposatzen duena, baina ematen dioten balioa baino askoz handiagoa dauka.

Athletic talde lehiakorra dela, baina haren jokatzeko era ez dela erakargarria entzuten da aspalditik. Zein iritzi duzu?

Ez da denborarik galdu behar zaleak konbentzitzen ahalegintzen. Bakoitzak bere iritzia dauka, eta kito. Hori bai, urtero daude taldeak ustez oso ondo jokatzen dutenak baina hamargarren postutik atzera amaitzen dutenak. Futbolean azken emaitzak balio du. Jokalariei euren onena erakusteko jokamoldea balekoa da beti.

Celta izan daiteke izena izana baino gehiago duen taldeetako bat. Ikusmin handia sortu du, baina larri dabil.

Nik ez dut Celtaren jokatzeko era ezbaian jarriko. Baloia ondo jokatzen du, hedabideetan bolo-bolo dabil, baina sailkapenean zuloan dago. Talde bakoitzak bereari begiratu behar dio. Irabazteko balio dion bidea aurkitu behar du.

Talde lehiakor batean jokatzeak lagundu egiten dio jokalariari bere onena erakusteko?

Duda barik. Futbolean ondo defendatzea ez dago baloratuta. Baina talde indartsu eta lehiakor baten oinarria fidagarria izatea da. Ezinbestekoa.

Entrenatzaileak sarri esaten du Athletic gol sen gutxi duen taldea dela.

Athleticen zikloak daude. Harrobiak ematen duenaren araberakoa da. Akaso egungo taldeak duen gabezia bakarra da. Hala ere, gauzak ondo ari gara egiten.

Ernesto Valverde kargutik kendu berri du Bartzelonak, azken bi ligak irabazi eta lider izanda. Zein hausnarketa egiten duzu?

Egungo futbola islatzen duten erabakiak dira, gizartearen isla. Konpromisoa, errespetua eta pazientzia galdu dira. Entrenatzailea kentzea kirolaren barruan sartu behar da, baina Ernesto bota dutenen aldetik egoera kudeatzeko gaitasun falta ikusi dut.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

PCR proba bat, Indian. Bigarren herrialde kaltetuena da hura. ©SANJEEV GUPTA / EFE

Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak

Iosu Alberdi

AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.

Konfinamendua ezarri zuten Azkoienen. ©Idoia Zabaleta / Foku

Hegoaldeko kasuen erdiak baino gehiago, Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 603 positibo zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian; Nafarroan atzeman dituzte horietatik 318. Halaber, bi pertsona zendu dira birusaren ondorioz.

Maria Txibite, agerraldi batean. ©Jesus Diges / Efe

Txibitek esan du egoera «kontrolatuta» dagoela Nafarroan

Arantxa Iraola

Positibo «asko» izan arren konfinamendu orokorrik ezartzeko asmorik ez dutela adierazi du

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna