Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Irene Sarrionandia. Mendi korrikalaria

«Oraindik, behintzat, ez dut erretiratzeko asmorik»

Mendi lasterketetako korrikalaririk maiteenetakoa eta beteranoenetakoa da Euskal Herrian Sarrionandia. Parte hartzen duen proba guztietan oraindik ere espero bezala aritzen da: ondo. Azkenaldian omenaldiz omenaldi dabil. «Eskertuta» hartu ditu.
AMAIA LARRUZEA MOTXOBE Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2022ko irailak 27 - Deba

Azken 50 urteetan bizitoki duen Deban (Gipuzkoa) da hitzordua Irene Sarrionandia mendiko korrikalariarekin (Zornotza, Bizkaia, 1948). Gaur ez du korrikako entrenamendurik egin, baina esan du arratsaldean gimnasiora joan behar duela. Ez du barkatzen. Bizitzeko duen gogoak miresmena sortzen du.

Azken urteetan mendi lasterketa asko jokatutakoa zara, baina noiz hasi zinen korrika?

45 urte inguru izango dira jada! Beste bi lankide irakaslerekin izan zen lehenbiziko aldia, eta, gogoan daukat herritik kilometro pare batera dagoen Lasao izeneko ingurura joan ginela. Gaur egun lekua aldatuta dago zeharo, eta ezin izango genuke ibilbide bera egin. Gerora, beste biek utzi egin zioten korrika egiteari, baina nik jarraitu egin nuen. Oraindik ere begien aurrean daukat entrenamendu hura!

Gogoan al duzu mendian jokatu zenuen lehen lasterketa?

Bai, ziurrenik, 2003ko Zegama-Aizkorri maratoia [42 kilometro eta +2.736 metro] izango zen. Maratoiaren bigarren aldia izango zen. Hura jokoan jarri aurretik, banekien Anetoko [Aragoi, Espainia] lasterketa jokatzen zela. Lagun batek aipatu zidan. Nik, ordurako, jada 50 urteak beteta neuzkan. Hainbat aldiz nuen korritua Behobia-Donostia, baina ez nuen imajinatu ere egiten Zegama-Aizkorri bezalako lasterketa gogor bat amaitzeko gaitasunik izango nuenik. Amaitu egin nuen, ordea.

Ausardia behar al da lehen mendi lasterketa maratoi distantzian jokatzeko?

Bai, baina ez nintzen itsu-itsuan joan. Aurretik, ibilbidea ikustera joan nintzen anaiarekin, eta ikusi nuen amaitzeko gai izango nintzela. Gaur egun ere, jokatzen ditudan lasterketetan, gustatzen zait aurretik ibilbidea ikustera joatea. Baina beste beste arrazoi bategatik joaten naiz: ikusteko gai naizen lasterketa egiteko antolatzaileek ipintzen duten gehienezko denboran. Jokatutako azken lasterketan, Ubidestroin [Ubide, Bizkaia, 27 kilometro eta +1.800 metro], gauza bera egin nuen. Ibilbidea ezagututa konturatu nintzen sei orduan amaitzeko gai izango nintzela. Azkenean, bost orduren azpitik amaitu nuen.

Zerk kateatu zintuen mendian korrika jarraitzeko?

Errepidetik alde egiteko aitzakia izan zen mendian korrika hastea. Bide bazterretan eta autoen artean ibiltzea ez zitzaidan batere gustatzen. Askotan, Debatik Itziarrera igotzen ginen korrika, eta behin hara iritsita, aurrean Andutz [613 metro] mendia izaten genuen. Askotan esaten nion neure buruari: «Zergatik ez dut beste pauso bat ematen, eta hara igo?» Halaxe hasi nintzen. Aldapa gora oinez igo, eta beherantz korrika txikian jaisten nintzen, poz-pozik. Geroztik ez diot mendian ibiltzeari utzi.

Orduan oso emakume gutxi ibiliko zineten korrika, ezta?

Hala da. Orduan ez zen ia emakumerik ikusten korrika, ez mendian eta ez errepidean. Halere, inoiz ez dut jendearen hitz txarrik entzun. Jendea ohitu egin zen ni korrika ikustera. Gizonezkoekin ibili behar izaten nuen korrika, eta kezka nagusia zera izaten nuen: haiei nola jarraitu korrika! Pena handia ematen zidan ia emakumerik ez ikustea korrika.

Badakizu zenbat lasterketa korritu dituzun urte hauetan guztietan?

Ez, ez ditut kontatu. Esan dezakedana zera da: lasterketa asko errepikatu ditudala urte hauetan. Esaterako, Zegama-Aizkorri 11 aldiz egin dut, Camille Extremen hamasei aldiz egon naiz, Moliereseko maratoian bizpahiru aldiz, Canfrancekoa beste horrenbeste, Tena haranekoa ere egin izan dut...

Aipatu dituzun lasterketa guztiak oso gogorrak dira. Zergatik aukeratzen dituzu mota horretako lasterketak?

Nire gaitasunetara hobeto moldatzen direlako [barrezka]. Lasterketak azkarrak direnean, denak abiada bizian joaten dira. Horrelakoetan, zera pentsatzen nuen; «Zer egiten dut hemen?» Orain, mota horietako lasterketetara ez naiz joaten. Beldurra ematen dit azkena joateak! Inoiz ez dut azken postuan amaitu lasterketa bat, eta ahal dudan heinean horrela jarraitu nahi dut.

Zeure buruari asko exijitzen al diozu oraindik ere?

Gaur egun, oraindik ere begiratu egiten dut aurreko urtean zein denbora egin nuen korritzera noan lasterketan. Egindako denborak jaisten saiatzeko irrika daukat oraindik ere. Urteak aurrera doaz, eta geroz eta zailagoa egiten zait denborak hobetzea. Halere, aurreko urtearekin alderatuz denbora asko ez badut galtzen, konformatzen naiz.

Orain dela 20 inguru minbizia ere pasatzea tokatu zitzaizun. Dena amaitu zela pentsatu zenuen?

Eskuin bularrean atzeman zidaten, eta, zorionez, oso ondo eraman nuen. Esaten dizutenean sentitzen duzu kolperik gogorrena. Minbizia hitzak berak errespetua ematen du. Kolpetik jaso nuen albistea medikuaren ahotik, eta, hurrengo egunean, ebakuntza egin zidaten Donostian. Gaitza ez neukan oso zabalduta gorputzean, eta osatze prozesua ere oso azkarra izan zen. Zorte handia izan nuen jende askorekin alderatuta.

Tratamendu jasotzen ari zinenean ere ez omen zenuen kirola albo batera utzi.

Ez, eta bitxikeria bat ere kontatuko dizut. Erradioterapia saio batean makina matxuratuta zegoela aipatu, eta ez joateko eskatu zidaten hurrengo egunetan. Asko pentsatu gabe, Gavarniera [Frantzia] joan nintzen senarrarekin eskiatzera. Oraindik ere gogoan daukat zein gustura ibili ginen elurretan! Hor ikusten da ez nuela albo kalterik izaten tratamenduak iraun zuen bitartean. Kirola egiteak asko lagundu zidan azkar errekuperatzeko.

Asko zaintzen al duzu zeure burua?

Beti izan naiz zaintzekoa. Urte askotan dieta makrobiotikoa egin izan dut, eta, orain, berriz, baztertu egin dut. Asko irakurtzen dut, eta orain arteko gauza batzuk aldatu beharrean izan naiz. Elikaduran gauza batzuk kendu, eta beste batzuk gehitu ditut. Baraualdiak egiten ere ohituta nago. Lehen inoiz ez nuen gantzik jaten, baina, orain, berriz ere hartzen hasi naiz. Gauza guztiak ez dira erabat zehatzak.

Nolakoa da kirola egiten duzun egun arrunt bat?

Egunsentiarekin batera jaikitzen naiz, eta, jarraian, yoga saio bat egiten dut. Ordu erdiko edo ordu laurdeneko saioa izaten da, denboraren arabera. Eguzkia nola ateratzen den ikustea izugarri gustatzen zait, eta horretarako ere ederki etortzen da yoga. Hura amaitzean, ura edaten dut kurkumarekin, jengibrearekin, piper hautsarekin eta gatzarekin nahastuta. Ondoren, korrika egitera ateratzen naiz. Bi ordu inguruko saio bat izaten da, flysch aldera edo Mutriku aldera. Korrika saioa amaitzean, bazkaria prestatu, eta alabarekin eta bilobarekin bazkaltzen dugu etxean. Arratsaldeetan, askotan baratzean amaitzen dut. Hango lanak amaitzen ditudanean, goiz afaldu, atseden pixka bat hartu eta ohera joaten naiz.

Korrika munduan izan al duzu erreferenterik?

Pertsonak baino gehiago, balentriak izan dira gehienetan erreferente nagusiak: Juanito Oiartzabalek eta Edurne Pasabanek hamalau zortzimilakoak igotzea, esaterako. Edo zer esan Kilian Jornetek egin dituen markez! Nik, aldiz, inoiz ez dut zortzimilako batera joateko irrika berezirik izan. Sei edo zazpi bidaia eginak ditut Hego Amerikara, eta seimilako batzuk igota dauzkat, esaterako, Andeetan, Aconcagua [6.961 metro], Pissis [6.792 metro], Ojos del Salado [6.893 metro], Huascaran [6.768 metro]... Cervino [Alpeak, 4.478 metro] ere igota daukat. Bere garaian zortzimilako batera joateko aukeraren bat izan banu, ez dakit zer egingo nukeen.

Zu, berriz, askorentzat erreferente zara gaur egun. Zer sentitzen duzu horrelakoetan?

Ez dakit ba zer esan! Camille Extremen, esaterako, lehen emakumearen sariari nire izena jarri diote, eta nik eman behar izan nion irabazleari saria; aurten, Oihana Kortazarri. Niretzat ohorea izan zen hura bezalako korrikalari bati saria eman ahal izatea. Oso pozgarria da gaur egun Kortazar, Oihana Azkorbebeitia eta halako emakume korrikalariak munduan barrena hain maila onean korrika ikustea.

Lasterketetako egutegia nola antolatzen duzu?

Ez dut ezer zehatzik bilatzen. Askotan, lasterketa bera aitzakia izaten da alabarekin egun batzuk kanpoan pasatzeko, esaterako, Canfrancen edo Tena haranean. Hara joan, egun batzuk bertan igaro, eta lasterketa jokatzen dugu. Ezin diogu gehiago eskatu bizitzari.

Hainbeste urtez hain osasuntsu egoteko zein da sekretua?

Kirola egiten jarraitzea da garrantzitsuena. Ni kirol asko egindakoa naiz. Korrika ez bada, bizikletan ibiltzen naiz, edo bestela eskiatzera joaten naiz. Gainera, zoria alde izan dut, ez baitut lesio larririk izan nire ibilbidean. Belaunak ere oraindik ondo dauzkat edozertarako.

Oraindik ere lasterketetan gorputza estutzea gustuko omen duzu.

Bai, oraindik ere gorputzari zukua ateratzen saiatzen naiz. Ahal dudanean bihotzari estualdi bat ematen saiatzen naiz lasterketetan. Aldapan gora pixka bat estutu, berriro ere lasaitu, beste estutu bat eman...

Udan jokatutako hainbat lasterketatan omenaldiak egin dizkizute. Gustuko al dituzu?

Ez naiz omenaldiak jaso zalea, baina ilusioa egiten didate. Esker oneko omenaldiak dira denak ere, eta, alde horretatik, eskerrak eman besterik ez Camille Extremeko eta Ubidestroi lasterketetako antolatzaileei. Ahal dudan bitartean, bi lasterketa horietan parte hartzen jarraitzea gustatuko litzaidake.

Kasu askotan, halako omenaldiek erretiroa iragartzen omen dute. Zure kasua al da?

Ez nuke nahi! Ez dut horretan pentsatu ere egiten. Ahal dudan bitartean korrika egiten segitu nahiko nuke, eta hura amaitzean, oinez behintzat joan nahiko nuke mendira. Badakit korrika egitearena ez dela betirako izango, baina ez dut uste mendia alboratuko dudanik. Oraindik ere gauza asko ditut egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Asteazkenean egindako finalaren aurkezpena. ©EUSKADIKO HERRI KIROL FEDERAZIOA

Gazteenak dira hautagairik behinenak

Jon Ander De la Hoz

Federazioaren aizkolari txapelketako finala jokatuko dute bihar, Bilbon. Iazko bost finalista berriz ariko dira; Basozabal da berria

Cody Gakpo aurrelari herbeheretarra, Hernan Galindez atezain ekuadortarra gainditu nahian, atzo, Dohako Khalifa jokatutako partidan. ©RUNGROJ YONGRIT / EFE

Erdibidean geratu dira

Julen Etxeberria

Herbehereek, Ekuadorrek eta Ingalaterrak lehenbiziko aukera galdu dute final-zortzirenak jokatzeko. Senegalek Qatarri irabazi dio, eta lehiatik at utzi du
 ©ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Munduko Kopan lortu du oihartzuna

Zuriñe Iglesias Sarasola

Herve Renard Saudi Arabiako hautatzaileak ospea irabazi du Munduko Kopan Argentinaren aurka irabazi ostean. Tituluak, ordea, Afrikako selekzioak zuzenduz lortu zituen aurretik.
Txirrindulariak, basamortuan barrena, 2010ean Qatarren jokatu zen emakumezkoen Itzulian. ©IAN LANGSDON / EFE

Tori dirua, eta itxi begiak

Julen Etxeberria

Hainbat herrialdek urteak daramatzate kirolaren bidez euren burua nazioartean zuritu nahian. Ekialde Hurbilekoak dira nagusi, eta, horien artean, Qatar.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.