Javier Urriza. Erremontista

«Erremontean hasi nintzenean, ez nuen uste txapelik irabaziko nuenik»

Berriki irabazi du Binakako Txapelketa, seigarren aldiz. Beste zazpi txapel ditu buruz burukoan. Eta erremontean hasi aurretik, palan ere trebea zen: munduko txapeldun izan zen. Kirolari jarduna eta lana uztartuz lortzen ari da hori guztia.
IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2021eko urtarrilak 12

Txapeldun handia da Javier Urriza erremontista (Iruñea, 1981), handienetako bat. Txapelen bilduma amaigabea dauka, eta gehiago nahi ditu. Baina nafarrak dioen bezala, zerrenda luzeak badu beste alderdi bat: «Urte asko daramatzala esan nahi du».

Esan nahi duzu gertu duzula erremontea uzteko eguna?

Palmares ikaragarri ona daukat. Debuta egin nuenean, ez nuen pentsatu ere egiten horrelako zerbait lortuko nukeenik. Lan duina egitea zen nire asmoa, eta ez nuen uste txapelik irabaziko nuenik ere. Are gutxiago, buruz burukoan. Hainbeste garaipen lortu izanak adierazten du urte asko daramatzadala jokatzen, eta bukaera gero eta gertuago daukadala. Hala ere, gozatzen ari naiz gertatzen ari zaidan guztiarekin, eta izango dut denbora garaipenen zerrenda begiratzeko azkeneko partida jokatu eta etxera iristen naizenean.

Bukaeraren asmoa edo ideia bueltaka hasita dagoenean, gehiago ari zara gozatzen egunerokoaz? Entrenamenduak, partidak...

Balio gehiago ematen ari naiz. Gehiago bizitzen ari naiz orain hori guztia. Final garrantzitsu batera heltzen naizen bakoitzean, azkena izan daitekeela pentsatzen dut, oso zaila delako finaletara heltzea.

Zer egiten gozatzen duzu gehien erremontean?

Lehiakorra sentitzearekin, jokoa menderatzearekin, eta, batez ere, oraindik dena irabazteko gauza naizela jabetzearekin.

Handienetako bat zara. Horrek zer pentsarazten dizu?

Ez diot buelta handirik ematen horri. Zenbakiak oso politak dira, baina uste dut jokatzeari uzten diodanean emango diedala balio handiagoa, ez dudalako beste ezer izango. Asko eskatzen diot neure buruari, eta, adibidez, datorren asteko partida batean ez badut ondo jokatzen, hobetzen saiatuko naiz, aztertu eta gero zergatik ez naizen ondo aritu. Ez diot begiratzen irabazitako guztiari edota erremontearen historian besteek lorturikoari. Oso lehiakorra naiz neure buruarekin.

Exijentzia hori ezinbestekoa da onena izateko?

Baiezkoan nago. Beharrezkoa da hobetzeko gogoa izatea, onena emateko grina ateratzea, eta egunero lan ona egitea. Baina beste alde batetik, geure buruari pisu handia jartzea ere bada, exijentzia handia jartzea den neurri berean. Zaila da partida biribila jokatu dudala pentsatzea; beti ari naiz zertan hobetu behar dudan pentsatzen. Batzuetan, gustatuko litzaidake neure buruarekiko exijentzia maila txikiagoa izatea, gehiago gozatzeko.

Gertatu izan zaizu finalen bat irabazi, eta hala ere, zure lanarekin gustura ez zaudelako, txapeldun izatearekin ez gozatzea?

Gertatu izan zait batzuetan. Baina halakoetan, erlatibizatu egin behar da. Izan ere, finala jokatu eta urtebetera, ez naiz oroituko ondo edo gaizki jokatu nuen partida horretan. Kontrakoa ere gertatzen zait: galdu, eta hala ere, etxera gustura joan, lan ona egiteagatik.

Exijentziarena erlatibizatzea zailagoa egiten zitzaizun hasi zinenean?

Antzekoa nintzen, baina jokoaren ezagutza txikiagoarekin. Orain bezain metodikoa ere ez nintzen. Fisikoan eta gogoan oinarritzen nintzen gehienbat. Gogoan dut asko eskatzen niola neure buruari. Palan afizionatuetan jokatzetik nentorren, eta ia partida guztiak irabazten nituen modalitate horretan. Erremontean profesionaletara heldu, eta zaplaztekoak alde guztietatik jasotzen hasi nintzen. Oso lan ona eginda ere, zaila zen partiden erdiak irabaztea, intendenteak estutu egiten ninduelako, apustuen eraginez partidak berdintzera jotzen zuelako. Partidak galduz ikastea tokatu zitzaidan , eta ez nuen batere ondo pasatzen, nire lehiakortasunagatik.

Palan ere ona izan zu.

Umetan hasi nintzen, eta pixkanaka gora egin nuen. Munduko txapeldun ere izan nintzen, eta 2006an, pala motzeko Mexikoko Munduko Txapelketaren ondoren, erremontean urtebeteko proba egitea proposatu zidaten. Pala profesionala egoera txarrean zegoen. Uste zuten gai nintzela. Berandu hasi nintzen adinez, eta urtebeteko proba izan behar zuena begira noraino heldu den: hamahiru urte daramatzat.

Nork proposatu zizun?

Miguel Angel Errea zen orduan Euskal Jai Berriko intendentea, eta nire berri eman zien Juan Antonio Ercilla enpresako kudeatzaileari eta Kike Elizalde intendenteari. Pilotari berrien bila ari ziren. Seve Arcelus botilero, fisioterapeuta eta lagunak lagundu zidan baiezkoa ematen. Kikek proba batzuk egin zizkidan, eta ikusi zuen maila ona eman nezakeela. Pazientzia eta konfiantza handia izan zituen nirekin. Epeak azkartuz, partida onak jarriz, eta ordu asko sartuz, maila emateko moduan jarri nintzen. Hortik aurrera, neuk atera ditut babak heltzetik.

Palan jokatzen zenuenean, erremontea ikusten zenuen?

Ez. Garai hartan, La 2 telebista kateak astearte arratsaldero ematen zituen partidak, eta eskolatik etxera joan eta ikusi egiten nituen. Baina gehiago ez. Egunkarietan, gainetik irakurtzen nituen albisteak. Zuzenean ez nuen partida bat bera ere ikusi. Baina erremontea probatzea nahikoa izan nuen erabat kateatzeko. Pilota otarretik ateratzen den abiadurak harrapatu egin ninduen, eta gustura asko pasatzen nituen orduak entrenatzen eta ikasten.

Nola zegoen erremontea zu hasi zinenean?

Astean lau partida jokatzen genituen: astearte, ostegun, larunbat eta igande. Profesional bezala egin nuen aurreneko hilabetean, hamalau partida jokatu nituen. Galarretan eta Euskal Jai Berrin aritzen ginen, eta pilotari gehiago geunden oraingo aldean: 45 bat edo. Lau maila zeuden, eta ondo bereizten ziren. Maila batetik bestera igotzeko bidea ondo zehaztuta zegoen, partida asko irabazi behar ziren. Lehia handia zegoen. Ikusle asko izaten zen, ni hasi nintzenean gutxitzen hasita bazegoen ere. Oraingo aldean, harrigarria da zenbat apustu izaten zen. Beste mundu bat zen, eta pena ematen dit berandu iritsi izana erremontera, gainbehera ezagutu nuelako. Orain, hala ere, ematen du gorantz goazela, eta interesa hazten ari da, ikusleena, telebistarena, prentsa idatziarena eta abar.

Beste filosofia bat da oraingoa?

Bai, kirol profesionala ari da aldatzen. Telebistan azaltzen denak bakarrik lor dezake ikusgarritasuna. Lehen, gazteak herrietako pilotalekuetara joaten ziren orduak sartzera, eta orain, berriz, hutsik daude. Futbola bakarrik dagoela ematen du. Lehen, diruz, beste lasaitasun bat zeukan jendeak: adibidez, etxe bat erostea merkeagoa zen, eta jendea pilotalekuetara joaten zen, ikustera, apustuak egitera. Gizartea aldatu egin da.

Ezkurra, Zeberio... horiek denak ezagutu zenituen.

Koteto zen onena orduan. Gero, Zeberio zetorren. Atzelarien artean, Lizaso zen onena, eta bazetorren Urrutia. Fenomeno asko zeuden orduan: Eizagirre, Altunatarrak, Juaristi... Horien guztien kontra jokatzea eta borrokan egitea tokatu zitzaidan; baita beste askorekin ere. Lehen urtean asko ikasi nuen. Gogo handiarekin nentorren, teknikoki mugatua banintzen ere.

Nola hartu zintuzten pilotari handi horiek?

Beti izan dut harreman oso ona kide guztiekin, eta haietako askorekin harremana daukat oraindik. Horixe da kirolaren alderdirik onena, lagunak egitea, pasio bera dugunok. Orduko hartan, hala ere, ikusten ninduten beste modalitate batetik zetorren bat bezala, eta gainera, enpresak erraztasunak ematen zizkidan partidetan. Horrek tentsioa eragiten zuen, baina normala zen. Haiek urte asko zeramaten lanean, eta heldu berri bati erraztasun gehiago ematea ez da gustagarria izaten. Txinparta batzuk sortu ziren nire hasiera hartan, baina ez zeuden nire kontra; enpresaren aurkako txinpartak ziren.

Orain, zu zaude beteranoaren lekuan. Ez al da polita gazteei laguntzea?

Pozgarria da. Ilusio handiarekin etortzen dira, ikasteko gogoarekin, eta beteranoek esandako guztia jasotzen dute. Nire partetik, umiltasunez, saiatzen naiz ekarpena egiten, eta txapelketetan ikusten ditudanean hazten ari direla, eta txapela irabaziz gainera, oso polita da. Haientzat Binakakoa da txapelketarik garrantzitsuena, eta niretzat haiekin hori dena bizi ahal izatea gozamena da. Ia-ia gehiago pozten naiz haiengatik.

Erremontea eta lana uztartzen dituzu, ingeniari elektronikoa baitzara. Erraza al da biak batera egitea?

Pribilegiatua naiz, gustuko lanean jarduteagatik eta erremontetik ere diru sarrera interesgarria jasotzen dudalako. Gustatuko litzaidake kiroletik bakarrik bizitzea, futbolariak bezala, egun osoa prestatzeko edukitzeko. Baina bi esparru osagarriak dira, eta bietan ari naiz emaitza onak jasotzen. Nola bateratzen ditudan? Sakrifizio handia eginez, eta bi jardunak pasio handiz eginez. Konstantzia ere behar da. Badakit egunen batean buruak edota gorputzak nahikoa dela esango didatela, baina oraingoz, ase egiten nau bietan aritzeak. Nahiz eta badiren egunak eta hilabete bat edo beste estu samarrak.

Nolakoa da hilabete txar bat?

Lanean erantzukizun handia izatea, asko bidaiatzea, nekatuta egotea, eta etxera iristean entrenatzeko gogorik ez edukitzea. Halaber, entrenatzen ari naizela gauzak ondo ez ateratzea nekatuta nagoelako. Gainera, beste pilotariek ez dute barkatzen. Halakoetan, borrokan jarraitu behar izaten da, pentsatuz iritsiko direla garai hobeak.

Gertatu izan zaizu lan bidaia bat izan, eta handik bueltan jokoa galduta izatea?

Bai. Eta pentsatu ere bai ez dudala berriz lehengo joko ona berreskuratuko. Lesionatzea bezalakoa da, azkenean. Baina, tira, huskeriak dira.

Nola lortzen duzu entrenatzea atzerrian zabiltzanean?

Lan fisikoa egiten dut. Teknikoa ezin dut, Alemanian adibidez, ezin dudalako pilotalekuko lana egin, ez daudelako. Itzultzean, pilotalekuan orduak sartzen ditut, kantxan lekua ahalik eta ondoen hartzeko partida egunean. Baina ez da erraza. Orain, pandemiaren eraginez, gutxiago ari naiz bidaiatzen, eta ondo ari zait etortzen pilotalekuan orduak sartzeko.

Txapela irabazten duzun bakoitzean, burua lasaitu egiten zaizu?

Nahi ez dudala ere, pixka bat bai. Lehenengo entrenamenduetan eta partidetan, irabazten didatenean, berriz ateratzen zait lehiarako grina, eta kontu txiki guztiak ondo zaintzen hasten naiz, edota teknika gehiago lantzen. Kirola gorabeheratsua da azkenean, emaitzetan eta arlo psikologikoan.

Kontu txikiak dira, adibidez, prestakuntza fisiko egokia eta elikadura zaintzea. Adinean aurrera joan ahala, garrantzi handiagoa hartzen dute?

Bai, dudarik gabe. Orain, denbora gehiago pasa behar dut arlo fisikoa lantzen ondo prestatuta egoteko. Gaztetan, aldiz, azkar ematen nion buelta gorputzari, indarra nuelako. Orain, indar lan hori gehiago egin behar izaten dut. Atsedena ere zaindu egin behar da, behar bezalako atsedenik gabe zaila delako ondo lehiatzea. Gaztetan, berriz, ez da hain beharrezkoa. Dena da garrantzitsua.

Esana duzu txapelketa guztietan lehiatuko zarela, utzi artean. Ez duzula aukeratuko bat bai, eta bestea ez.

Hasieran, bai. Lehiakor sentitzen naizen bitartean, dena irabazteko borrokan segitu nahi dut. Hurrengo txapelketa ahalik eta ondoen prestatuko dut, eta joango gara ikusten nola nabilen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

K2 mendia, beheko kanpalekutik. ©Iñaxio Lopez de Arana Arrieta

K2an neguan inoiz iritsitako lekurik garaienera heldu dira lau xerpa

Berria

Pakistango iluntzean saiatuko dira hamar mendizale K2ko tontorrera igotzen. Gora iritsiko balira, mugarri bat ezarriko dute himalaismoan: neguan oraindik gizakirik iritsi ez den K2 mendira igotzea.

Athleticeko jokalariak Raul Garciak atzo sarturiko bi goletako bat ospatzen, Malagako Rosaleda zelaian, Espainiako Superkopako finalerdian. ©JORGE ZAPATA / EFE

Irekitako leihotik, finalera

Aitor Manterola

Athleticek Espainiako Superkopako finala jokatuko du, gutxi lehiatu duen Real Madrili 1-2 irabazi ondoren, Malagan. Raul Garciak egin ditu bi golak lehen zatian. Finala, etzi, Bartzelonaren aurka

Arraun Lagunak, neguko entrenamendu batean. Eztizen Duke ababorreko seigarrena da. ©BERRIA

Arraunean, berriz itsasora

Aitor Manterola

Eztizen Duke Arraun Lagunak taldearen tostetara itzuli da aurten, iaz itsasoko kapitain izateko ikasketengatik utzita egon eta gero. «Behar dut itsasoa», dio.

 ©OSCAR ARAUJO

«Primeran etorri zaigu lehen itzulia garaipen on batekin amaitzea»

Iñigo Lasa

Azken postuan amaitu du Gipuzkoa Basketek ligako lehen itzulia. Bolada txarrak igaro badituzte ere, Olaizolak «arerio guztiekin lehiatzeko gai» ikusten du taldea. Bere lanaz esan du «konfiantza handiz» dabilela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitor Manterola

Informazio osagarria